}

Zientzialariek uste zutena baino koral-arrezife gutxiago dago

2001/09/11 Astobiza, Amaia


Hainbat zientzialarik koral-arrezifeen lehenengo munduko atlasa egin dute, eta, horri begira, badirudi aurretik uste zena baino askoz koral-arrezife gutxiago daudela. Atlasa Nazio Batuetako Ingurugiro Programaren parte den Munduaren Kontserbaziorako Kontrol Zentroan egin dute, Cambridgen, eta proiektuaren arduraduna Mark Spalding izan da.

Azkeneko kalkuluen arabera, koral-arrezifeek 284.300 kilometro karratuko azalera hartzen dutela ikusi da, hau da, Erresuma Batuak eta Irlandak batera duten azalera, gutxi gorabehera. Beste era batera esanda, ozeanoaren % 0,1 baino gutxiago izango litzateke. Orain arteko kalkuluen arabera, ordea, koral-arrezifeen azalera azken honetan lortutakoa baino bi edo are hamar bider handiagoa dela kalkulatu izan da.

Mark Spaldingen arabera, hala ere, ez da pentsatu behar gainerako arrezifeak desagertu egin direnik. Bere ustez, orain arteko kalkuluetan oso estrapolazio gordinak egin izan dira, eta, horregatik, orduko emaitzek ez dute zerikusi handirik oraingo emaitza berri eta zehatzagoekin.

Dena dela, egia da koral-arrezifeak uste genuena baino azkarrago desagertzen ari direla. Izan ere, koralek etengabeko arriskuak jasan behar izaten dituzte; horien artean, nola ez, gizakiaren jarduna.

Egindako kalkuluen arabera, gizakion jarduerak arrezifeen % 58 inguru desagertzeko arriskuan ipini du. Gainera, ezin dugu orain arte desagertarazitakoen berririk izan.

Gizakiaren jardunak hainbat alderdi ditu. Alde batetik, kontrolik gabeko turismoa dago. Bestetik, mantenugaietan aberatsak diren hondakin-urek eta itsasora isurtzen diren ongarriek algen hazkundea eragiten dute, eta etengabe hazten diren algek, apurka-apurka, koralak itotzen dituzte.

Bestalde, klima-aldaketak ere kontuan hartu behar dira, koral-arrezifeak oso sentikorrak baitira tenperatura-aldaketekiko. 1998an, adibidez, El Niño gertakari klimatologikoaren eraginez uraren tenperatura 1-2 gradu artean igo zen, eta Indiako Ozeanoko erdialdeko koralen % 90 inguru desegin zuen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia