}

Zu zeu ere ikertzaile

2000/09/24 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Zientzialarien arabera, giza genomaren ikerketa bukatzeko -mapa osatzeko, alegia- ez da gehiegi geratzen. Dena den, aurrera begira oraindik lan handia dago egiteko. Zientzialariek begien aurrean erronka berria dute: proteinen funtzionamendua aztertzea.Helburu horri begira, Folderol programa abian jarri dute. Gogoratzen bizitza extralurtarra aurkitzeko SETI@home proiektua? Bada, sistema antzekoa da, baina helburua aipatutakoa: proteinak ikertzea.

Edozein gizakiren geneek haren ezaugarrien adierazgarriak daramatzate: ilearen kolorea, pertsonaren altuera…. Hala ere, geneak adierazleak besterik ez dira. Adierazle horiek errealitate bihurtzen dituztenak proteinak dira. Giza genoma programari esker, zientzialariek gene guztiak identifikatzeko eta sekuentziatzeko aukera dute, baina ez dakite proteinek informazio genetikoa nola "irakurtzen" duten eta errealitatera nola eramaten duten.

Proteinak aminoazidoz osatuta daude. Aminoazidoak, berez, proteina osatzen duten zatiak baino ez dira. Dena den, aminoazido horiek toki batean edo bestean kokatu, modu batean edo bestean kokatu… funtzio desberdina duten proteinak sortzen dira. Horrela, esaterako, giharren funtzionamendua kontrolatuko duen proteina egon daiteke, ilearen kolorea zaintzen duen proteina…. Beraz, gaur egun zientzialariak aminoazidoen konbinazio-aukerak ikertzen ari dira, gizakion funtzio guztiak kontrolatzen dituzten proteinak konbinazio horien ondorio baitira.

Aminoazidoak elkartzean akatsen bat gertatzen bada, proteinaren funtzionamendua ez da behar bezalakoa izango eta Alhzeimer, diabetea eta beste hainbat gaixotasun sor daitezke. Hor ikus daiteke proteinen funtzionamendua behar bezala ezagutzeak, geneetako informazioa irakurtzeko era ulertzeak, aminoazidoak nola egituratzen diren jakiteak, eta akatsen zergatiak ulertzeak sekulako garrantzia izan dezakeela zientzialarientzat eta gizakiarentzat oro har.

Hortaz, zientzialariek badakite zer eta nola ikertu. Kontua da proteinen funtzionamenduaren ikerketa oso luzea gerta daitekeela, luzeegia beharbada. Ikerketa hori egin ahal izateko, zientzialariek gaitasun handiko tresna informatikoak behar dituzte. Tresna horiek, eduki badituzte, baina hala ere gutxitzo deritze. Beraiek diotenez, gaur egungo ikerketa-abiadan jarraituz gero, 40 urtetik gora beharko dira proteinen inguruko informazio sakona eskuratu ahal izateko. Nondik begiratzen den, 40 urte asko izan daitezke. Horregatik, giza genomako ikerketan lanean ari diren ikerlarietariko batzuek,

Folderol programa jarri dute abian. Programa horren helburua, proteinen inguruko ikerketa azkartzea da. Folderol programa edo proiektuaren burua Scott Le Grand biologoa da. 40 urteko gizon hori giza genomaren ikerketan ari da lanean, eta, biologoa izateaz gain, programatzaile informatiko ere bihurtu da. Berak eta bere ikerketa-taldeak abian jarri duten Folderol programaren bidez, Le Grand-ek Internauten -internet-zaleen- laguntza informatikoa bilatu du proteinak ikertzeko.

Folderol programarekin proteinetan gertatzen diren aminoazido-konbinazio posible guztiak aztertu nahi dira. Izan ere, ez da ahaztu behar proteinak direla giza gorputzeko funtzio guztien sorburua. Sistema, sarreran esan bezala, SETI@home proiektuan erabili zenaren -eta erabiltzen ari denaren- oso antzekoa da. SETI proiektuak, bi urtez, Internetera konektatuta dauden ordenagailuak erabili ditu bizitza estralurtarraren arrastoen bila. Parte hartzen ari direnek ordenagailuan Internet bidez erradioteleskopio batek bidalitako informazioa aztertzen duen programatxoa jarri behar izan dute. Asmoak zoro samarra eta bitxia badirudi ere, ez da hain zoroa; izan ere, nahiz eta bizitza-arrastorik aurkitu ez, SETI@home proiektuari esker zientziarentzat Internet bitarteko bide berria ireki da, milaka ordenagailuk hartu baitute parte saiakeran. Folderol proiektuaren arduradunek, argi dagoenez, ondo baino hobeto ikasi dute bidea: munduko ordenagailuak nork bere proiektuarendako lanean jartzea. Helburua, oraingoan, proteinen ikerketa da; baina bidea, bera, ordenagailu pertsonalak.

Proiektuan parte hartzeko Folderol-eko web-era ( www.folderol.org ) joan behar da. Han -erabat doan, jakina- programa pantaila-babesle bat jaits daiteke. Pantaila-babesgailu hori lanean hasten den bakoitzean -hau da, norberak kafea hartzen duen bitartean- Folderol-eko datu-basearekin bat egingo du eta datuak prozesatzeko lanari ekingo dio; bukatutakoan, Folderol-eko datu-basera bidaliko du egindako lana. Beraz, ordenagailua piztuta edukitzea eta lanean ez aritzea proteinen ikerketan parte hartzeko nahikoa da. Kolperik jo gabe ikerlari bihur zaitezke. Eta ez zinateke hori erabakitzen duen lehena izango. Pentsa, proiektua irailaren 8an jarri zen abian; handik 24 ordutara, 1.000tik gora ziren Folderol-ekin bat egindako ordenagailuak.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia