}

Genetikak eta birusek diabetesean nola eragiten duten ulertzeko aurrerapauso bat

2023/07/10 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

genetikak-eta-birusek-diabetesean-nola-eragiten-du
Arg. TheDigitalArtist/Pixabay

I motako diabetesa izateko joera genetikoarekin lotuta dagoen RNA ez-kodetzaile luze bat karakterizatu dute Biocruceseko, Biodonostiako eta EHUko ikertzaileek, eta ikusi dute pankreako beta zeluletan infekzio birikoen aurkako erantzunean parte hartzen duela. ARGI deitu diote: antiviral response gene inducer.

I motako diabetesa gaixotasun kroniko atuoimmune konplexua da, eta genetikoki joera duten pertsonetan garatzen da, ingurune-faktoreen eraginez. Ingurune-faktore horietako bat birusak izan litezke: “Gure hipotesi nagusia da infekzio birikoek gaixotasuna garatzea eragiten dutela”, azaldu du Izortze Santín Gómez ikertzaileak. “Uste dugu joera genetikoa duten pertsonetan, pankreako zeluletako infekzio birikoek eragiten dutela gaixotasunaren lehen faseetan ikusten den hantura”.

Hain zuzen ere, lan honetan ikusi dute ARGIn I motako diabetesa izateko joeraren aldaera genetiko bat dagoenean, erantzun antibirikoa desorekatu egiten dela, eta zelula immune gehiago erakartzen dituela horrek. Hala, kasu horietan, infekzio birikoek hantura handiagoa eragiten dute pankrean. 

RNA ez kodetzaileek funtzio garrantzitsuak betetzen dituztela erakutsi du lan honek. “Gaixotasun autoimmuneekin lotutako polimorfismo gehienak genomaren eskualde ez kodetzaileetan daude”, azaldu du Santínek. “RNA ez kodetzaile horiek aztertzea ezinbestekoa da gaixotasun horien garapenean eragiten duten faktore genetikoak hobeto ulertzeko”. 

“Lan honetan lortutako informazioak etorkizunean prebentzio-estrategiak eta estrategia terapeutikoak diseinatzeko balio dezake”, gehitu du Santínek. “Joera genetikoa duten pertsonetan, enterobirusen kontrako txertoak jartzeak diabetesaren garapena ekidin edo atzeratu ahalko luke. Eta, ARGIren adierazpena modulatuz, infekzio birikoek pankreako beta zeluletan duten eragina ekidin ahal izango litzateke”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia