Desazkundea, mehatxu edo aukera
2022/03/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Coloradoko Unibertsitateko hainbat zientzialarik gizartea desazkunderako prestatzen hastea proposatu dute berriki. Izan ere, iragarpenek diote herrialde aberatsetako hazkunde ekonomikoa asko motelduko dela: biztanleria zahartzen ari delako, ekonomia produkzio-sistema batetik zerbitzu-sistema batera pasatzen ari delako, zor publiko zein pribatua eutsiezina delako... Ikertzaileen ustez, gure garaia —etengabeko hazkunde ekonomikoarena— anomalia historiko bat besterik ez da izan. Iraultza industrialean hasi, eta gure begien aurrean emango du bere azken hatsa. Gizakion historian inoiz izan den hazkunde ekonomikorik bortitzena izan da.
Sortu duen kolapso ekologikotik ateratzeko, ez da nahikoa teknologia berdeek egin dezaketen ekarpena. Karbono gutxiko teknologia guztien potentziala aztertu dute, eta teknologia horien hedapen baikorrena ere ez litzateke nahikoa izango 2050rako proiektatutako energia-eskaerari erantzuteko. Beraz, desazkundea gizarteak kontzienteki aukeratu dezakeen irtenbidea ere bada.
Houstoneko Unibertsitateko D. Vollrath ekonomia-ikertzailearen arabera, giza ongizatean izan diren aurrerapenek berek sortu dute hazkunde ekonomikoaren beherakada. Hain zuzen, emakumeek eskubideetan emandako aurrerapausoek ekarri dute jaiotze-tasa murriztea eta, beraz, eskulana gutxitzea; eta ondasun materialak hainbeste ugaritu izanak eragin du zerbitzu-ekonomiarantz aldatzea. Beraz, giza ongizateko aurrerapenek eragindakoa bada desazkundea, zergatik ulertu mehatxu gisa?
Arazo edo aukera, desazkundeak erronka ekonomiko eta sozial nabarmenak ekarriko dituela uste dute Coloradoko ikertzaileek, eta, prestatu ezean, ondorio gogorrak eragin ditzakeela. Hasteko, herrialde aberatsetan, belaunaldi hau izango da bere gurasoek baino aberastasun-maila txikiagoa izango duen lehenengo belaunaldia.
Desazkundeak ekar ditzakeen aukera eta erronkei buruz galdetu diegu Amaia Pérez Orozco ekonomialariari, Xabi Odriozola Ezeitza antropologoari eta Miren Vives Urbieta arkitektoari.
Berez eusten ez den bizimodua
“Ezinbestean, gutxiagorekin bizitzen ikasiko dugu. Materia gutxiago erabiliz, energia gutxiago erabiliz eta hondakin gutxiago sortuz. Desazkunde metaboliko bat egongo da, bai ala bai. Ez da guk aukeratu dezakegun zerbait”, dio Amaia Pérez Orozco Colectiva XXK taldeko ekonomialariak. “Jokoan dagoena da nola egingo den, hobeto antolatzeko eta hobeto bizitzeko baliatu nahi dugun”.
Izan ere, ekonomiaren oso ikuspegi murritza eta bidegabea dugula uste du Pérezek. “Ikusi behar dugu oraingo gure bizimodu honek ondasunak metatzea duela helburu, baina ez ongizatea. Eta metatzeak eskatzen du besteei kentzea, ezinbestean. Planetako beste muturrean daudenei baliabideak kentzea, hurrengo belaunaldiei ongizatea lapurtzea… Eta baita besteei bizitza-denbora kentzea ere, zeren bizitza laboralak eskatzen digun erritmoari jarraitzeko ezin baititugu egin bizitzak berezkoak dituen zaintza-lanak. Ezin ditugu etxekoak eta ingurukoak behar bezala zaindu. Beste norbaitek egin behar ditu oinarrizko lan horiek gure partez; besteen bizitza kontsumitu behar du. Ez da berez eusten den bizimodu bat”.
“Antolaketa ekonomiko berri bat behar dugu”, dio Pérezek. “Gizartean egiten den lanaren erdia merkatutik kanpo egiten da: zaintza-lan horiek, esaterako. Ezin dugu jarraitu lan hori guztia gutxiesten eta ez ikusiarena egiten. Zaintza-lanek energia eta denbora eskatzen dute. Antolaketa ekonomiko berriak, agian ordaindu ez, baina bere baitan hartu beharko ditu bizitzari eusteko behar ditugun prozesu guztiak. Oraingoak bizitza desegiten du”.
Giza ongizateak ez du zerikusi handirik aberastasunak pilatzearekin. Hainbat ikerketek erakusten dute gehiago asetzen gaituztela harreman sozialek, hezkuntzak, bizitzarekiko gogobeteta sentitzeak, lana eta bizitza pertsonalaren arteko orekak, gizartearekiko konpromisoak... Garrantzitsua da gizarteak giza ongizatea zer den birhausnartzea, desazkundearekin gerta bailiteke aurrerantzean ez egotea soldatapeko lana denontzat. Asteko lanorduak murriztu, eta lana denon artean banatu beharko da. Gure bizitza berregituratzea eska lezake.
“Guztiz berrantolatu beharko ditugu lanak”, uste du Pérezek. “Lehenik, pentsatu behar dugu zein diren beharrezkoak. Baina ez zeinek ematen duen aukera barne produktu gordina gehiago haz dadin; argitu behar duguna da zein diren gizarte modura ondo bizitzeko beharrezko ditugun lanak. Industriak eta teknologiak ez dute dena konpontzen. Agian, beharko ditugu osasun-sistemako lan gehiago, menpekoei arreta ematekoak, lehenengo sektorea jasangarria egiten dutenak…”
“Eta niretzat bada beste kontu bat gakoa dena eztabaida honetan: herritarrok jasotzen ditugun zerbitzu sozialak konpentsatzeko modu berriak pentsatu behar ditugu. Zergatik lotzen ditugu gizarte-eskubideak lan ordainduarekin eta Gizarte Segurantzan kotizatzearekin? Agian, osasun-sistema eta pentsioak eskubide unibertsalak izan beharko lirateke. Alegia, esango nuke desazkunderako prestatzeko modua dela bizitza desmerkantilizatzea, eta bizitza sostengatzeko behar ditugun egiturak kolektibizatzea”.
Erreforma fiskala
“Nola eutsi daitekeen hau monetarioki? Agian, gure buruari galdetu beharko geniokeena da nola sostengatu ditugun orain arte merkatu horiek, zaintzari dagozkion lan guztiak ikusezin bihurtuta eta baztertuta. Eta bigarren galdera da nola egin nahi dugun hemendik aurrera. Gero bilatuko dugu hori dena monetarioki sostengatzeko modua. Ezin du izan horrek lehenengo galdera”, dio irmoki Pérezek.
“Ekonomikoki bideragarria da, gainera. Baina, horretarako, botere korporatiboari boterea eta baliabideak kendu behar zaizkio. Nola? Erreforma fiskal sakon batekin. Iruzur fiskala eta paradisu fiskalak jazarri behar dira, eta enpresa handien fiskalitatea aldatu (ez baitute ia ezer ordaintzen). Erreforma fiskal batez igo ditzakegu sozietateen gaineko zergak, dirutza handien gaineko zergak, ondarearen gaineko zergak, eta errentaren gaineko zerga benetan progresibo bat ezarri, asko dutenek proportzioan ordaindu dezaten… Dirua lortzea ez da benetako arazoa. Eusko Jaurlaritzak Europako funtsei eskatu dien diru-kopuru bera lortuko genuke hemengo zerga-presioa Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatuta bakarrik”.
“Baina giltzarria prozesu politiko bat abiatzea da. Gizarteak aldarrikatu egin behar du. Zeren oraingo sinesmenetatik eta egituratik egiten badugu, non boterea eta erabakimena enpresa eta korporazio handiek duten, ez baikara inora iritsiko. Orain dagoen bezala, horrelako erreforma fiskal bat martxan jarriko bagenu, enpresa batzuk alde egitea erabakiko lukete, bai. Baina hau borroka politiko bat da, herritarrok presio politikoz abiatu behar duguna. Niretzat benetako galdera da zenbateko gaitasuna dugun presio kolektiboa egiteko. Prest gaude?”
Kapitalismoa mutatzen ari da
“Hain da sostengaezina oraingo antolaketa ekonomikoa, ezen kapitalismoa bere kabuz mutatzen hasia baita dagoeneko”, dio Pérezek. “Ikusiko dugun mutazioetako bat da desglobalizazio-prozesu bat gertatuko dela. Pandemian agerian geratu da mundu hiperkonektatu globalizatu hau hiperhauskorra ere badela. Hornidura-kate globalak ere arriskuan egon dira. Beraz, prozesu lokalagoak egiteko joera nagusituko da. Hain sistema handi eta konplexuak ito egin dira beren handitasun horretan. Hori bai, ez badiogu aurrea hartzen eta ez badugu presio politikorik egiten, kapitalismoak bere alde baliatuko du desazkunde-prozesua”.
Ingurumenagatik, faktore sozialengatik eta ekonomikoengatik ez ezik, subiranotasunagatik eta demokraziagatik ere desazkundea behar dela dio: “Finantza-zirkuituak handiegiak direnean, ezin dituzu ulertu ere egin. Eta nola emango duzu iritzia? Ustez ulertzen dituzten horien eskutan utzi behar ditugu. Bada, ez, gure herriko politikan ekonomikoki esku hartu ahal izateko, ekonomia gertuagokoa behar dugu”. Izan ere, ongizateak zerikusi handia du parte-hartze sozial eta politikoarekin.
Erresistentzia jarriko dugu
Litekeena da, ordea, prozesua erraza ez izatea. Jakin badakigu herrialde aberatsen bizimodua ez dela jasangarria eta guztiz bidegabea dela beste herrialdeekiko, baina asko kostako zaigu ustezko bizimodu pribilegiatu honi uko egitea. Erresistentzia handia jarriko dugu, ikertzaileen ustez. Beraz, desazkundea abiatzeko, gakoa da erresistentzia horren erraietara begiratzea.
Ikertzaileek uste dute desazkundean gizonezkoak sentitu daitezkeela mehatxatuenak. Hortik etor daiteke, beraz, aldaketarako erresistentzia nagusietako bat. Izan ere, litekeena da denentzako soldatapeko lanik ez egotea, eta, historikoki, lan profesionalak –eta horren bidez lortzen den estatus sozialak– eman die gizonezkoei balio pertsonalaren pertzepzioa. Hala, identitate-krisi bat izan dezaketela uste dute, gizarte-egitura patriarkalekiko nostalgia sentitzeraino.
“Gizarte patriarkal kapitalistan, gizonezkoari ekoizlearen rola esleitu zaio, hornitzaile materialarena. Familiak mantenu fisikorako behar dituen gauzak ekarri behar izan ditu, ohiturari jarraituz. Soldata, azken finean”, dio Xabi Odriozola Ezeitza antropologoak. Ia berrogei urte daramatza gizon-taldeak gidatzen eta patriarkatuaren eragina gizonezkoei ikusarazten. “Ekoizle, hornitzaile, babesle, menderatzaile... rol horietan heziak eta haziak izan gara txiki-txikitatik. Gauzak ekoizten dituenean, gizarteak aitortu eta txalotu egin izan du gizonezkoa, eta bere identitate maskulinoa horretan tinko eraikitzeko baliatu izan du. Eta rol hori jokatu ezin duenean, pitzadurak sortzen zaizkio bere identitate maskulinoan. Porrot egin duen gizonaren eredutik hurbil sentitzen da”.
“Beraz, gizonezkoek kapitalismo patriarkalaren desazkunde bat onar dezaten nahi badugu, oso aintzat hartu beharko da nola deseraikiko ditugun gizonezkoen hazkuntzarako eskema horren errotuak. Zeren, bestela, desazkundeak euren “desahalduntzea” ekarriko diela uler dezakete. Gizon bezala rol horiek bereganatzeko heziketa estua eta gogorra jasan ondoren, haietaz desjabetzeak beste prozesu bat eskatzen du. Hortaz, desazkundea egin aurretik, deshezkuntza-prozesu bat abiatu beharko genuke”, dio Odriozolak. “Eraispen-prozesu horretan gizonezkoek ikusi behar dute beren bizitzak zentzua duela ez egiten dutenagatik, baizik eta sortzez direnagatik; existitzeagatik, izate hutsagatik direla pertsona osoak eta baliotsuak. Hor beren balioa aurkitu behar dute, eta hezkuntza ez sexista eskaini behar zaie. Bestela, etengabe aurkituko dugu bota ezineko pareta bat gizonezkoengan, erresistentzia ikaragarria lortu dutenari uko egiteko. Inkontzienteki, hau sentituko baitute: “Ni ez nauzue desazkundetuko, nire hondamendia ekarriko duzue eta. Nekez lortu dudan guztia pikutara bidaliko duzue”.
Urrats hori egiteko kapitalismotik at kokatu beharko genukeela uste du Odriozolak. “Urte asko daramatzat gizonekin lanean, eraispen maskulinoaren oinarriak jartzen, eta kapitalismoak etengabe zapuzten ditu saiakerak, kapitalismoak hor behar dituelako gizonezkoak, kate ekoizle materialista eta sexista horretan itsuturik. Beste egitura sozio-ekonomiko bat eraiki behar dugu, zeinak aukera emango duen gizakiok geure burua balore gizatiarretan ulertzeko, eta produkzio-egitura horren balore suntsitzaileetatik kanpo”.
“Dena den, sistema ekonomiko honetan ez dago bakarrik gizona krisian, baizik eta gizakia. Emakumeen eskubideak ez dira aitortu; jende gaztea krisian dago inork ez dituelako hartzen serioski pertsona oso modura; eta adinekoak ere berdin, gizarteak ez duelako aintzat hartzen beren jakituria, beren ekarpena. Gauza bera koloreko pertsonekin, migratzaileekin eta indigenekin”.
Hirigintza eta garraio produktibistak
Etengabeko hazkunde ekonomikorako premiak gure izana baldintzatu duen moduan, haren dogmapean sortu dira gure egitura sozial guztiak ere. Hiriek eta garraio-sareak berak lotura estua dute egungo ikuspegi produktibistarekin. Hiri-eredu funtzionalista eta zatituak ditugu, batez ere lau esparru monofuntzionalen arabera antolatu direnak: lan egiteko esparruak (industrialdeak), bizitzeko esparruak, aisialdirako esparruak (merkataritza-gune handiak) eta batetik bestera mugitzeko errepide-sare indartsua (ibilgailu pribatuan oinarritua). Horrek osoki baldintzatzen du pertsonen bizimodua.
Honetan ere, eredu berriak bilatzeko garaia iritsi da. Eremu urbanoak naturalizatzea eta espazio publikoak giza harremanetarako espazio bihurtzea proposatzen du Miren Vives Urbieta arkitektoak. Hirigintza inklusiboa diseinatzen du, eta bizi-kalitatea izateko oinarrizkoak ikusten ditu biak.
“Espazio urdin eta berdeak ezinbesteko baliabideak dira osasunaren eta ongizatearen babeserako eta sustapenerako. Adibidez, orain, Alemaniako uholdeen ondorioz, eremu urbanoak birnaturalizatzea funtsezkoa bihurtu da Europa osoan. Urbanizazioetan lurra iragazgaitza izateak eragin zuen euri-jasaren ondorioz 200 pertsona hiltzea. Beraz, gune urbanoetan ahalik eta hormigoi gutxien erabili, eta lurra iragazkortzearen aldeko mugimendu oso indartsua sortu da. Belarra eta lurra sartuko da berriz. Boom bat izango da".
“Eta animalia sozialak garenez, espazio urbanoak jendearen sozializazio-beharra ase dezaten diseinatu behar dira: eserleku erosoak jarri behar dira nonahi, mahai asko, itzala egingo duten zuhaitzak, euriaz babesteko aterpe handiak, komunak, jolasteko aukera ematen duten egiturak, belarra, hondarra, bizikletentzako aparkalekuak…”
Hirien antolaketa produktibistak berriz ere kanpoan utzitako zaintza-lanak erdigunera ekarri eta gune urbanoen diseinuan integratzea aldarrikatzen du Vivesek. Esaterako, haurrek kalea berreskuratu ahal izatea, libre jolasteko. Edo auzoan ekipamendu komunitario txikiak sortzea: adibidez, hutsik dauden lokaletan adinekoentzat jangelak edo topaguneak sortzea.
Baina horrek guztiak benetan funtziona dezan, hirien egitura sakabanatua baztertzea da gakoa. “Orain, auzoak ez dira autonomoak eta osoak. Eremu monofuntzional eta huts horiek ez dira erakargarriak. Gizakioi gustatzen zaiguna da beste gizakiekin elkartzea eta konpartitzea. Beraz, nukleo txikiagoetako egitura multifuntzionalak sortzea da gakoa. “Hala, auzoan eta kilometro bateko erradioan izango lituzke jendeak beharrei erantzuteko behar dituen zerbitzuak. Oinez edo bizikletaz egiteko moduan”. Horrek, energia urbanoaren kontsumoa murriztu, eta nabarmen hobetuko luke airearen kalitatea.
“Ez dugu nahikoa baloratzen, baina Euskal Herrian herri askok tamaina ezin hobea dute. Batez ere, Gipuzkoan eta Bizkaian”, uste du Vivesek. “Europan ez bezala, oso egoera onean gaude auzo- edo herri-eskala hori lantzeko. Baina garrantzitsua da herrietako saltokiak ez ixtea. Bestela, dena galduko da. Babes ofizialeko etxebizitzak sortzen diren bezala, babes ofizialeko dendak edo ostalaritza sortu beharko dira, auzoak hori behar duela ikusten bada”.
Berrantolaketa honek, ordea, ezin du eskatu gehiago eraikitzea. Orain arte, herriak eta hiriak etengabe hazi izan dira bere burua finantziatzeko modua zelako gehiago eraikitzea. Bota ere ez dira egin behar eraikin zaharrak. “Eraikinak birgaitzea eta eraikita dauden auzo batzuk dentsifikatzea da gakoa: 70. hamarkadako langile-etxebizitza zaharrak ondo isolatzea, eguzki-panelak jartzea eta terraza aurrefabrikatu eder bat lotzea. Europatik datorren eredu sendoa da”.
Bestetik, mugikortasun-sareak berraztertu beharko dira: “Garraio publikoaren bidez izan beharko dute. Ibilgailu propioarena ez da jasangarria”.
Erronka esanguratsuak etorriko dira desazkundearen eskutik, hirigintzan, ekonomian zein antropologian. Etorkizunak esango du hobeto bizitzeko balio izan duten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia