}

Antibiotikoen erabilera eta ondorioak

2024/03/01 Basaras Ibarzabal, Miren - EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea, eta irakaslea Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean Iturria: Elhuyar aldizkaria

antibiotikoen-erabilera-eta-ondorioak
Arg. Pixabay

Zenbait botika eta bereziki antibiotikoak, XX. mendearen hasieratik erabili izan dira gizakiari kalte egiten dioten bakterioak kontrolatzeko eta suntsitzeko. Dudarik gabe, erabilera hori oso mesedegarria izan da gaixotasun infekziosoak eta haien ondoriozko heriotzak gutxitzeko. Erabilera horrek berak, ordea,  XXI. mendeko osasun publikoaren mehatxu handienetako bat ekarri du: erresistentzia, hain zuzen ere. Zalantzarik gabe, erresistentzien garapena prozesu saihestezina da, bakterioen eboluzioaren eta bizitzaren ezaugarri naturala baita. Arazoa da egokitzapen-prozesu hori bizkortu eta hedatu egin dela azken urteotan mundu osoan. Horren arrazoi nagusietako bat antibiotikoen erabilera okerrari eta gehiegizko erabilerari buruzko kontzientziarik eta ezagutzarik eza izan da, giza erabilera, animalia-­erabilera edo ingurumen-­erabilera kontuan hartuta. 

Duela urte batzuk Erresuma Batuan egindako berrikuspen batean iradoki zuten 2050. urterako antimikrobianoekiko erresistentziak 10 milioi pertsona hil ditzakeela urtean. Zenbait kritikok zalantzan jartzen dute estimazio hori, baina egun, Europan, 35.000 hildako baino gehiago erlazionatzen dira arazo horrekin: egunean 100 pertsona! Espainiar estatura mugatuta, egunean 8 hildako lirateke antimikrobianoekiko erresistentziaren arazoagatik. 

2019an egindako ikerketa batean, hainbat patogeno eta hainbat botika-konbinazio ebaluatu ziren, eta, urte hartako kalkuluen arabera, ia 5 milioi heriotza zuzenki erlazionatuak zeuden botiken erresistentziarekin. 

Antimikrobianoekiko erresistentziaren aurkako borrokaren erronka nagusietako bat da haren benetako dimentsioa ulertzea —bereziki, zaintza eta datuak eskasak diren herrialdeetan—, prebentzio- eta kontrol-estrategia eraginkorrak garatu ahal izateko.  Azken finean, bakterio multirresistenteek ere bidaiatzen dute, eta ordu gutxitan heda daitezke herrialde batetik bestera.

Konponbidea, denon lana

Zama horri aurre egiteko, ezinbestekoa da osasun-­sistema sendoak izatea. Gaixotasun infekzioso baten aurrean, beharrezkoa da diagnostikoak azkar egitea eta antibiotikorik onena hautatzea. Mikroorganismoak zaintzea ezinbestekoa da haien eboluzioa ikusteko. Eta erresistentziarik agertzen bada, antimikrobianorik egokienak aukeratzeko ezagutza eta ahalmena izatea komeni da. Antibiotikoak agintzen dituzten profesionalek uneoro trebatuta egon behar dute; dauden arazoak eta berrikuntzak ezagutu behar dituzte beren lana modu eraginkorrean egiteko.

Bakterio batzuen kasuan, arazoa ikaragarria da, eta egun dauden botikak ez dira batere baliagarriak. Ikerketa eta inbertsio handiak bultzatu behar dira, izan publikoak zein pribatuak, antibiotiko berriak aurkitzeko.

Prebentzio-estrategietan, txertaketa-tasak handitu beharko lirateke, eta txerto berriak garatu. Txerto baten bidez gaixotasun infekziosoa prebenitzen bada, ez da antibiotikorik agindu beharko gero. Horrela, botiken erabilera gutxituko litzateke.

Antibiotiko eraginkorrik ez balego, kirurgia edo transplante bat egitea edo kimioterapia ematea prozesu oso arriskutsuak bihurtuko lirateke, prozesu horiek normalean dakartzaten infekzioak ez liratekeelako menperatuko.

Antimikrobianoen erabilera irrazional eta deskontrolatu hori da, bakterioen izaerarekin batera, “pandemia isil” honen eragilea. Konponbideak ezartzea denon lana da, eta lehenbailehen jarri behar ditugu. Helburua, beraz, hauxe da: antibiotikoekiko erresistentziaren garapena eta hedapena murriztea eta haien etengabeko erabilgarritasuna bermatzea, Osasun Bakarraren kontzeptua bermatuz, hau da, gizakiak, animaliak zein ingurumena kontuan hartuz.

-> Antibiotikoekiko erresistentzia Osasun Bakarraren ikuspegitik

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia