Neptuno

Percival Lowell: kanalak Marten

Elhuyar aldizkaria

2020/06/01 Lowell zoratzen zegoen. Azkenean, hilabeteetako etsipenaren ondoren, teleskopioan begia jarrita orduak eta orduak eman ondoren, …
Bigarren bidaiariaren berri

2019/11/15 Aste honetako protagonista bigarren bidaiaria izan da. Voyager 2. Nik txikitan bezala, COSMOS telesaila ikusten zutenek, …

Neptuno

  • Neptuno Eguzki-sistemako zortzigarren planeta da. Eguzki-sistemaren barruan, Eguzkitik urrunen dagoen planeta da (30,1 unitate astronomikoko distantziara, 4.500 milioi kilometro), eta diametro handiena duten planetetatik laugarrena, baina masa handiena dutenetatik hirugarrena. Planeta erraldoien artean, dentsitaterik handiena duena da. Lurrak baino 17 aldiz masa handiagoa du. Neptunok Eguzkiaren inguruan bira bat egiteko 164,8 urte behar ditu. Antzinako Erromako itsasoetako jainkoaren omenez darama izena eta bere ikur astronomikoa ? da, Neptuno jainkoaren hiruhortzaren bertsio estilizatua. Neptuno ezin da ikusi begi hutsez, eta planeta bakarra da Eguzki-sisteman kalkulu matematikoen ondorioz aurkitu zena, behaketa enpirikoaren ordez. Uranoren orbitan zeuden aldaketen ikerketak aztertu zituen Alexis Bouvardek, beste planeta baten perturbazioen ondorio izango zirela ebatziz. 1846ko irailaren 23an Johann Gallek Urbain Le Verrierrek aurretik esandako leku zehatzean aurkitu zuen planeta teleskopio bat erabilita. Planetak Lurrarekiko duen distantziaren ondorioz, itxurazko tamaina oso txikia da, eta horrek zaila egiten du Lurrean dagoen teleskopio batetik behatzea. Voyager 2 espazio-ontziak bisitatu zuen lehenengoz, 1989ko abuztuaren 24ean. Hubble Espazio Teleskopioaren sorrerak eta beste teleskopio handi batzuek lagundu dute xehetasun gehiago lortzen. Jupiter eta Saturno bezala, Neptunoren atmosfera batez ere hidrogeno eta helioz osatuta dago, hidrokarburo traza txikiekin eta, baliteke, nitrogenoarekin. Hala ere, beste planetek baino izotz gehiago du, urarena zein amoniako eta metanoarena. Bere barnealdea, Uranoren kasuan bezala, batez ere izotz eta arrokaz osaturik dago, eta horregatik esaten zaie bi planeta horiei "izotzezko erraldoiak". Kanpoaldean dagoen metanoak ematen dio planetari kolore urdina. Uranoren atmosfera ia lauarekin alderatuta, Neptunoren atmosfera aktiboa da eta eguraldiari lotutako fenomenoak ditu. Adibidez, Voyager 2 bertatik 1989an pasa zenean, planetaren hego hemisferioan Orban Ilun Handia zegoen, Jupiterren dagoen Orban Gorri Handiaren parekoa. Eguraldi fenomeno hauek Eguzki-sistemako haizerik bortitzenek mantentzen dituzte, neurtutako 2.100 km/h-rekin. Eguzkitik hain urrun egonda, Neptunoren kanpo atmosfera Eguzki-sistema osoko lekurik hotzenetako bat da, 55 K (-218 ºC) tenperaturekin. Planetaren erdialdean dauden tenperaturak, ordea, 5.400 K ingurukoak dira. Neptunok eraztun sistema zatikatu bat du, "arku" izena ematen zaiona, 1984an aurkitua.