Aurrerapausoak antibiral bat lortzeko bidean
2021/06/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
COVID-19a tratatzeko antibiral bat garatzen ari da Nerea Irigoyen Vergararen lantaldea. Zelula-kulturetan emaitza onak lortu dituzte, eta PLOS Pathologens aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Azaldu dutenez, antibiralak ez dio birusari eragiten, baizik eta birusak infektatutako zelulei. Izan ere, ikusi dute, SARS-CoV-2ak zelulak infektatzen dituenean, hauek birusari erreplikatzeko ahalemena ematen dion seinale bat aktibatzen dutela (UPR). Ikertzaileek seinale hori desaktibatzea lortu dute; horrela, birusak ez dauka erreplikatzerik eta infekzioa ezin da beste zelula batzuetara hedatu.
Seinalea desaktibatzeko bi konposatu erabili dituzte elkarrekin: Ceapin-A7 eta KIRA8. Horrela, birusaren erreplikazioa % 99,5 jaisten da; konposatu bakarra erabilita baino askoz ere gehiago.
Beste birus batzuek ere seinale bera pizten dutenez, haien aurka ere eraginkorra izan daitekeela uste dute ikertzaileek, baita mekanismo hori oinarrian duten beste gaitz batzuetarako ere, hala nola biriketako fibrosia eta asaldura neurologikoak.
Hurrengo pausoa saguetan probatzea izango da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia