COVID-19aren kontrako antibiralak: Molnupiravir, ez hain eraginkorra; Paxlovid, oso
2021/12/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela aste batzuk, COVID-19aren kontrako bi botika antibiralen berri eman zuten laborategiek eta sendagaien agentziek. Saio klinikoen aurretiazko emaitzak jakinarazi zituzten, eta, haien arabera, biak ziren eraginkorrak ospitalaretzeekiko eta heriotzarekiko, baina ez maila berean: Molnupiravir % 50, eta Paxlovid % 89.
Gerora, saio klinikoen behin betiko emaitzak kaleratu dira. Monupiravirren kasuan, aurretiaz emandako datua zuzendu behar izan dute: eraginkortasuna % 30koa da. Hala eta guztiz ere, FDA AEBko Elikagaien eta Sendagaien Erakundearen baimena lortu du.
Bestelakoa gertatu da Paxlovidekin: orain jakinarazi dituzte saio klinikoen behin betiko emaitzak, eta, Molnupiravirren saioen antzeko kondizioetan, eraginkortasuna askoz ere handiagoa da, hasieran iragarritako % 89ko eraginkortasuna berretsi baitute.
Aipatzekoa da bietan, Molnupiravir eta Paxlovid, boluntarioek arrisku-faktoreak zituztela.Paxloviden kasuan, baieztatu dute emaitza berbera dela lehen sintomak izan eta 3. egunetan ala 5.-ean hartzen hasita, eta omicron aldaerarekin ere eraginkorra dela.
Pfizerrek ekoizten du Paxlovid, eta dagoeneko eskatu die FDAri eta EMAri (Sendagien Europako Agentzia) larrialdiko erabilerarako baimena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia