}

COVID-19aren txertoak, adin txikikoentzat

2021/04/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

covid-19aren-txertoak-adin-txikikoentzat
Arg. Stocksnap

Europar Batasunean ematen ari diren txerto guztiak 18 urtetik gorakoentzat daude baimenduta. Hain zuzen, saio klinikoetan adin horretatik gorakoek parte hartu zuten (Pfizerrenetan, 16 urtetik gorakoek), eta haietan probatu dira seguruak eta eraginkorrak direla.

Helduen txertaketa martxan dela, adin txikikoetan ere hasi dira saio klinikoak, eta Pfizerrek dagoeneko aurreratu ditu III faseko saio kliniko baten lehen emaitzak. 12-15 urteko 2.260 gazterekin egindako ikerketan, erdiek txertoa jaso zuten, eta beste erdiek, plazeboa. Bada, emaitzen arabera, txertoak ez du inolako albo-ondoriorik eragin, eta antigorputzen bidezko erantzuna 16-25 urtekoetan baino are indartsuagoa izan da. Hala, % 100 segurua eta eraginkorra dela ondorioztatu dute. Ikertzen jarraitzen duten arren, dagoeneko egin diote baimentzeko eskaera AEBko sendagai-agentziari (FDA), eta Europakoari ere laster egingo diotela iragarri dute (EMA).

Astrazenecaren eta Johnson&Johnsonen txertoak ere probatzekoak ziren adin txikikoetan. Lehenak otsailean hasi zituen saioak, 6-17 urtekoekin, eta bigarrenak, berriz, apirilean hasi behar zituen. Alabaina, gertakari tronbotiko arraroak eragin ditzaketela jakinda, biek ere eten egin zituzten saioak.

Bitartean, pediatria-elkarteek ohartarazi dute haurrak ez direla “heldu txikiak”, eta, beraz, oso garrantzitsua dela saio klinikoak egitea, haien ezaugarriei egokituta. Haurrak txertatzearen alde daudenek hiru arrazoi ematen dituzte horretarako: oro har, ezohikoak badira ere, kasu larriak eta heriotzak eragotziko lirateke; talde-immunitatearen bidez, helduak ere babestuko lirateke; eta eskolak irekitzea ahalbidetuko luke.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia