}

Egur-ikatza antigoaleko moduan

1994/10/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Egur-ikatza ez da edozein zokotan egiten; betidanik horretarako erabili ohi den txondorrean baizik. Lazkao herritik atera eta ezkerraldean ikus daiteke Etxeberria Galdategiarena zen orubean. Basamortua dirudi gaur egun eta hortxe, lautada horren albo batetan, topatu genuen Lontxo Narbarte, Gipuzkoan egin den azken txondorrari azken ukituak ematen.
Txondor hau eraikitzeko pagoa erabili du nagusiki; batezbete 50.000 kilo egur.
IXI

Ekainaren hasieran eman zion su Lontxo Narbartek bere azken txondor honi, baina horretarako egin beharreko lanak hori baino lehenago hasi zirela kontatu zigun. Lehen lehena egurra biltzea da. Oraingorako bertara ekarri badiote ere, goizuetar honek ongi gogoratzen ditu garai bateko nekeak “Basoan gora eta behera ibili behar izaten nuen txondorra eraikitzeko behar den egurra biltzeko. Pagoa, haritza edo gaztaina nahiago izaten dugu, baina behin baino gehiagotan beste edozein egur erabili behar izan dugu, besterik topatu ezinean”.

Txondor hau eraikitzeko pagoa erabili du nagusiki; batezbeste 50.000 kilo egur. Kamioikadak bildu ditu Lontxok Lazkaoko orube honetan, eta ondoren, aizkora, zerramakina eta burdinziria erabiliz, guztia txikitu egin du. Izan ere, garrantzi handia ematen zaio egurra behar bezala mozteari, txondorraren egiturak hala eskatzen baitu.

Ekainaren hasieran eman zion su Lontxo Narbartek bere azken txondor honi, baina horretarako egin beharreko lanak hori baino lehenago hasi zirela kontatu zigun.
IXI

Hitz-lauz esatearren, txondorra ikatza egiteko eratzen den kono-formako egur-meta da. Definizio horrek, ordea, xinpleegia dirudi ikazkinak egin ohi duen lana ezagututa. Oso teknika zehatza behar du ikazkintzak, eta hori, Lontxok zioenez, ez da egun batetik bestera ikasten: “Gazte-gaztetatik aritu behar da horretan; ikatza egiten ikasterik ez baitago. Heldua izanik, ezin zaio inori erakutsi; odolean edo batek daki non idatzitako jakintza baita hori. Horrek penatu egiten nau; gaur egun ez baitago txondorra eraikitzen duen gazterik, eta, beraz, gure belaunaldiko azken ikazkin zaharrak joandakoan, gurekin eramango dugu tradizioa”.

Txondorra zutitzen hasi baino lehen egurra bildu, pilatu eta txikitu egin du Lontxok. Orain, txondorraren oinarria izango den sare moduko egitura osatu behar du, kontu handiz. Zutoina kokatuko du erdian gida moduan, eta horren inguruan, neurri bereko lau egur-puska; txondorraren kebidea osatuko dutenak. Hortxe kokatuko du Lontxok “alkate” izeneko makila luzea, hau da, txondorraren altuera zuzenduko duen ardatza.

Argazkiko Lontxo Narbarte goizuetarra dugu Gipuzkoan egin den azken txondorraren egile eta zaindaria. "Gure belaunaldiko ikazkin zaharrak joandakoan, gurekin eramango dugu tradizioa" dio penaz Lontxok.
IXI

Txondorraren barne-euskarriak kokatu eta gero, behetik gora hasiko da eraikitzen, enbor lodienak azpian, zenbat eta gorago, hainbat eta meheagoak kokatuko dituelarik. Kanpotik ikusita, armiarma-lana irudi lezake txondorraren egiturak, eta hein handi batean, halakoa dela aitortu zigun Lontxok: “Kontu handiz ibili behar izaten da txondorraren egitura ongi antolatzeko. Askotan gertatu izan zaigu, lan hori bukatu eta gero, su eman orduko zizti-zazta, guztiak behera egitea. Arrazoi askorengatik gerta daiteke hori, baina horietarik nagusia, egurra gaizki kokatu izana da”.

Barne-egitura altxatu ondoren, txondorra estali egiten da. Basoan bildutako orbela, adar txikiak eta zotala ezarriko ditu ikazkinak egur-metaren gainean, egitura mardula osatuz. Oso garrantzitsua da guztia ondo estaltzea; su eman eta gero, poliki-poliki egosi beharrean, haizea sartuko balitz, erabat erreko bailuke txondorra eta dena alferrik galdu. Hau guztia egin eta gero zulo txiki batzuk irekiko ditu Lontxok txondorraren inguru osoan, hortik kea atera dadin. Barruko suak eragingo dituen zulo handiak, ordea, zotalez estaliko ditu agudo; guztia errauts bihurtzeko arriskua sortzen baitute. Prozesuan zehar, haizearen nondik-norakoa ongi aztertuko du ikazkinak; zeharka joz gero auspoarena egingo baitu, egindako lana deuseztuz.

Argazki honetan ikazkinaren tresna batzuk ikus daitezke: 1. zurubia, 2. bereikia, 3. eskuarea, 4. astoa eta 5. kapazua.
IXI

Su ematea besterik ez da falta. Horretarako, oinarriarekin batera kokatu duen alkatea goiko zulotik tirata atera egingo du Lontxok: “Inoiz gertatu izan da alkatea kentzean txondorrak behera egitea. Kontu handiz jokatu behar da horretan ere. Kebidea edo “egurraren labea” deitzen duguna garbi azaltzen baldin bada, ordea, lasai piztu dezakegu; egitura sendo eraiki dugula esan nahi baitu horrek”. Konoaren tontorretik txingarra sartzen da eta jarraian latorrizko tapakiaz estali egiten da. Ordu gutxiren buruan, kea dariola ikusiko dugu txondorra eta barruko egurra eraldatzen hasiko da. Egur-metaren barnean gertatzen den prozesua ura galtzea da: poliki-poliki suak ura xurgatuko dio egurrari eta ikatz bilakatu da. Egurra, beraz, ez da erreko; pixkana- pixkana egosiko baizik.

Egunak igaro ahala, txondorraren kono-forma desitxuratu egingo da, altuera galduz. Egurra egosi bitartean, ikazkinak txondorra “elikatzen” segituko du, suak zabaldutako zuloak estali eta egosketa burutu arte enbor txikiagoak sartuz. Une honetara iritsita, nola daki txondorgileak egur-ikatza prest dagoen edo ez? “Kearen kolorea iluntzen denean somatzen da —dio Lontxok—, baina arreta handiz jokatu behar da honetan ere; txondorra irekiz gero, galduta baitago barrukoa, ikatza izan ala egurra izan”. Sardeaz edo hiruhortzekoaz zabaldu egiten da txondorra, eta hortxe azalduko da hainbeste kostatako ikatz beltza.

Hasierako 50 tona horietatik zenbat egur-ikatz lortuko duen ez daki Lontxok. Berak aitortu zigunez, ez baitago jakiterik: “Baten batek kalkula lezake proportzioa, baina apostu egingo nuke gaizki aterako zaiola. Egur-kantitate berbera erabilita ere, ez zenuke beti ikatz-neurri bera lortuko. Ez da egurraren arabera bakarrik izango: egurra ongi kokatu ote duzun, zenbat ur galdu duen, haizeak egosketa azkartu ote duen... horrek guztiak, azkenean, eragin zuzena izango du”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia