Banatu dira 2023ko Elhuyar Zientzia Azoka sariak
2023/06/06 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)
Joan den igandean, ekainak 4, Bilboko Areatzan egin zen sari-banaketarekin amaitu da 2023ko Elhuyar Zientzia Azoka. Sarituek nazioarteko zein Espainiako azoketarako bidaiak, ikerketa-zentroetan egiteko egonaldiak eta ikasketa-bekak jaso zituzten.
Arnaitz Fernández Elíasek eta Elene Barrutia Loroñok gidatu zuten ekitaldia, eta sariak Elhuyar Zientzia Azokaren babesleek eta Elhuyarreko kideek eman zituzten.
8 kategoriatan banatzen diren sariak, eta hauek izan ziren proiektu sarituak:
- Arratia BHI ikastetxeko “Mendikateak eraikiz” proiektuak jaso du “Ciencia en Acción”-en parte hartzeko aukera.
- Muskizeko CF Somorrostro ikastetxeko “Ba al dakite kontatzen landareek?” proiektuak jaso du “Galiciencia” azokan parte hartzeko aukera.
- Loiuko Lauro ikastolako “Butroetxe” proiektuak jaso du Galiziako “Open Science Cambre” azokara joateko aukera.
- Loiuko Lauro ikastetxeko “Marterako bidaiariak” proiektuak jaso du “Feria de la Ciencia de Granada” azokan parte hartzeko aukera.
- Gernikako San Fidel ikastetxeko “Aurrezpen-sistema komunitoarioa kiroldegietan” proiektuak jaso du Galiziako “Ciencia en la calle” azokara joateko aukera.
- Amorebieta-Etxanoko Lauaxeta ikastolako “Ekonomia zirkularra erabiliz, moluskoen oskolekin egindako material berria” proiektuak jaso du Kataluniako “Expo-recerca” azokara joateko aukera.
- A Coruñako “IES Rosalía de Castro” ikastetxeko “Muñeca De Reanimación” proiektuak jaso du Portugalgo “Mostra Nacional de Ciencia Portuguesa” azokan parte hartzeko aukera.
- Loiuko Lauro ikastolako “Mikroplastikoen eragina indaba landareen hazkuntzan” proiektuak jaso du Italiako “I giovani e le scienze” azokara joateko aukera.
Egindako lan onagatik, zenbait mailatako beste 18 taldek ere Elhuyar Zientzia Azokaren aipamena eta sareko ikerketa-zentroetan egiteko egonaldiak eskuratu dituzte.
Hemen sari-banaketako argazkiak
Aurtengo Elhuyar Zientzia Azokak 3 egun iraun du, ekainaren 2tik 4ra, eta Bilboko Areatzan egin da. Bertan 200 proiektutik gora egon dira ikusgai eta 60 ikastetxetako ia 700 gaztek hartu dute parte. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izan dira: 7 talde etorri dira.
Ikasturtean zehar 1.450 gaztek parte hartu dute proiektuan (haietatik, % 52 neskak, % 45 mutilak eta % 3 ez-binarioak), eta 79 ikastetxek. Ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute Azokan. Eta azpimarratzekoa da, gainera, proiektu honekiko urtero erakusten duten konpromisoa: ikasturte-hasieran, unibertsitate eta zentro teknologikoetako 244 ikertzailek (haien artean,138 emakume) eman zuten izena ikasleekin lan egiteko eta azken faseko ebaluatzaile-lanak egiteko.
Hemen azokako beste argazkiak
Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euroeskualdearen, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), Kutxa Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia