}

Elhuyarrek hainbat ikastetxetako gazteak elkartu ditu Beasainen jasangarritasunaren inguruan hausnarketa egiteko

2024/04/12 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

elhuyarrek-hainbat-ikastetxeetako-gazteak-elkartu

Hernani BHI-ko, Txindoki BHIko eta La Salle Beasain ikastetxeko gazteak Beasaingo Igartza Jauregian elkartu dira. Urtean zehar ikertzaile profesionalekin batera egin dituzten ikerketen berri eman diete elkarri eta jasangarritasunaren inguruan hausnarketa egin dute. Bertan izan dira ere antolatzaileak, Elhuyarreko STEAM hezkuntzako kideak, eta ekimenaren babesleak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak.

Honako ikerketak egin dituzte Beasainen elkartu diren gazteek:

  • Txindoki BHIko gazteek, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako “Materialak eta teknologiak” ikerketa-taldearekin batera “Material berriztagarriak: artilea” proiektua egin dute. Bertan, artilea hondakin izatetik material berriztagarri izan daitekeen aztertu dute, besteak beste eraikuntzan erabiltzeko.
  • La Salle Beasain institutuko gazteek, “Airearen kalitatea fitoarakatzen” proiektua egin dute Agrobiologiako Institutua / IDAB – CSIC-ko “Nekazaritza jasangarria eta biomonitorizazioa” ikerketa-taldearekin. Landareen bidez euren inguruko airearen kalitatea nolakoa den ikusi dute.
  • Hernani BHI-ko gazteek, sugandilak behatu dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia arloko ikertzaileekin batera.

Beasainen bildutako gazteez gain, ikasturte honetan zehar, Gipuzkoako 500dik gora gaztek parte hartu dute ikerketa errealetan. Prozesu horretan ikertzaileen laguntza izan dute. Honi esker edukietan sakondu dute eta ikerketa mundua gertutik ezagutu dute. Ikasturte amaieran, Elhuyar Zientzia Azokan aurkeztuko dituzte proiektuak.

Proiektu hauek Elhuyarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntzarekin kaleratutako “Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko” liburuxka-n bilduta daude.  Hezkuntza eta ikerketa arloko profesionalen arteko emaitza da liburuxka eta jasangarritasuna eta ingurumen-larrialdia gelan lantzeko ideia gakoak aurkeztearekin batera, ikertzaileek proposatutako 20 proiektu inspiragarri daude.

Beasaingo gazteen topaketako argazki guztiak: argazkiak

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia