Elhuyar Zientzia, emakume zientzialarien plaza
2023/03/08 Elhuyar
Martxoaren 8an eta egunero, ikuspegi feministatik lantzen dira gaiak Elhuyarren hedabideetan. Otsailaren 11n Emakume eta neska zientzialarien nazioarteko eguna ospatzeko argitaratutako edukiak gogoraraziz ospatu nahi dugu martxoaren 8ak ere. Emakume zientzialariei ahotsa eta tokia emanez, haien ekarpenak eta iritziak jasoz, eta erreferente emakumezkoak sortuz, zientziaren komunikazio feminista egiten baitu egunero Elhuyarrek. Hemen, horren lekuko diren hainbat eduki:
Elhuyar aldizkariak bederatzi urte daramatza Ekinean atala argitaratzen hilero. Ia ehun neska ikertzaile gazteren eta, bestelako arrazoiengatik ere, bazterrean geratzen diren zientzialarien bizipenak jaso ditu. Lekukotza zuzenak utzi ditu atalak zientziaren botereaz, emakumeen lanak izaten duen aitortza-faltaz, bidean topatutako zailtasunez eta emakume gazteen begiradaz.
Teknopolis telebista-saioak adimen artifizialean dagoen genero-alborapenari erreparatu zion otsailaren 11an, EHUko Elena Lazkano eta Olatz Arbelaitz informatikarien eskutik. Eta Oraiko ingeniariek garatutako sistema erakutsi zuten, adimen artifizialaren bidezko itzulpengintza automatikoan gertatzen diren alborapenak zuzentzeko.
Norteko Ferrokarrila irratsaioak mahai-inguru bat antolatu zuen egun berean. Kristina Zuza fisikariak, Nadia Conlledo biologoak, Eli Alberdi matematikariak eta Verónica González fisikariak hartu zuten parte. Laurak, emakume zientzialariak.
Ezin ahaztu Uhin Ultramoreak podcast feminista ere. Hamabostean behin eta umorea lagun, ikuspegi feministatik begiratzen dio zientziaren gaurkotasunari. Horren lekuko, azken saioa, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan jasaten duten egiturazko diskriminazioaz.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia