}

Cumbre Vieja sumendia: erupzioaren gakoak

2021/09/22 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

cumbre-vieja-sumendiaren-erupzioaren-gakoak
Arg. Eduardo Robaina (CC BY-SA 3.0)

2021eko irailaren 19an La Palman hasitako erupzioak, biztanle asko ez ezik, Kanarietako Institutu Bolkanologikoko eta Espainiako Geologia eta Mehatzaritza Institutuko geologoak ere jarri ditu martxan. Ikuskizun geologikoaren erdian, dronak, sismografoak eta sateliteak dituzte lagun, eta labaren eta errautsen laginak hartzen ari dira, azterketa pretrokimiko zehatzak egin ahal izateko. Horri esker argitzen ari dira erupzioaren ezaugarriak eta izango duen eboluzioa.

Erupzio estronbiarra

Geologoek hainbat motako sumendiak eta erupzioak sailkatzen dituzte, eta horrek baldintzatzen du laba-ibaiak eta kono bolkanikoak eratzen diren, esaterako. Ohikoetako bat erupzio hawaiarra da, magma indar eta abiadura oso txikiaz ateratzen duten sumendiei erreferentzia egiten diena; estronboliarra ere ohikoa da, erupzioa jarraia duena, laba etengabe ateratzen duena eta noizean behin leherketa txikiak eragiten dituena; ezagunenetako beste bat vesubiarra da, arriskutsuena eta leherkorrena dena, barruan gordetzen duen gas-kopuru handiari esker. La Palmako erupzioa estronboliarra dela diote geologoek; horri esker atera ahal izan dira hango biztanleak garaiz eta arriskurik gabe.

Magma-gordailua

Berez, lurrazalaren azal gogorraren (litosferaren) azpian, lurraren mantua magma-gordailu bat da, hainbat forma eta lekutatik atera daitekeena. Geologoek 2017an jakin zuten magma gorantz ateratzen ari zela inguruotan. Hasieran, lurrazaletik 33 km-ra kokatu zen magma-gordailua; gero 10 km-ra zegoela jakin zuten; eta, denbora laburrean, azkar igotzen hasi zen. Azkenean, 2 km-ko sakoneran kokatu zen ohe magmatikoa, eta irailaren 11an hasi ziren lehenengo mugimendu sismikoak nabaritzen, lurrazala hausten eta magma ateratzen hasiko zen seinale. Zaila izaten da non hautsiko den jakitea, baina, zorionez, ez da gertatu biztanleria handieneko guneetan.

Pitzadura bidezko erupzioa izaten ari da Cumbre Viejakoa. Oraingoz, zortzi irteera sortu dira, baina berriak sortzen joango direla uste dute geologoek. Oraindik ez dira argitu, ordea, erupzioaren ezaugarri guztiak, eta ez dago argi zein izango den hurrengo asteetako eboluzioa. Laba egiten ari den bidearen eboluzioa jarraitzen ari dira. Koladaren abiadura, potentzia eta zabaleraren eboluzioa aztertzen ari dira, aurrerantzean eremu berririk hustu behar den jakiteko.

Kanarietako Institutu Bolkanologikoko kideak etengabe laginak hartzen ari dira. Arg. Kanarietako Institutu Bolkanologikoa

 

Piroklastoak

Bestetik, geologoak lanean ari dira intentsitate bolkanikoaren indizea argitzeko. Horretarako, erupzioan ateratzen den materiaren (piroklastoaren) egitura eta bolumena ezagutu behar dute. Hiru motako piroklastoak bereizten dituzte geologoek, tamainaren arabera: errautsak, 2 mm-tik beherako diametroa duten partikulak biltzen dituztenak; lapilliak, 2 eta 64 mm bitarteko partikulak; eta bonba bolkanikoak, 64 mm-tik gorakoak.

Une honetan, ikertzaileak piroklasto-mota guztien laginak jasotzen ari dira. Besteak beste, sortzen den errauts-hodeiaren izaera kimikoa eta altuera aztertzen ari dira. Izan ere, jendea bizi den eremu batean izan denez erupzioa, lehentasuna kalte pertsonalik ez eragitea izan da; baina, berez, errautsak dira erupzioek sor dezaketen arriskurik handiena, eskala globalean begiratuz gero. Bi milimetrotik beherako diametroa duten arroka-pusketa fin-finak dira, eta, hortaz, distantzia handietara irits daitezke zirkulazio atmosferikoa aprobetxatuz. Normalean, silizea izaten dute, eta arnas-aparatuko hantura eragin dezakete. Sufre-dioxidoa (SO2) izanez gero, azala ere narrita lezakete.  

Lurrun azidoa

Beste kezka bat itsasoa izan da hasieratik, laba hara iritsiz gero, bestelako gasak ere zabal baitaitezke. Labak 1000 ºC-tik gorako tenperatura duenez, itsasoa jotzen duenean, labak dituen kloroa, fluorra eta sufrea lurrundu egiten dira. Lurrun azidoak inguruko biztanleetan arnas-aparatuko gaitzak eragin ditzake, eta euri azidoa ere sor dezake, landaretza arriskuan jarrita.

Geografia aldatzen ari da

Dagoeneko 154 ha-ko azalera hartu du labak, eta hainbat zentimetro egin du gora irlaren azalak. Seguruenik, hazten eta aldatzen jarraituko du. Orain arteko beste erupzioek bi hilabete inguru iraun izan dute La Palman, baina oraindik kalkulatzen ari dira zenbat magma dagoen zuloetatik ateratzeko prest, aurreikuspen zehatzagoak egin ahal izateko.

Ez dirudi erupzioak fase leherkorra izango duenik, behintzat, baina baliteke nahi baino gehiago luzatzea labaren irteera-fasea.

Neurtzeko tresnak

Hauek dira ikertzaileak erupzioa jarraitzeko erabiltzen ari diren tresna nagusiak:

Dronak: laba egiten ari den bidearen eboluzioa jarraitzeko erabiltzen ari dira. Koladaren abiadura, potentzia eta zabaleraren eboluzioa aztertzen ari dira haiei esker, aurrerantzean eremu berririk hustu behar den jakiteko.

Sateliteak: iridiometriaren bidez, lurra zenbat puztu den aztertzen ari dira. Oraingoz, ia 30 cm hazi dela argitu dute.

Sismografoak: hasierako mugimenduen berri eman zuten eta haiei esker jakin zen erupzioa epe laburrean gertatzekoa zela. Orain, ateratzear dagoen magma-kopurua kalkulatzen laguntzen ari zaie ikertzaileei.

 

OHARRA: Elhuyarreko hizkuntzalariek hainbat azalpen argitaratu dituzte sumendien inguruko euskarazko terminologiaren inguruan. Hemen, ikusgai.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia