Ibaiak eta hezeguneak
2014/10/04 Elhuyar Iturria: Teknopolis
Azken urteetan gure ibaiek izan duten hobekuntza ez da txantxetakoa izan, ura askoz ere garbiagoa dago. Orain erronka da ibilguak naturalago izan daitezen.
Euskal Herriko ibaiak ez dira Bruselan jaiotzen baina bai pasatzen direla handik. 2000. urteko esparru zuzentarauak uraren kudeaketan aldaketa garrantzitsua ekarri zuen. Arau horrek dio, datorren urterako, 2015erako, Europako ur-masa guztiek egoera ekologiko onean egon beharko dutela, eta hor etorri zen aldaketa: egoera ekologikoaren definizio berrian.
ARTURO ELOSEGI, Ekologian katedraduna, UPV/EHU:Hori izan zen sekulako iraultza, ze ordura arte bakarrik begiratzen zitzaion uraren kalitateri, ura garbi ala zikin dago eta arteztarauak esaten du ezetz, ura bai baina bertan dauden komunitateak ere bai eta baita ibaiek behar dutela bere morfologia ere, bere emari naturala eta abar. 2015erako noski ez dira denak egoera onean egongo, baina behintzat prozedurak eta metodoak jarri dira bere egoera aztertzeko, ikusteko zein den eta dauzkaten akatsak konpontzeko.
Denetarik aurki daiteke ibaien ibilguan. Zati batzuek aipatutako egoera ekologiko on hori gertu badute, beste batzuk, gizakia eta ibaien arteko menderatze-harreman historikoaren erakusgarri dira.
IÑAKI ERRAZKIN, Ingurumena eta Lurralde Antolaketako diputatua:XX. mendean batik bat eta adin bat dugunak bizi izan dugu gainera, ibaiak eremu zikin eta kutsatuak izan dira, zikinkeria guztia bere horretan botatzen zelako, eta egia da azkeneko urteetan hor urrats inportantek eman direla, saneamenduan, arazketan... baina egia da hortik haratago joan nahi dugula eta kultura berri bat sortu nahi dugula ibaien inguruan.
Ibai baten egoera ekologikoa, beste faktore batzuen artean, ur-korronteak duen formak eta landarediak ezartzen dute. Zuhaitz-estalkiak eta landaretza aberatsez hornitutako ibaiertzek bizitza bermatzen dute. Batetik, iragazki berde eta handi baten antzera, ekosistema honek ura arazten duelako. Eta, bestetik, ur emariaren tenperatura doitzen duelako, berotzea eragotziz. 21 edo 22ºC-tik gora arrainek arazoak dituzte bizirik irauteko.
Ibilguaren goiko zatietan hasten dira ikusten ibaia kontrolatzeko lanen aztarnak, batzuk aspaldikoak. Nekazari nahiz abeltzainek betidanik lurra irabazi dute ibaien bizkar. Haien ibilgua moldatu izan dute, hormak eraikiz eta ur-emaria kanalizatuz. Hemendik aurrera, eta itsasoraino, urak, gizakiak esandako lekutik joan beharko du.
Baserritarrak hasi ziren ibaiari lurra kentzen baina atzetik asko etorri dira. Zerrenda luzea da eta esku-hartzeak zein baino zein mugatzaileagoak. Hemen adibidez, 60eko hamarkadan, ibaiaren ia kilometro bat estali eta gainean faktoria handi bat eraiki zuten. Ibaia punta batean desagertzen da eta ilunpetik sortzen da berriz ere, beste puntan. Eta hemen berriz etxebizitzak egin zituzten ibilguan bertan.
Euskal Herriko orografiak, ipar-isurikoak batez ere, ez du elkarbizitzan honetan gehiegi lagundu: ibar estuak, ibilgu laburrak eta eraikitzeko lursail gutxi. Gipuzkoako Deba bailara koktel horren adibide garbia da. Ia bide guztian kanalizatuta doa ibaia eta uholdeak saihesteko ibaiertzak garbitu egiten dira erabat.
ARTURO ELOSEGI, Ekologian katedraduna, UPV/EHU:Nik uste Europan badugu arazo bat eta da duela milaka urtetik asko aldatu dugula gure ingurunea, ahaztu egin zaigu zer den baso natural bat, ibai natural bat edo edozein ekosistema natural, hauek ez dira izaten txukun txukunak, garbi garbiak, ez dira izaten golf zelaiak edo larre garbiak izaten, baizik eta izaten dira ekosistema kaotikoak, dinamikoak, aldakorrak, konplexuak, eta konplexutasun hori oso garrantzitsua da.
Bizitzak behar du konplexutasun hori. Araxes ibaiko arrain-populazioaren gainbehera gelditzeko enborrak sartzen ari dira ibilguan. Elikagaia pilatzen da enbor-adarren artean eta babesa ematen diete egitura hauek arrainei.
ARTURO ELOSEGI, Ekologian katedraduna, UPV/EHU:Eta noski egoera ekologiko onak esan nahi du, ibaietako komunitateak izan behar duela bertan behar luketena, bertakoak eta espezie arrotz gehiegirik ez izatea: izokina berreskuratu da, baina galzorian dira bisoi europarra, ur satorra edo Pirinioetako muturluzea.
Ola, errota, industria, zentral hidroelektriko … ehunka presa daude. Martxan daudenek ura lapurtzen diete ibaiei, eta geldirik daudenen hormak, berriz, izugarrizko oztopoa dira urarentzat eta uretan bizi direnentzat.
Neurrigabeko presagintzaren adibide argia da Leitzaran ibaia. Bere ibilguaren % 80 desbideratu da. Garai batean Inturiako presa honek Donostiako tranbientzat elektrizitatea ekoizten zuen. Hormatik gora, kilometro eta erdiko ibai-zatian, 240.000 metro kubiko sedimentu metatzen zen. Orain fasetan ari dira botatzen, hainbesteko material pilaketa kolpe batean ibaian behera joan ez dadin. Presa desagertzearen ondorioak aztertzen dituen taldeko kidea da Askoa Ibisate.
ASKOA IBISATE, Geografia irakaslea, UPV/EHU: Prozesu konplexua da. Orain arte kendu izan direnak tamaina txikikoak izan dira, baina tamaina handikoak direnean oraindik ez dakigu oso ongi zein izango diren erantzunak eta nola emango diren Eta gehiago ikasteko eta horren jarraipena egiteko ikerketak egiten dira bai morfologiaren inguruan, ibaia nola aldatzen den ikusteko, gora eta behera, behin presak kentzen ditugunean, sedimentuen garraioa nola ematen den eta baita ere ekologikoki nola erantzuten duen ibaiak.
Oztopoak kendu ezin direnean zeharbideak eraikitzea dago. Horren adibide dira hainbat presetan, arrainen migrazioa ahalbidetzeko eraiki diren arrapalak. Bitxikeria moduan, jakin, izokin eta antzekoentzako arrapalak daudela eta aingirarentzako beste arrapala batzuk daudela, eskuila antzeko honetan narrastu daitezen.
Aforaleku- sareko estazioen funtzioa da uraren kantitatea eta kalitatearen informazioa jasotzea. Gailu hau limnigrafoa da. Ibaiarekin konektatutako putzu bateko uraren altuera neurtzen du eta, formula batzuen bitartez, zenbat ur daraman kalkulatzen du.
ESTEBAN TELLERIA, aforalekuko arduraduna: Hauek dira, gorakada hauek, erantzuna, esate baterako euria egiten duenean, urak gora egiten duen seinale. Eta hemen ikusten duzuen puntutxo honetan, hor goiko zentralen batek egin duena da, ura berak gelditu, orduan jaitsi egiten da seinalea.
Izokina deitzen diote makina honi, duen formagatik. Uretan sartu eta haren abiadura neurtuz, momentu horretantxe daraman emaria jakin daiteke eta, hala, erabiltzen diren formulak balekoak direla baieztatu. Informazio hau ibaien egoera ekologiko ona berreskuratzeko estrategiak antolatzeko tresna garrantzitsua da.
Kanalizazioaren ondorioetako bat da uraren abiadura bizkortu egiten dela. Eta horrek ibaiertzak erosionatzea dakar, urak lurra eramatea, sustraiak bistan dituzten zuhaitz hauek frogatzen duten bezala. Ebakidura du izena fenomeno honek eta hau gertatzearen arrazoia da, urak ezin duela ibilgutik irten eta mantsotu.
ARTURO ELOSEGI, Ekologian katedraduna, UPV/EHU: Ahaztu egiten zaigu ibaiaren parte ezinbestekoa dela uholde lautada, urak gora egiten duenean urperatzen duen gune hori eta hor, normalean, basoak izaten ziren, izaten ziren hezeguneak eta horiek izugarrizko garrantzia zuten batetik, oso dibertsoak ziren, izugarri emankorrak eta bestetik oso garrantzitsuak dira ura araztu egiten dutelako.
Oria ibaiaren beheko zatiko lautada hauek lehortu eta ustiatu egin izan dira betidanik. Baina hemen naturari bere lekua berreskuratzen lagundu zaio. Ibaia estutu eta kanalizatzen zuten dikeak bota dira eta kanalak zulatu dituzte, ura zelaian sar dadin.
FELIPE ÁLVAREZ, Obra Hidraulikoen zerbitzuburua, Gipuzkoako Foru Aldundia:Estuarioek aldaketa nabarmenak izan dituzte azken urteetan eta gure helburua da berreskuratzea, bai estuarioak eta bai padurak eta bertako ekosistemak.
Bide batez, ingurune heze hauek uholdeen kontrako neurri bezala jokatzen dute, eta, gainera, bizitoki ederra dira faunarentzat.
FELIPE ÁLVAREZ, Obra Hidraulikoen zerbitzuburua, Gipuzkoako Foru Aldundia:Igelak, sugeak, hegazti mota asko, ornogabeak, hegaztien elikagaia direnak, eta basurdeak ere etortzen dira ibaiaren beste aldetik, ibaia gurutzatuta.
Azken urteotan hartu diren neurriek erakutsi dute erreka eta ibaiek errekuperazio-gaitasun oso handia dutela. Hala ere, asko dago oraindik egiteko: ur-arazketan sakondu daiteke, erriberako basoak berreskuratzea ezinbestekoa da, bertako espezieak babestu eta laguntzea, noski, ibaien berezko forma natural eta osasuntsua sustatzeko lanei jarraipena ematea …
ARTURO ELOSEGI, Ekologian katedraduna, UPV/EHU: Azken batez ibaietan duguna da arro osoaren isla, gure burua behartzen badugu errekak eta ibaiak kontserbatzera, egoera ekologiko onean edukitzera, horrek esango du automatikoki arro osoak dauzkagula egoera ekologiko onean eta hori oso ona litzateke gizartearentzat orohar.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia