}

Diabetes-kasuak bikoiztu egingo dira hiru hamarkadatan

2023/06/28 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

diabetes-kasuak-bikoiztu-egingo-dira-hiru-hamarkad
Arg. Photo Mix / Pixabay

2050erako, munduan 1.300 milioi diabetes-kasu baino gehiago izango dira, 2021ean erregistratutako kopuruaren bikoitza baino gehiago, ez bada estrategia eraginkorrik abian jartzen. Horixe da The Lancet eta The Lancet Diabetes and Endocrinology aldizkarietan argitaratu duten ikerketa-sorta baten ondorioetako bat. Azterketa horien arabera, egiturazko arrazismoa eta desberdintasun geografikoak dira joera kezkagarri horren arrazoi nagusiak.

Batez ere 2. motako diabetesak eragingo du gorakada hori, obesitateak gora egiten jarraituko duelako, eta aldaketa demografikoengatik. Gaur egun ere, kasu guztien % 90 mota horretakoa da. 

Gainera, azterketek agerian utzi dute egiturazko arrazakeriaren eta desberdintasun geografikoen eragina. Esaterako, herrialde aberatsetan adibidez, Estatu Batuetan, talde etniko minoritarioen diabetes-tasak 1,5 aldiz handiagoak dira zurienak baino. Eta, oro har, diru-sarrera txikiak eta ertainak dituzten herrialdeetan, eritasun horren ondoriozko heriotza-tasak diru-sarrera handiak dituzten herrialdeetakoak baino bi aldiz handiagoak dira. 

“Egiturazko arrazismoak eta desberdintasun geografikoak osasunaren determinatzaile sozialak areagotu eta larritu egiten dituzte, eta eragina dute diabetesa duten pertsonen arretan eta tratamenduan”, nabarmendu du The Lancetek editorialean.

Kalkuluen arabera, 2045ean diabetesa duten helduen hiru laurden baino gehiago diru-sarrera ertain eta txikiak dituzten herrialdeetan egongo dira, eta horien % 10ek bakarrik jasoko du arreta egokia.

Diabetesa hain azkar ugaritzen aritzea, kezkagarria izateaz gain, munduko osasun-sistema guztientzako erronka handi bat dela azpimarratu dute. Eta garbi utzi du editorialak: “Beharrezkoa da asmo handiko programa zabal bat, boterearen eta kolonizazioaren bideak mendeetan eragin dituen bidegabekeriei aurre egiteko”.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia