12-18 urtekoak COVID-19aren aurka txertatzeari buruzko irizpideak eman ditu ECDCk
2021/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sendagaien Europako Agentziak (EMA) Pfizerren txertoa 12 urtetik gorakoentzat baimendu ondoren, 12-18 urtekoen txertaketari buruzko irizpideak eman ditu Gaixotasun Infekziosoen Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC).
ECDCren arabera, nerabeak txertatzea txertaketa-estrategia osoaren barruan aztertu behar da, egoera epidemiologikoa, helburuak eta lehentasunak aintzat hartuta. Horiek horrela, oro har, haien aurretik nagusiagoak txertatu beharko liratekeela adierazi du ECDCk. Salbuespen bat ere zehaztu du: arrisku larrian dauden nerabeak. Horrelakoetan, beste adin-tarte batzuetan bezala, lehentasuna izan beharko lukete.
Bestela, nerabeetan txertoaren onura zuzena helduagoetan baino txikiagoa da. Populazioan duen onura, berriz, egoera epidemiologikoaren araberakoa dela ohartarazi du ECDCk: infekzioaren inzidentzia; adin-talde horrek beste adinekoekin duten harremana, eta, beraz, transmisio-arriskua; aldaera arriskutsuen hedapena…
Hain zuzen, aldaerek gazteen artean duten hedapena monitorizatu behar dela azpimarratu du, eta garrantzitsua dela COVID-19ak gazteengan eragiten duen kalte erreala neurtzea, COVID iraunkorra ere kontuan izanda.
Azkenik, nabarmendu du funtsezkoa dela txertoen ekitatea eta eskuragarritasuna aintzat hartzea, txertaketa COVID-19a modu larrian pairatzeko arrisku txikia duten taldeetara zabaldu aurretik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia