}

Alegiako Aralar BHIko ikasle-talde batek eskualdeko airearen kalitatea aztertu du, Iker Aranjuelo Mitxelena CSICeko ikertzailearen laguntzarekin

2023/05/29 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Alegiako Aralar BHI ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleek, Iker Aranjuelo Mitxelena CSICeko Nafarroako Agrobiologia Institutuko ikertzailearekin batera, Tolosaldeko zenbait lekutako airearen kalitatea aztertu dute, landareak analizatuz, biomonitorizarioaren bitartez, “Gluoien Mahaia, gazteak inspiratzeko” proiektuaren barruan.

alegiako-aralar-bhiko-ikasle-talde-batek-eskualdek

 

Ikasleek Alegiako, Altzoko eta Amezketako airearen kalitatea aztertu dute, llollobelarra (Lolium multiflorum) analizatuz, biomonitorizazioaren bitartez. Landareek beren inguruko aireko metal astunak pilatu ditzakete, eta zehazki hori aztertu dute gazteek airearen kalitatea behatzeko. Horretarako, landareak taldeka banatu, eta aipatutako herrietako zenbait kokalekutan eduki zituzten 45 egunez: errepidetik gertu, errepidetik urrun, ikastetxean…

Martxoaren 23an, ikastetxea laborategi bihurtu zen, eta gazteek, Iker Aranjuelo Mitxelena, Dorra Fakhet eta Garazi Ezpeleta Rodríguez CSICeko ikertzaileen eta Xabi Herrera irakaslearen laguntzarekin, landareen laginketa eta zenbait neurketa egin zituzten. Hartutako laginak laborategira bidali zituzten, hostoetan pilatutako metal astunak neurtzeko. Apirilaren amaieran, landareen metal astunen kontzentrazioen emaitzak jaso zituzten gazteek, eta, hilabetez, lortutako emaitzak aztertu dituzte.

Emaitzen inguruko eztabaida

Maiatzaren 26an, Iker Aranjuelo Mitxelenarekin elkartu ziren gazteak berriro, emaitzei buruz eztabaidatzeko eta aztertutako lekuetako airearen kalitatearen inguruko ondorioak ateratzeko. Eztabaida mamitsu horretatik, ondorio nagusi hauek erauzi zituzten:

  • Trafikoarekin erlazionatutako metal astunak gehiago pilatu dira N-1 errepidetik gertu zeuden kokalekuetan; beraz, esan liteke airearen kalitatea eta errepidearekiko distantzia alderantziz proportzionalak direla.
  • Kokaleku batzuetan, trafikoarekin erlaziorik ez duten metal astun batzuk pilatu dira. Landareak zeuden kokalekuen inguruko industrien eragina izan liteke metal astun horien pilaketaren arrazoia.
  • Biomonitorizazioa metodo ona da airearen kalitatea aztertzeko.

Proiektu honekin, gazteek aukera izan dute ikerketa-proiektu erreal batean lan egiteko eta ikertzaileen egunerokoa gertutik ezagutzeko; izan ere, azterlana Iker Aranjuelo Mitxelena CSICeko ikertzailearen proiektu baten parte da.

 

Proiektu hau Elhuyarrek sustatzen du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia