Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bizi-itxaropenaren muga

2017/07/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Duela urtebete eskas, pertsonon bizi-itxaropena gehienezko mugara iritsia zela baieztatu zuten ikertzaile batzuek, Nature zientzia-aldizkarian argitaratutako artikulu baten bidez. Ikertzaile haien esanean, XIX. mendetik aurrera bizi-itxaropenak gorakada ikaragarria izan du.Horrez gain, gogorarazten dute animaliekin egindako esperimentu genetikoen eta farmakologikoen emaitzek bizialdia are gehiago luza daitekeela iradokitzen dutela.

Zalantzarik gabe, itxaropen horrek bat egiten du askoren ametsarekin eta zenbait erlijio edo sinesmenen predikuekin (nahiz eta denek ez duten agintzen betiko bizia mundu honetan izango denik).

Edonola ere, horiek esan ondoren, ikertzaileek beren emaitzak aurkezten dituzte, eta erakusten dute ezetz, bizi-itxaropena ezin dela gehiago hazi; alegia, mugara iritsi dela. Ondorio horretara iristeko, 1970tik urte bakoitzean hildako pertsona zaharrenaren adinari erreparatu zioten. 1990eko hamarkadaren erdialdera arte, hildakoen adina gero eta handiagoa zen, baina, ordutik aurrera, planto egin zuen, 114,9 urtetan. Akabo, beraz, batzuen itxaropenak.

Orain, ordea, Nature berak artikulu horri erantzuten dioten beste bost argitaratu ditu, beste hainbeste ikerketa-taldek bidalitakoak. Arrazoibide eta datu desberdinak erabili badituzte ere, denek esan dute ikerketa haren ondorioa okerra zela. Besteak beste, datu gutxiegi begiratu dituztela esan dute. Esate baterako, ez zuten aintzat hartu 2004an hil zen pertsona zaharrena, Jeanne Calment izeneko emakume frantziarra. 122 urterekin hil zen.

Horrez gain, uste dute gaizki interpretatu dituztela gorakada orokorrean gertatutako etenak. Luzera-jauzian eta bete kirol batzuen errekorretan ere gertatzen dira halakoak, baina joera nagusia beti aurrekoak gainditzea dela ohartarazi dute.

McGill Unibertsitatekoak (Kanada), are urrutiago joan dira, eta, dituzten datuetan eta kalkuluetan oinarrituta, iragarri dute 2300. urtean pertsona zaharrenak 150 urte izango dituela. Kopenhagekoek, berriz, esan dute ez dagoela bizialdiaren iraupena mugatzen duen barne ordularirik, eta, egongo balitz ere, zahartzea motelduko duten aurrerapenek ordularia aldatuko dutela.

Dena den, agian benetako auzia ez da zenbat urte bizi, baizik eta nola. Hain zuzen ere, kezka hori plazaratu du Osasunaren Mundu Erakundeak. Bizi-itxaropena luzatzea lorpen handia dela aitortzen badu ere, gizartea egoerara egokitu behar dela aldarrikatzen du, adineko pertsonen osasuna zaintzeko ez ezik, baita gainerako eskubideak errespetatzeko ere.

Berria egunkarian argitaratua.

0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia