}

Zientziaren argitalpen-sistema

2019/03/01 Izortze Santín Gómez - Biokimika eta Biologia Molekularreko irakasle eta ikertzailea EHUn | Pablo José Barrecheguren Manero - Biomedikuntzan doktorea eta zientzia-komunikatzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientziak argitalpen-sistema eraginkor eta gardena behar du, ikertzaileen aurkikuntzak, hausnarketak eta datuak zabaltzeko. Azken urteotan, ordea, kezka handiak ageri dira zientzialariengan, sistema bera kolokan jartzeraino.

zientziaren-argitalpen-sistema

 

Argitaratzen ez dena, ez da existitzen… ala bai?

Izortze Santín Gómez

Biokimika eta Biologia Molekularreko irakasle eta ikertzailea EHUn

Zientzian lan egiten dugunok emaitzak lortu eta argitaratzeko lasterketan gabiltza egunez egun. Argitaratzeko presioa karrera zientifikoa hasi eta berehala sartzen da gure buruan, argitalpenek bermatuko baitute gure biziraupena ikertzaile gisa. “Argitaratzen ez dena ez da existitzen”. Baina zenbateraino da egokia zientziaren egungo argitalpen-sistema?

Asko dira puntu ilunak. Esaterako, zientzia-argitalpenen inguruan eraiki den negozioa. Munduan egiten den ikerketaren parte garrantzitsu bat diru publikoz finantzatuta dago; ikerketa horietatik lortzen diren emaitzak, berriz, ordainpeko sarbidea duten aldizkari zientifiko pribatuetan argitaratzen dira gehienetan. Horrela, artikuluetarako sarbidea bermatzeko, instituzio publikoek diru publikoarekin ekoitzitako materiala berrerosi behar izaten dute. Hortaz, esan daiteke zientzia-argitaletxeak diru publikoz bizi direla. Argitaratu nahi baduzu, ordaindu, eta irakurri nahi baduzu, ordaindu berriz ere. Negozio biribila.

Halere, zientziako argitalpen-sistemaren izaera itxiak bestelako arazoak ere badakartza: besteak beste, lan zientifikoen ebaluazioen eskuragarritasun eta gardentasunik eza. Azken urteotan, zenbait aldizkarik erabaki duten arren artikuluen ebaluatzaileen izen-abizenak eta haien ebaluazioak argitara ematea, gehienetan ezin da eskuratu informazio hori. Horrenbestez, ebaluatzaile batek lehiakide baten lana argitaratzea geldiarazi nahi badu, ezkutu ezin hobea emango dio anonimatuaren itzalak.  

Egungo argitalpen-sistemak dituen arazoei aurre egiteko, Zientzia Irekia deritzon mugimendua jarri da martxan. Ikerketa eta datu zientifikoak herritar guztientzat eskuragarri eta irekiak izatea du helburu mugimendu horrek. Hala, argitalpen zientifikoetarako sarbide unibertsala ezarri, eta ikerketen emaitzen ebaluazioen izaera irekia bermatuko lituzke. Izan ere, publikoki eta modu irekian egiten dena existitzen da.

 

Argitaletxeak: negozio txarra zientzialarientzat

Pablo José Barrecheguren Manero

Biomedikuntzan doktorea eta zientzia-komunikatzailea

Jo dezagun liburu bat idatzi duzula, argitaletxe bati eskuidatzia gustatu zaiola eta argitaratu egingo duela. Baina horretarako ordaindu egin behar duzu, eta, gainera, liburuaren salmentatik ez duzu zentimo bakar bat ere jasoko. Tratu eskasa irudituko zaizu, ezta? Bada, horixe da ikertzaile askok egunero onartu behar duten tratua, baldin eta beren emaitzak aldizkari zientifiko batean argitaratu nahi badituzte.

Zorionez, egoera hori aldatzen ari da Open Access argitalpen-sistemari esker, artikuluetarako sarbidea doakoa baita. Baina eredu horrek baditu zenbait arazo:

Horietako bat da artikuluak argitaratzeko ordaintzen jarraitu behar dutela ikertzaileek, eta aldizkari batzuetan argitaratzeko 1.000-4.000 euro ordaindu behar direla; beraz, ikertzaile batzuek ezin dute aldizkari ospetsuenetan artikulurik argitaratu, nahiz eta aldizkari horietan argitaratzeko moduko maila izan haien lanek. Beste arazoetako bat da halako argitaletxeen elementurik garrantzitsuena peer review prozesua edo kideek berrikusteko prozesua dela, zeinaren bidez ebaluazio tekniko sakona egiten baitute jarduneko ikertzaileek, ikusteko ea artikuluak argitaratzeko modukoa izateko behar adina zorroztasun zientifikoa duen. Salbuespenak salbuespen, zientzialariek ez dute dirurik kobratzen lan hori egiteko. Beraz, horren ondorioz, zientzialariek beren denbora pertsonalaren zati bat ematen dute argitaletxeentzat doan lan egiten.

Horregatik guztiagatik, Open Access sistemak mesede egiten die argitaletxeei, baina kalte, ikertzaileei. Gainera, ikertzaileek artikuluak argitaratzen jarraitu behar izaten dute beren ibilbide profesionalean gora egiteko, eta horrek oztopo handiak jartzen ditu arazo horiei irtenbidea bilatzeko unean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia