}

Zorionak, Voyager!

2002/08/20 Elhuyar Zientzia

Nasaren misio arrakastatsuenetako batek 25 urte bete ditu gaur. Voyager misioa Jupiter eta Saturno sakonago aztertzeko helburuarekin sortu zen 1977an. Horretarako, planeta horien informazioa jasoko zuten bi zunda bidali ziren, Voyager 1 eta Voyager 2. Misioak lau urte iraungo zuela espero zen. Hala ere, zientzialariek misioa luzatu eta Urano eta Neptuno ere bisitatu zituzten zundek, 1986an eta 1989an, hurrenez hurren. Gaur egun oraindik ere martxan dirau.

Misioaren lehen 12 urteetan, inondik inora espero ez zen informazio-piloa jaso zuten bi zundek. Lau planeten eta haien 48 ilargiren sekretu batzuk argitzea lortu zuten: Neptunon dauden haize ikaragarriak, Saturnoko eraztunen kizkurrak edo Jupiterren Io ilargiko sumendiak esaterako.

Orain, gure eguzki-sistematik alde egiten ari dira zundak, heliopausarantz doaz. Heliopausa Eguzkiaren eraginpean dagoen eremuaren muga da. Hortik aurrera izarrarteko espazioa bakarrik dago. Eta hori da, hain zuzen, zunden azken helburua: heliopausa zehazki non dagoen eta nolakoa den aztertzea.

Zundek, irrati-uhinen bidez, egunero bidaltzen dute informazioa Lurrera, baina noizbait agortuko da informazioa bidaltzeko energia. Hori gertatutakoan, Lurrean zunden berririk egongo ez den arren, zundek etengabe bidaiatzen jarraituko dute izarrarteko espazioan.

Misioaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero
egin klik hemen
.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia