Elhuyar zientziaren komunikazioa

Entzun Zientzia.net

Europako hondakin plastikoen argazkia

2008/03/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Plastikoz inguratuta bizi garela begi-bistakoa da. Plastiko-ekoizpenak eta -kontsumoak izugarri egin dute gora. Horiek birziklatzeko arazoak, berriz, oraindik asko dira, eta, gaur egun, sortzen diren hondakin plastikoen % 39 soilik berreskuratzen da.

Europako hondakin plastikoen argazkia
2008/03/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Artxibokoa; Gaiker-Ik4)

Gaiker-Ik4 zentro teknologikoak plastiko edota polimero horiek berreskuratzeko gaur egun erabiltzen diren prozesuen eta garatzeko bidean daudenen ingurumen-abantailak eta -desabantailak aztertu ditu, Europako Batzordeak hala eskatuta. Ikerketa horrek Europako Batasuneko herrialdeetako hondakin plastikoen nolabaiteko 'argazkia' ateratzeko balioko digu.

Horretarako, Europako Batasunean 2005ean sortu diren eta etorkizun hurbilean (2015erako) sor daitezkeen erabilitako sei plastiko motatako hondakinen konposizio plastikoaren inbentarioa egin dute: ontziak, etxeko zaborra, gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinak, erabiltzen ez diren ibilgailuak, nekazaritzarako hondakinak eta eraikuntza- eta eraiste-hondakinak. Alegia, hondakin plastiko horietako polimero ohikoenak zein diren zehaztu dute. Batetik, ikusi dute dentsitate txikiko polietilenoa (LPDE) dela hondakin plastiko horietan gehien agertzen den polimeroa. Eta aurrerantzean ere hala izango dela susmatzen dute; izan ere, polimero hori asko erabiltzen da, besteak beste, ontziak eta bilgarriak egiteko. Bestetik, litekeena da polietileno tereftalatoaren (PET) eta polipropilenoaren (PP) erabilera nabarmen haztea datozen urteotan, ontzietan eta automobilgintzan nahiz sektore elektriko-elektronikoan gero eta gehiago erabiltzen baitira, hurrenez hurren.

Datuen arabera, eta sei plastiko-mota horien hondakinak kontuan hartuta, 23,6 milioi tona hondakin plastiko bildu ziren 2005ean; 34,8 milioi tona biltzea aurreikusten dute 2015ean.

Hainbeste plastiko-mota eta erabilera egoteak are gehiago zailtzen du birziklapena.
Gaiker-Ik4

Horren harira, gaur egun hondakin plastikoak tratatzeko erabiltzen diren eta oraindik ere laborategi mailan nahiz esperientzia pilotu gisa garatzen ari diren teknologiak aztertu dituzte. Horietatik guztietatik, egungo hondakin plastikoen berreskuratze-maila areagotzen lagunduko duten teknologiak aukeratu dituzte, hala nola birziklatze mekanikoa eta birziklatze kimikoa, eta balorazio energetikoa eta bakoitzaren ezaugarri teknikoen eta ingurumen-zerbitzuen azterketa sakonagoa egin dute. Baita herrialde bakoitzean teknologia horiek martxan jartzea errazten edo mugatzen duten baldintzen eta legediaren azterketa ere; besteak beste, hondakin horiek biltzeko herrialde bakoitzeko azpiegiturak, hondakin horien osaera eta kantitateak aztertu dituzte. Azkenik, hondakin plastikoen berreskuratze-lanek sortzen duten ingurumen-inpaktua neurtu dute.

Plastikoak birziklatzeko arazo nagusietako bat da birziklapen-instalaziora beste produktu batzuekin nahasita iristen dela plastikoa. Garraioa ere oztopo bat da birziklapenaren aldeko apustuarentzat, garraio-kosteak zenbait prozesuren bideragarritasuna eragozten baitute. Gaiker-Ik4 zentro teknologikoak landutako txostenean ikus daitekeenez, herrialde batzuen eta besteen artean alde handia dago legediari eta baliabideei dagokienez.

Ondorio nagusiak

Europako Batasuneko hondakin plastikoen inbentarioa egiteko orduan, berriki Europako Batasunean sartu diren herrialdeetan sortzen eta tratatzen diren hondakinen bolumen-datuak eman dituzte faltan bereziki.

Ikerketa horretan aztertutako sei hondakin-mota horietatik, ontzien alorra da dokumentazio gehien biltzen duen alorra. Urtetik urtera Europako Batasunean jasotzen diren txostenen arabera, 2003an herrialde gehienek bete zuten ontzien hondakin plastikoak birziklatzeko gutxieneko maila, % 15 alegia (Finlandia salbu).

Hondakin plastikoak, besteak beste, birziklatze kimikoarekin berreskuratzen dituzte Gaiker-Ik4 zentro teknologikoan.
Gaiker-Ik4

Gailu elektrikoen eta elektronikoen eta erabiltzen ez diren ibilgailuen hondakin plastikoen kasuan, Europa mailako legedia orokorraren eraginpean daude. Legedia horren helburuak dira hondakin horiek birziklatzea, berrerabiltzea eta berreskuratzea. Horri esker, osagai plastikoen birziklatze-maila eta berreskuratze-maila nahiko altua izatea lortu nahi dute. Dena den, legedi hori ontzien hondakinen legedia baino berriagoa da, eta, beraz, oraindik ez dago sortzen diren eta tratatzen diren mota horietako hondakin plastikoen daturik.

Eraikuntza eta eraisteetako eta nekazaritzako hondakin plastikoen kasuan, berriz, ez dago hondakin horiek erregulatzen dituen Europa mailako lege orokorrik, eta sortzen diren hondakinen bolumenaren berri ematen diguten datuak eta azterketak tokian tokikoak izaten dira; noizbehinka, nazioetako datuen berri ere jasotzen da.

Espainiaren kasuan, esaterako, hondakin plastiko gehien sortzen dituen bosgarren herrialdea da, eta gutxien berreskuratzen dutenetako bat. Badago zer egin, beraz.

Kortabitarte Egiguren, Irati
3
240
2008
3
030
Birziklatzea; Ingurumena
Artikulua
30
0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago
DokuSare bidez

Elhuyar sarean

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila