}

Bizkarreko mina sendatzeko mahaia

2006/04/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Egia da jende askok eta askok izan duela inoiz edo behin bizkarreko mina, baina ez da hil edo biziko gaixotasuna. Horregatik, nahikoa oharkabean bezala pasatzen da, eta gehientsuenok eraman egiten dugu nola edo hala. Kasu batzuetan, ordea, mina oso handia eta ia etengabekoa da, eta ebakuntza izaten da hori sendatzeko modu bakarra. Gaur egun beste aukera bat ere badago.
Bizkarreko mina sendatzeko mahaia
2006/04/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: I. Kortabitarte)

Besteak beste disko-herniak eta ziatikak sortzen duten bizkarreko mina sendatzeko, orno-deskonpresioko mahai bat jarri dute Gasteizko San Jose Poliklinikako Osteopatia eta Esku-medikuntza zerbitzuan. Mota horretako lehenengo mahaia da Espainian, eta hirugarrena Europan (Britainia Handian bi erosi berri dituzte). Estatu Batuetako Vax-D enpresak patentatutako mahaia da.

Gerrialdeko arazoak sendatzeko balio du mahaiak: disko-hernia, diskoaren endekapena, arrazoi jakinik gabe agertzen diren bizkarreko minak, disko-artrosia eta ziatika. Arazo horiek, oro har, min zorrotza eta/edo kronikoa eragiten dute.

Tratamendua ornoarteko diskoen eta orno-artikulazioen deskonpresiorako sisteman datza. Mahaia esku-ohe baten antzekoa da. Gaixoa ahuspez etzaten da eta arnes bat jartzen zaio pelbisaren inguruan.

Ondoren, nolabait, mahaia erdialdetik 'puskatzen' da bizkarrezurra luzatzeko. Bizkarralde guztia luzatzean, ornoak bereizi egiten dira, eta, horri esker, tokiz kanpo dagoen diskoa bere tokira itzultzen da. Izan ere, ornoak bereiztean hainbat hutsune sortzen dira. Bereizi ondoren, ornoek hobeto funtzionatzen dute, eta uzkurtutako muskuluak luzatu eta erlaxatu egiten dira.

Orno-deskonpresioko sistema horrek egiten du berezia tratamendua, bizkarreko mina sendatzeko egun dauden ohiko metodoekin alderatuta. Gainera, teknikaren eraginkortasuna % 80 ingurukoa da, patologiaren arabera.

Ameriketan aspaldidanik erabiltzen da. Gaur egun, gutxi gorabehera 3.000 gaixok jasotzen dute tratamendua egunero Estatu Batuetako, Kanadako nahiz Mexikoko 200 osasun-zentrotan baino gehiagotan. Azken urteotan, J.C. Vicente medikuak, Osteopatia eta Esku-medikuntza zerbitzuko zuzendariak, sakon aztertu du Estatu Batuetako Vax-D-ren funtzionamendua. "Hainbat gaixo Estatu Batuetara bidali ditugu tratamendu hori jasotzera eta haren eraginkortasuna eta emaitza onak egiaztatu ditugu", medikuaren esanean. Horrexegatik, hain zuzen ere, ekarri dute mahaia Gasteizera.

Kirurgiaren ordezkoa

Martxoaren 1ean aurkeztu zuen mahaia J.C. Vicente medikuak Gasteizko San Jose Poliklinikan.
I. Kortabitarte

Kasu askotan kirurgiaren ordezkoa izango da, eta, beraz, ebakuntza- gelako arriskuak (injekzioak, anestesia...) murriztuko dira. Halaber, gaixoak lehenago sendatuko dira, eta gaixoaldi-baja hiru aldiz laburragoa izango da, adituen esanean.

Minik gabeko tratamendua da eta egunean 30 minutuko saioa egin behar da 20 egunez. Ondoren, astean behin errepikatu behar da saio hori, lau astean zehar.

Orain arte ebakuntza izan da arazo horiek guztiak sendatzeko konponbidea. Baina disko-inguruan ebakuntza egitea, gorputzaren indargetzailea kentzea bezalakoxea da, nolabait esateko. Eta arriskutsua da. Ebakuntza eraginkorra da kasuen % 75ean, baina, hamar urteren buruan, gaixoen % 39 inguru berriz ere min desatseginak sentitzen hasten da.

Orno-deskonpresioko sistemaren tratamendua jasotzen dutenen kasuan, ordea, gaixoen % 77k ez du inolako minik sentitzen tratamendua amaitutakoan; % 20k hobekuntza nabarmena sentitzen du minaren aldetik. Halaber, Vax-D tratamendua ebakuntza baino hamar aldiz merkeagoa da.

Bizkarrezurra oso sufritua den arren, eta itxuraz kexatzen ez bada ere, pixkanaka-pixkanaka hondatu egiten da, eta orduan bizkarreko mina agertzen da. Bizkarreko mina eragin dezaketen arrazoiak asko eta era askotakoak dira, baina nagusietako bat zama eramatea da; ordenagailuaren aurrean ordu luzez lan eginda ere, maiz, bizkarra kargatu egiten da; eta, zer esanik ez, jarrera txarrean eserita, zamak jarrera txarrean hartuta edota luzaroan esfortzu handiak eginda. Oso garesti ordaintzen dira askotan horrelakoak.

24
Bizkarrezurra: osasunaren ardatza
Gizakia gai da belaunak tenkatuz zutik jartzeko, eskuetan oinarritu beharrik gabe. Horrek bereizten du, hain zuzen, beste ugaztunetatik. Tentetasun hori bermatzen duena bizkarrezurra da.
(Argazkia: Artxibokoa)
Baina, zutik mantentzeaz gain, beste hainbat funtzio garrantzitsu betetzen ditu bizkarrezurrak gizakion gorputzean; esaterako, gure ongizatean eragiten du. Horrexegatik, hain zuzen ere, bizkarrezurra osasuntsu izatea nahitaezkoa da.
Baina zertan eragiten du bizkarrezurraren egoerak gure ongizatean? Bizkarrezurrean orno-muina dago, eta hortik ateratzen diren nerbioek inerbatzen dituzte gorputzeko organo gehienak. Organo horiek hainbat funtzio betetzen dituzte gorputzean, eta, beraz, ezinbestekoa da horiek osasuntsu izatea.
Kortabitarte Egiguren, Irati
3
219
2006
4
026
Medikuntza; Osasuna