}

Duela 27.000 urteko artisten harreman-sareak azaleratu dituzte

2020/10/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

duela-27000-urteko-artisten-harreman-sareak-azaler
Bisonteen buruak irudikatzen dituzten grabatuak, Aitzbitarte V haitzuloan. Arg. Diego Garate Maidagan

Aitzbitarteko haitzuloetan (Errenteria, Gipuzkoa) 2016an aurkitutako grabatu batzuk Europako beste 17 kobazulotako grabatuekin alderatu dituzte, eta  ondorioztatu dute grabatuak egiteko moduak eta haien banaketak bat egiten dutela orain dela 27.000 urte ohikoak ziren lanabes batzuenarekin. 

Diego Garate Maidagan ikerketa-buruak azaldu duenez, Aitzbitarteko III, V eta IX kobazuloetan aurkitutako grabatu batzuk Kantauri isurialdean orain arte ikusi gabeko era batean eginda daude: “Grabatuak egiteko moda moduko bat izango litzateke, gaur egungo Frantziako hegoaldean edota Mediterraneo aldeko zenbait eremutan ohikoagoa dena.” Kantauri isurialdeko gainerako lurraldeetan, berriz, orein-eme gorriak margotzen zituzten, hatzaren bidez.

Aitzbitarten aurkitutako grabatu gehienak bisonteak dira, eta moda horren berezitasuna adarrak edota hankak aurrez ikusita bezala egitean, eta ilearen eta apatxen xehetasunetan datza. Analisi estatistikoz, Europan zehar aurkituriko beste irudi batzuekin alderatu dituzte, eta horrela frogatu dute irudi horien banaketak eskualde horretan duela 27.000 urte ohikoak ziren erraminta batzuenarekin bat egiten duela.

Joseba Rios Garaizarren esanean, estilo horren banaketa bat dator Noailleseko beranen eta Isturitzeko puntenarekin. Lanabes horiek duela 31.000-29.000 urte agertu ziren mendebaldeko Pirinioetan; gerora ekialderantz zabaltzen hasi zirenak, gaur egungo Frantzia alderantz; eta azkenean Mediterraneo aldera heldu ziren. Han daude estilo artistiko horretako adibiderik berantiarrenak. Horrenbestez, “baziren distantzia handiko elkartruke kulturalerako harreman- sareak”, nabarmendu du Garatek.

Ikerketan alderatu dituzten grabatuen kokalekua. Arg. Diego Garate Maidagan

Plos One aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta nazioarteko beste ikertzailei batzuek ere nabarmendu dute haren garrantzia: Chauvet kobazuloko proiektu-zuzendari eta Tolosako  Unibertsitateko (Frantzia) historiaurreko aditu den Carole Fritzek azaldu duenez, “benetako berritasun bat da Iberiar penintsulan era honetako grabatuak aurkitu izana”. Iritzi berekoa da Jose Luis Sanchidrián ere, Kordobako Unibertsitateko aditua: “Ikerketa horrek baieztatzen du, hormetako adierazpen grafikoari dagokionez, eskualdeen arteko elkar-harreman haiek oso garai zaharretatik existitzen zirela”.  

Historiaurrearen Ikerketarako Kantabriako Institutu Internazionaleko (IIIPC), Salamankako Unibertsitateko, Giza Eboluzioaren Ikerketarako Espainiako Zentroaren (CENIEH) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) zenbait ikertzailek parte hartu dute ikerketan, eta Felix Ugarte Elkarteko eta Aizpitarte Elkarteko espeleologoen laguntza izan dute. “Haien laguntzarik gabe, ondare hau gizateriarentzat ezezaguna izaten jarraituko luke”, onartu du Garatek.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia