ExxonMobilen eredu klimatikoek zehaztasunez iragartzen zuten klima-aldaketa, duela 45 urte
2023/01/12 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
ExxonMobil petrolio-konpainiak 1977tik aurrera garatu zituen eredu klimatikoek zehaztasunez iragartzen zuten berotze globala. Konpainia horren proiekzio klimatikoak kuantitatiboki ebaluatu dituzte Harvard Unibertsitateko eta Postdam Institutuko ikertzaileek, eta ondorio horretara iritsi dira.
2015ean kazetariek argitara atera zuten, konpainiaren barne-dokumentuen arabera, jakitun zirela erregai fosilek berotze globala eragin zezaketela, eta horrek ondorio larriak izan zitzakeela ingurumenean. Gerora, konpainiaren dokumentuetan oinarritutako ikerketa gehiagok iradoki dute konpainiako zientzialariek garbi jakinarazi zutela klima-aldaketa erreala zela, eta gizakiak eragina zela; eta salatu zuten, informazio hori izan arren, ExxonMobilek klima-aldaketa ukatzen zuten mezuak zabaltzen zituela. Konpainiak, berriz, orain arte ukatu egin du halako informaziorik zutenik.
Orain, Science aldizkarian argitaratu duten lan berri batek berretsi egiten du aurreko ikerketek erakusten zutena. Kasu honetan konpainiaren dokumentuetako zenbakiak aztertu dituzte. Zehazki, 1977 eta 2003 artean ExxonMobilek egindako proiekzioak ebaluatu dituzte, eta ikusi dute proiekzio gehienek (% 63-83) zehaztasunez iragarri zutela gerora gertatu dena; eta eredu horiek garai hartan akademiak eta gobernuek zituztenak bezain onak zirela. Hain zuzen ere, beste eredu haiek bezalaxe, ExxonMobilek ere iragarri zuen hamarkadako 0,2 °C igoko zela tenperatura.
Gainera, zuzen ibili ziren CO2-aren eraginez izotz-aro bat etor zitekeen baztertzean; ongi iragarri zuten 2000 ± 5 urtetik aurrera detektatu ahal izango zela gizakiak eragindako berotze globala; eta nahiko ongi zenbatetsi zuten zenbat CO2 isur zitekeen berotzea 2 °C-tik behera mantentzeko. Puntu horietako bakoitzean, ordea, konpainiak egindako adierazpen publikoak kontraesanean zeuden euren datu zientifikoekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia