Zientzia eta teknikarako euskara zuzena
2003/01/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Liburua, izenburuak berak dioenez, zientzia eta teknikarako euskara zuzena erabiltzeko irizpidez eta arauz osatuta dago eta Jose Ramonek argi eta garbi dauka nori zuzendua dagoen: “Liburua erabiltzaileentzat egin dugu eta ez linguistentzat. Gure ustez, erabiltzaileak institutuetan, ikastoletan, unibertsitatean… lanean diharduten fisikariak eta matematikariak dira, batez ere”.
Hortaz, liburu honekin erabiltzaileek eguneroko lanean aurkitzen dituzten arazo konkretuei erantzun nahi izan diete. “Adibidez, nola irakurri arbelean agertzen den formula bat euskaraz edo problema bati zein erredakzio-mota eman ondo idatzita egon dadin. Arazo praktiko horiei erantzuna ematen saiatu gara”.
Izenburua:
Zientzia eta teknikarako euskara.
Zenbait hizkuntza-baliabide
Egileak:
Martxel Ensunza,
Jose Ramon Etxebrria,
Jazinto Iturbe
Argitaletxea:
UEU
Orrialde-kopurua:
458
Jose Ramonen iritziz, batik bat kontsultarako liburua izanagatik ere, lehen atalean badago irakurtzeko atsegina den zati historiko bat. Bestea, dudarik gabe, zalantzaren bat edukitzean kontsultatzekoa da.
Bi atalez osatutako liburua
Liburuak bi atal nagusi ditu. Lehenean, adierazpen matematiko-fisikoen irakurbidea aztertu dute. Alegia, nola irakurri arbelean agertzen den formula matematikoa. Jose Ramonen esanean, “bai gaztelaniaz, bai frantsesez eta bai ingelesez, XIX. mendean irakasle-eskolak sortu zirenetik errotu den tradizio luzea dago. Maisuek esamoldeak eskola normalean, hau da, normalizatuta zegoen eskolan, jaso zituzten. Bistan da euskaldunok ez dugula irakasle-eskola normalik izan eta gure belaunaldia arte ez da normalizaziorako pausorik eman”.
Liburua bide horretan pauso bat gehiago da eta bere ekarpen nagusietakoa sinboloak irakurtzeko ematen diren hiru arau dira. Lehen araua sinbolo sinpleei dagokie, bigarrena egituradun sinboloei (sinboloaren barruan zenbait elementu daudenean, esaterako lim) eta hirugarrena sinbolo-kateei.
Horrez gain, batxilergoan eta unibertsitateko lehen urtean agertzen diren formula matematiko guztiak eredu modura ipini eta nola irakurri behar diren ere azaldu dute.
Bigarren atalean, kapituluka sailkatuta kasu konkretuagoak landu dituzte egileek. Horien artean, lexiko sorkuntzarako teknika, unitate lexikal konplexuen logika, zenbakiek hizkuntzan sor ditzaketen arazoak, magnitudeak, unitateak eta laburdurak, geometriako elementuak, ikurren eta zeinuen katalogoa eta kimikako problemak landu dituzte. Esan beharrik ez dago liburuak zientzia eta teknikako euskara bere osotasunean lantzen duela, ahozkotasuna, idazkera eta hitz berrien sorrera aztertzen baititu.
Liburua egiteko arrazoia
Liburua hutsune bat betetzeko asmoarekin egin ote duten galdetzerakoan, “liburuaren prehistoriaz” jardun du Jose Ramonek. Bere esanean, “ahalegin hau ez da gurea bakarrik. Orain dela 35 urte inguru abiatu zen lana, hain zuzen ere ikastolak sortu zirenean”.
Horregatik, liburuaren lehen partean, hasiera hartatik gaurdaino argitaratu diren lanak analizatu dituzte. Lan horren lehen fruituak duela 20 urte inguru argitaratu ziren matematika-liburu batzuk dira. Esaterako, Mikel Zalbidek egin zuen matematikako liburua eta UZEIk egindako lan ederra.
Martxel Ensunzak ere, liburu honen egileetako batek, unibertsitatean euskara teknikoa ikasgai moduan ematen hasi zirenean materiala bildu zuen. UEUk lan horren hiru argitarapen egin zituen —hain espezializatua izanik, harrigarria— eta gaur egun agortuta dago.
Lan horren edizio berri bat argitaratzeko asmoarekin luzaz ibili ondoren, azkenean, liburuaren eguneratze- eta osatze-lana egin dute egileek orduko proposamenek egin duten bidea, Euskaltzaindiaren azken arauak, eta gaur egungo joerak batuz.
Jose Ramon-en hitzetan, “gure lana asko erraztu da azken hogei urteetan. UEUren inguruan bi lan-talde nagusi daude; bata, Donostian Elhuyarren inguruan dagoena, eta bestea Leioan Zientzia Fakultatearen inguruan dagoena. Biek nahikotxo argitaratzen dutenez, batak bestearen berri du. Horrela, aukera terminologiko ia berdinak egiten ditugu eta esamoldeak ere nahiko estandarizatuta daudela uste dut. Nire ustez, ona da estilo zientifikoa nahiko bateratuta egotea erabiltzaileek kontzeptuak normaltzat har ditzaten”.
Dena dela, aurretik argitaratutako euskarazko lanak ez ezik, inguruko hizkuntzak ere aintzat hartu dituzte. “Ardura handiz aztertu ditugu inguruko nazioarteko hizkuntzak, batez ere, ingelesa, gaztelania eta frantsesa”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia