}

Garuneko beste zelula batzuk neurona bilakatzeko teknika berri bat

2020/06/24 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

garuneko-beste-zelula-batzuk-neurona-bilakatzeko-t
Giza astrozito bat. Arg. Bruno Pascal / CC-BY-SA

Garuneko beste zelula batzuk neurona funtzional bilakatzea lortu dute saguetan eta giza zelula isolatuetan, pauso bakarreko teknika berri bat erabiliz. Parkinsonaren sagu ereduetan gaitzaren sintomak leheneratzea lortu dute teknika horrekin, eta ikertzaileek uste dute gaixotasun neurodegeneratiboak tratatzeko bide berri bat izan litekeela. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Birsorkuntza-medikuntzaren helburu nagusietako bat da asaldura neurodegeneratiboetan galtzen diren neuronak ordezkatzea, eta neurona berriak zirkuitu neuronaletan integra daitezen lortzea. Parkinsonaren kasuan, adibidez, garuneko eremu batzuetan neurona dopaminergikoak galtzen dira. Bada, ikerketa berri honetan erakutsi dute garunean ugariak diren zelula batzuk, astrozitoak, neurona dopaminergiko bihur daitezkeela.

Astrozitoek PTB izeneko proteina bat sortzen dute, eta proteina horrek eragiten du, hain zuzen ere, astrozitoak neurona ez bilakatzea. Hala, parkinsonaren sagu ereduetan, gaitzak eragindako eremuko astrozitoei PTB proteina kenduta, ikusi dute neurona guztiz funtzional bilakatzen direla, murriztutako neurona-zirkuituak birpopulatzen dituztela, eta, ondorioz, dopamina-maila eta funtzio motorrak leheneratzen direla. Horrez gain, PTB proteina aldi baterako ezabatzeko metodo eraginkor bat ere topatu dute: proteina sortzeko informazioa daraman RNA mezularia blokeatzen duten oligonukleotidoak erabiltzea. 

Hala ere, ikertzaileek ohartarazi dute teknika hau gizakietan erabiltzeko gehiago ikertu beharra dagoela. Esaterako, teknika aplikatu zaien astrozitoen % 65 inguru ez dira neurona bilakatu, eta hori hobetu beharko litzateke. Bestetik, aztertu beharko da PTB proteinak ezabatzeak, edo horretarako erabilitako teknikak, albo-kalterik baduten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia