}

Zotina

1986/08/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zotina: Sabelaldea bular-barrunbetik bereizten duen muskuluz eta zurdaz osatutako mintzaren bapateko eta nahigabeko uzkurdura espasmodikoa.

Zotina zer den ba ote dakigu zehazki? Sabelaldea bular-barrunbetik bereizten duen muskuluz eta zurdaz osatutako mintzaren (DIAFRAGMA izenekoaren, alegia) bapateko eta nahigabeko uzkurdura espasmodikoa.

Une horretan sabelaldea gogor eta zurrun geratzen da, barrurantz sartua, eta diafragmaren uzkurdurak une batez arnasketa eten egiten du, arnasbotatzean oso hots berezia sortuz.

Zotinaren zentzu nerbiosoa (garuneko erraboilean kokatua) edo diafragma inerbatzen duten nerbio frenikoak narritatzen edo estimulatzen direnean sortzen da zotina. Baina zerk bultzarazten du zotina? Arrazoiak askotarikoak dira: normalean urdailaren gehiegizko irritazio baten ondoren agertzen da (jatordu pisu bat egin ondoren, edo azkarregi jateagatik, behar ez bezala murtxikatzeagatik ager daiteke). Edo liseriketa atzeratzen delako (hotza, nerbioen eragina). Normalean, beraz, garrantzi txikiko gertaera da; berehala amaitzen dena.

Ikus ezazue diafragma sabelaldea bular-barrunbetik bereizten duen muskulua. Maila honetan ematen da zotinaren fenomenoa. Irudian diafragmaren bi jarrerak azaltzen dira: arnasartzerakoan (beherantz) eta arnasa botatzerakoan (gorantz).

Baina beste zenbait kasutan beste egoera larri eta grabeagoen adierazgarri izan daiteke. Horregatik, minutu batzuk eta gero desagertzen ez bada, eta zer esanik ez egunak eta aste osoak iraun ditzaketen eraso eta atakeak gertatzen direnean, egoera okerragotu daiteke, bizitza arriskutan jartzeraino.

Umetan, batez ere bularreko haurretan, iraunkorragoa izan daiteke; normalean gorputza hoztu egin delako izaten da, hesteetako gasen presioagatik edo liseri-aparatuko asaldura edo nahaste arinengatik, eta gurasoen kezka eta estutasun-iturri sarritan gertatzen da. Zorionez, ez du normalean grabetasun handirik izaten.

Zer egin zotina gerazteko?

Sistemarik onena ura edatea da, tragoska txikitan, poliki-poliki, arnastu gabe eta sudurra itxiz. Zein esplikazio fisiologiko du honek? Batetik diafragma atsedenean dago, eta ur eta aire pixka zertxobait eutsiz.

Aipaturiko neurriek arrakastarik edukiko ez balute, pertsona ahozgora etzango da, belaunak tolestuz sabeleko pareta-muskuluak lasai daitezen. Ondoren beste norbaitek behatzekin saihetsbat irensteak inolako esfortzurik gabe atseden-egoera hori mantendu egingo luke ura pixkanaka edateak eskatzen duen ahalegintxo horrek, gure aditasuna behar du, eta horrela, zeharka bada ere, diafragma lasaitzen lagunduko litzateke.

Arnasa hartzeari eusteak, soilik, askotan zotina desagerterazi egingo du. Hori errazteko bide asko daude: arnastu gabe kontatzea (hogeitamarreraino, adibidez), edo esaldi berbera, ozenki eta presaka errepikatzea. Denboraldi batean ahoa irekita ere ibil daiteke, arnasari ezurren azpian dauden muskuluak zanpatu behar lizkioke, barrurantz eta kanporantz txandaka bultzatuz.

Ume bat baldin bada, urdailaren gainean jarritako txaplata edo mantaren batek (ur berotan bustitako eta ondoren ongi xukatutako oihal bat nahikoa da) arazoa konpon dezake. Umea oso txikia bada, jarreraz alda daiteke, eta urdailaren gain masaje-moduan presio arin bat egin diezaiokegu. Bularreko haurretan, kasurik gehienetan, zotina umea ongi lehortu gabe edo bustita uzteagatik gertatzen da. Kasu hauetan, oso erraz konpontzen da oihal lehor eta berotan estaltzen badugu.

Pertsona bero mantentzea, onuragarria da zotin-kasu guztietan.

Bestelako truko batzuk

Ondoren aipatuko ditugun trukoak horixe dira, ohitura eta usadioen arabera, gure egunotoraino iritsi diren prozedurak. Batzuk besteak baino arrakasta handiagoa lortuko dute, baina kalterik sortuko ez dutenez, bere horretantxe aipatuko dizkizuegu.

    Belarri-girgilak, uraren edo listuaren bidez, zertxobait hoztea. Ez da beharrezkoa tenperatura asko jaistea; belarriak bustitzea soilik nahikoa bait da.
    Ozpinetan bustitako azukre koskor bat zupatzea, edota azukrez gozatutako ozpin-goilarekada eder bat hartzea. Beste sistema batek dioenez, azukre-hautsen goilarekada bat irentsi behar da, batere urik gabe.
    Eguzkiari begira egotea, horrela usina edo doministikua eragiteko.
    Belarriak tapatzea.
  • Bizpahiru gatz-ale irenstea, etab.

Ezin utziko genuke aipatu gabe, zotinka dagoen pertsona "beldurtu" edo ustekabean harrapatzea proposatzen duen sistema ezaguna.

Aipatutako datuekin arazo txiki, baina askotan gogaikarri, hori konpontzeko lagungarri izan garen esperantzan, hurrengorarte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia