}

Zientziaren Astea Elhuyarren

2005/11/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Elhuyar Fundazioak bi ekitaldi antolatu ditu Zientziaren Astearen barruan. Batetik, “Zientzia- eta Teknologia-berrien tratamendua eguneroko prentsan" ikerketaren emaitzak aurkeztu dira, eta, bestetik, Teknoskopioa asmatzaile gazteentzako lehiaketako sariak eman zaizkie irabazleei. Bi ekitaldiak Elhuyar Fundazioaren egoitza nagusian egin dira, eta zientzia, teknologia eta hezkuntzarekin lotutako hainbat lagunek parte hartu dute.

Erdian, Jon Barrutia Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea.
(Argazkia: N. Goizueta)

Besteak beste, Jon Barrutia Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Julian Florez VICOMTech zentro teknologikoko zuzendaria izan dira ekitaldietan. Hasteko, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusi Itziar Nogerasek ipuin-moduko bat irakurri du. Horren bidez, Elhuyarrek zientzia-dibulgazioan egiten duen lana irudikatu du.

Jarraian, Jon Barrutiak hartu du hitza, eta azken hamarkadetan egon den aldaketa nabarmendu du: “duela hamar urte, urtean hogei tesi baino ez ziren irakurtzen EAEn, eta, gaur egun, egunean bat irakurtzen da”. Elhuyarri zientzia-dibulgazioan egiten duen ahalegina eskertu dio, eta instituzioak zientzia-dibulgazioan gero eta inplikatuagoak daudela adierazi du.

"Zientzia- eta Teknologia-berrien tratamendua eguneroko prentsan" ikerketa da konpromiso horren adibideetako bat, Eusko Jaurlaritzak eman baitu aurrera eramateko behar zen dirua. Bigarren urtez egin da ikerketa, eta sei hilabetez hainbat egunkaritan argitaratutako zientzia- eta teknologia-albisteak bildu, aztertu eta sailkatu ditu Leire Latierrok. Ikertzaileak berak azaldu ditu emaitzak eta ondorio nagusiak.

Besteak beste, nabarmendu du aurreko urteko datuekin alderatuta arlo horietako albisteen kopurua handitu egin dela. Gainera, egunkarien sailetan lehen baino sakabanatuago azaldu dira albisteak; hortaz, zientziak eta teknologiek bizitzaren edozein arlorekin izan dezaketen lotura gero eta modu naturalagoan islatzen da prentsan.

Emaitza guztiak ez dira hain baikorrak, ordea. Hain zuen ere, aurten berrikuntza bat sartu da, eta albisteak zenbateraino zeuden landuta ere hartu da kontuan. Hortik ondorioztatu da badagoela zer hobetu.

Sari-banaketa

Lehiaketaren irabazleak, epaimahaikideekin eta sarien banatzaileekin batera.
N.Goizueta

Aurkezpenaren ondoren, Teknoskopioa asmatzaile gazteentzako lehiaketaren sari-banaketa egin da. Lehiaketa Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta zegoen, eta Barakaldoko El Regato ikastetxeko ikasleak izan dira irabazleak.

Hain zuzen, Paula Aranak, Jone Miren Miguelek, Amaia Santamariak eta Asier de Diegok aurkeztutako “Ikasmahai digitala ” lana saritu dute epaimahaikoek. Fagor Electrodomésticos eta VICOMTech enpresek babestu dute sariketa, eta, haiei esker, iPod bana jaso dute irabazleek. Nola ez, gazteek pozarren eskuratu dituzte sariok, eta, haien alaitasunak kutsatuta, itxaropenez bukatu da Elhuyarrek Zientziaren Astean egindako ekitaldia.