}

Zientziaren komunikazioarekin konpromiso gutxi zientziaren komunikazioari buruzko mintegian

2009/11/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Zientziaren komunikazioari buruzko mintegi bat egin zen azaroaren 18an Bilbon, EHUren Biofisika Unitateak antolatuta. Zientziaren eta gizartearen arteko arraila nola txikitu zen gaia, eta zientzialariak ziren bost hizlarietatik lau. Halakoetan ohikoa denez, kazetariak egurtu zituzten, eta gogor kritikatu zuten zoritxar-iragarleei egiten zaiela tokia komunikabideetan.

Kazetarien eta zientzialarien arteko ezinulertuaren gaia behin eta berriro ateratzen da zientziaren komunikazioari buruzko jardunaldi, kongresu eta mintegi guztietan, eta asteazkenekoa ez zen salbuespena izan. Argudioak ezagunak dira. Errazkeriaz, sinplekeriaz, sentsazionalismoz bustitzen dituzte kazetariek zientziarekin, osasunarekin, ingurumenarekin zerikusia duten albisteak. Izenburuak nahi dituzte, baieztapen biribilak. Eta zientziak ezin du hori eskaini. Zientzia galderak dira, zalantzak, erabateko ziurtasunik eza, konplexutasuna... Kazetariek, ordea, berehala behar dituzte iritziak, balorazioak, eta zientzialariek denbora behar dute informazioa irakurri, ulertu eta kontrastatzeko. Gainera, lanez lepo daude, ez dute asti handirik komunikaziorik eskaintzeko. Eta, bai, komunikatzea garrantzitsua da, baina ez da aintzatesten, ez nagusien aldetik, ez eta lankideen aldetik ere. Eta, gero, zientzialariak esan ez dituen hitzak jarriko ditu kazetariak haren ahotan...

Esan bezala, eztabaida klasikoa da, eta argudioak ere bai. Eta ez dira gezurra. Komunikabideek gizartean eragiteko gaitasun handia dute, eta, auzi bat nola jasotzen duten, era bateko edo besteko joerak sor daitezke. Edo lehentasuneko bilaka daiteke zientifikoki edo ikuspegi medikotik halako garrantzia ez duen auzi bat. Baita desitxuratu ere. Azkeneko adibidetzat, hor daukagu A gripea; baina mintegian beste kasu paradigmatiko batzuk ere aipatu ziren, umetoki-lepoko minbiziaren aurkako txertoa, kasu.

Kazetari zientifiko trebatuen beharra azpimarratu zuten mintegian, dokumentazioa ondo erabiliko dutenak, kontatzen duten hori eta haren testuingurua ulertuko dituztenak. Hala da, zalantzarik gabe. Ez hori bakarrik, ordea.

Zientzia-kazetariez gain, komunikazioarekin zinez konprometitutako zientzialariak ere behar ditugu, zientzia-albisteen gehiegikerien edo gezurren aurrean "hori ez da horrela" esango dutenak. Hitza hartuko dutenak, alfergurarik emango ez dienak. Lan nekeza da, bai. Izan ere, arrazoibide zientifikoa baino askoz errazago zabaltzen da gezur bat, ideia sentsazionalista bat, konspirazio-ukitua duen albiste bat, alarma bat... A gripearena ez errepikatzearren, hortxe dago LHC azeleragailua, eta guztiok irentsi behar omen gaituen zulo beltza sortzeko arriskua. Bolo-bolo zabaldu da ideia hori, eta CERNek ikaragarrizko txosten bat landu du hori gezurtatzeko, eta arriskuaren mamua bere tokian jartzeko. Eta, hala ere, bere buruari ConCERNed izena jarri dion talde batek (Committee on CERN Experimental Dangers) Nazio Batuen aurrean salatu nahi du LHCa, Lurreko bizia mehatxatzen duelako, eta, hortaz, giza eskubideen aurka doalako. Gertuago, Euskal Herrian bertan, auzitan daude oraintxe Wi-Fi sistemak, eta ikaragarrikeriak entzuten ari gara.

Egoera sinestezin horien aurrean, zilegi da zientzialariek eztabaidan parte hartu nahi ez izatea. Ahitzeko modukoa da, eta komunikabideek ez dute gehiegi laguntzen askotan. Joera dago, adibidez, oreka % 50 dela pentsatzeko; parez pare jartzeko Wi-Fiaren aurkako bat eta uhin elektromagnetikoetan aditua den bat, klima-aldaketa gertatzen ari dela ukatzen duen bat eta ukatzen ez duen beste bat... adostasun zientifikoa eta sinesgarritasuna edozein direlarik ere. Baina, akigarria izanagatik, ikuspegi zientifikoa emango duten zientzialariak ezinbestekoak dira komunikabideetan. Bestela, jai dugu. Betikoek hartuko dute espazioa.

Jakina, ezin da inor behartu parte hartzera, baina komunikazio zientifikoari buruzko mintegi batean geunden, eta ez genuen gutxiago espero hizlarietatik. Ez zen hori izan mezu nagusia, baina. Gaiaren garrantziaz hitz egin zuten, baina gehiegitan bota zuten harria besteren teilatura. Ez dugu guk ere kritika hutsetan erori nahi, ordea. Elhuyar Fundazioak 30 urtetik gora daramatza zientzia komunikatzen. Publiko guztietara eta formatu guztietan zabaldu nahi ditugu zientzia eta teknologia, eta pentsamendu kritiko-zientifikoa, eta, horrenbeste urtean, nahitaez pasatu gara eztabaida-fase horretatik. Besteak beste, Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategiak urtero antolatzen dituen mintegietan. Eta zerbait ikasi badugu izan da zientzialariak eta kazetariak behar direla jardun honetan. Elhuyarren, eredu horren alde egin dugu, eta, hala, ikasketaz kazetariak eta zientzialariak diren pertsonez osatutako 20 laguneko taldea daukagu lanean. Zientzia-kazetariak dira, edo zientzialari kazetariak, zientzia-kazetaritza serio eta konprometitua egin nahi dutenak. Zientziaren komunikazioaren inguruko kezka eta interesa goraldian dauden honetan, gure poza adierazi besterik ezin dugu egin, eta gure esperientzia besteen zerbitzura jarri.

*Eider Carton
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia