}

Zerk eusten die zuhaitzei?

2002/01/06 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Zuhaitzek mundu zabala osatzen dute eta, edertasun paregabea erakusteaz gain, ikerketek hainbat bitxikeria gordetzen dutela argitu dute. Besteak beste, aipatzekoak dira zuhaitzen egiturari buruzko ikerketak, zuhaitzen adina zehazteko lanak eta ADNren azterketei esker aurkitutako zuhaitz bakar batek osatutako basoa. Gehiago jakin nahi duenarentzat gomita luzatuta dago!

Ghost zuhaitza munduko zaharrenetakoa da.

Eguzkiaren mende egoteak eragin bitxia du landareetan. Sukaldeko leihoaren parean jartzen ditugunek hori erakusten dute. Argia non sentitu, harantz saiatzen dira egiten. Basoan ere argia harrapatzeko borroka latza dute landareek. Izpi goxoak harrapatzea hobe da gerizpeko tristuran geratzea baino.

Lehia horretan, zuhaitzak dira maisu. Inguruko beste edozein landareren gainetik begiratu ahal izateko lain hazten dira batzuk, beti ere argi eske. Adarrak ahalik eta goien zabaldu eta, batzuek, hostoak muturretan kokatzen dituzte beren buruari itzal ez egiteko. Oihana muturreko kasua da borroka horretan. Landareak mailatan banatzen dira bizitzeko, pisu askoko etxe batean egongo balira bezala.

Goiko pisuetakoek zuzenean jasotzen dute eguzkiaren argia, lurretik 40 metrora, gutxi gorabehera. Tenperatura-aldaketa handienak ere han gertatzen dira. Beherantz joanez gero, argitasuna urritzen da. Zoruko landaretza, beraz, ilun antzean bizitzera egokitu da. Tarteko mailak ere landarez beteta daude, bakoitza dagokion lekuaren jabe.

Zutabe naturalak

Fisikoki, oihaneko egitura erraldoi horri zuhaitzen enborrek eusten diotela esan daiteke. Zuhaitz bakoitza egitura ikusgarria da. Zein ez da inoiz gustura zuhaitz bati begira geratu? Gainera, ez dago Amazoniaraino joan beharrik ale handi eta ikusgarriak topatzeko. Ia lurralde guztietan izaten dira zuhaitz altu eta zaharrak. Horietako asko, gainera, lurralde baten sinbolo bihurtu dira, Gernikako arbola, adibidez. Kanadako banderan ere toki berezia dute zuhaitzek.

Eguzki-izpiak harrapatzeko lehia handia egoten da basoetan.

Zuhaitz altuen artean sekuoiek dute ospe handiena. Ipar Amerikako zona handi batean zabalduta zeuden garai batean, batez ere kontinentearen mendebaldean. Kolonoentzat aurkikuntza handia izan ziren baso horiek, baina neurri handi batean suntsitu egin zituzten. Paradoxa izan zen, sekuoien zura ez baita oso erabilgarria. Zur hauskorra da, eta, beraz, ez da batere egokia tresnak egiteko, ezta etxeak eraikitzeko ere. Ezaugarri horren ondorioz sekuoia batzuk salbatu ziren, baina beste asko moztu egin zituzten.

Bestalde, zuhaitz horiek diru asko eman diete estatubatuarrei. Parke nazionalak sortu zirenean, aurkitutako sekuoia handienak babestu egin zituzten. Ale horiek oso handiak ziren; munduko zuhaitzik altuenak, hain zuzen ere. Horrelako baten enborra zulatuta, autoak pasatzeko adinako tunela egin zuten. Gaur egun, erakarpen turistiko gisa dute hori guztia erakusgai: Sequoia Park.

Dokumentatu den sekuoiarik altuena Kaliforniako parke horretan dago eta 112 metro ditu. Baina munduan beste zuhaitz asko dira altuerarengatik aipagarriak. Pasatu berri den azaro honetan, Tasmaniako eukalipto erraldoi baten berri eman da, 96 metrokoa. Naturako errekorren zaleentzat esan beharra dago oraingoz hego-hemisferioan aurkitu den altuena dela.

Baina historiak ere badu zeresanik kontu horretan. Gaur egun ditugunak baino zuhaitz altuagoak dokumentatu dira beste garai batzuetan. Horien artean, orain dakigula, zehaztasunez neurtu den handiena Australian sortu zen. 143 metroko eukaliptoa zen eta 1885. urtean neurtu zen. Lehenago, seguruenik 150 metro baino gehiago izango zituen beste eukalipto baten berri ere jasota dago, hori ere Australian, baina zoritxarrez ez da zuhaitz horren neurketa zehatzik jaso.

Erraldoia blai

Horrelako landare erraldoi batek izugarrizko biomasa du, adarretan banatuta. Izan ere, adar horietan ur-kantitate handia kondentsatzen da behe-lainoetatik. Tantak pilatu eta zorura erortzen direnez, inguruko landaretzak erraz irauten du bizirik, euririk egiten ez badu ere.

Normalean, landareek sustraietatik xurgatzen dute ura; ur hori, zurtoinetik gora, hostoetaraino igotzen da eta handik atmosferara lurrundu. Landare oso handiek, hala eta guztiz ere, ez dute eskema bera izaten. Egun hezeetan, sekuoien inguruko lainoa nahikoa izaten da hostoetatik gertatzen den lurruntzea eragozteko. Gainera, atmosferatik harrapatutako urez hornitzeko sistema hori oso eraginkorra suertatzen da. Hori guztia kontuan hartuta, erraz ulertzen da munduko zuhaitzik handienak hainbeste denbora irautea bizirik.

Hil ala bizi

Zuhaitzek gllukosa-molekulak bata bestearen atzean jarrita osatutako barne egitura daukate.

Zuhaitzen adinaren kontuak ere merezi du arreta. Zalantzarik gabe, bizidun zaharrenak zuhaitzak dira. Dena dela, hori frogatzea ez da erraza. Altuera adina baino askoz errazago neurtzen da. Jakina da: zuhaitzen adina enborra ebaki eta eraztunak zenbatuta jakin daiteke; arazo batzuk sortzen dira, ordea.

Eraztunak zenbatzeko ez da zuhaitza guztiz moztu behar, hau da, ez dago hil beharrik adina jakin ahal izateko. Tresna berezi batzuen bitartez, enbor-zatiak erauz daitezke. Ondo eginez gero, zuhaitzari ez dago min handirik eman beharrik; aste gutxiren epean, zauria itxi egiten da eta enbor zati hori bere onera etortzen da berriz. Batzuetan, berriz, laginik hartu gabe kalkula daiteke zuhaitz baten adina, enborraren beraren lodieratik abiatuta. Dena dela, metodo hori ez da oso zehatza izaten, espezie bereko zuhaitzen eraztunak ez baitira zabalera berekoak izaten.

Eraztun bakoitza zuhaitzaren bizitzaren urte batean utzitako zurezko 'hondakina' da; urteak ez dira berdinak izaten eta, beraz, enborrean utzitako 'seinalea' ere ez. Urte batzuetan zuhaitza beste batzuetan baino gehiago edo hobeto hazten da. Hazkuntzarako urte zaila izan baldin bada, han geratuko den eraztuna estua izango da; urte 'oparoetan', berriz, zabala. Hazkuntzarako urte ona ala txarra izatea faktore askoren araberakoa da, baina beharbada, horien artean eragin handienekoa eguraldia da. Beraz, garai bateko eguraldiaren joerak irakur daitezke enborretan.

Baina beste hainbat datu ere atera daitezke eraztunen analisitik. Arazo bakarra interpretazioa da. Horretaz arduratzen den zientziaren esparru bat badago: dendrokronologia. Zuhaitz askotan urte-tarte beraren azterketa eginda, tartearen ezaugarriak iker daitezke.

Dendrokronologiak, hala ere, muga asko ditu. Alde batetik, latitude askotako zuhaitzek ez dute eraztunik sortzen. Ez da harritzekoa. Kontuan hartu behar da ekuatoretik zenbat eta gertuago, orduan eta gutxiago bereizten direla urtaroak, eta eraztunak eratzeko negua izatea ezinbestekoa da, orduan eten egiten delako hostoetarako ur-garraioa. Etenaldi horretan 'grabatzen' dira eraztunetako koloreak, hain zuzen ere. Lurralde tropikaletan negurik izaten ez denez, zuhaitzetan ez da eraztunik osatzen.

Betiko bizitzeko eginak?

Enborretako eraztunei esker jakiten da zuhaitzaren adina.

Tasmanian izaki bizidun harrigarri bat dago. Berez, zuhaitz zahar pila baten itxura du, baina azterketa zientifikoek ez dute hori esaten. Dirudienez, ale guzti-guztiek ADN berdina dute. Klonatutako zuhaitzak al dira? Zuhaitzek eta beste bizidun konplexuek ez dute naturalki klonik sortzen. Beraz, azalpen bakarra gelditzen da. 'Baso' osoa izaki bakarra da; eta oso zaharra, gainera. 4.600 urte inguru dituela kalkulatzen da. Nola neurtu da hori? Zuhaitz hain 'adinduetan' eraztunen azterketa ez da oso fidagarria. Baina zuhaitzaren polen-fosila ere azter daiteke eta hortik gutxi gorabeherako adina kalkulatu.

Uholderik edo suterik gertatzen ez den bitartean, zuhaitzek etengabe hazi behar dutela ematen du. Beste organismo gehienei zahartzaroa iristen zaie adin batetik aurrera. Adin horrek, gainera, ugaltzeko ahalmena galtzearekin zerikusia du. Ez bada ugaltzen, bizidun hori ez da naturarako 'baliagarria'. Baina badirudi zuhaitzak etengabe ugaltzen direla eta aurrera egiten dutela ematen dute. Egia al da? Zientzialariek esaten dute 5.000 urtetik gorako zuhaitzik ez dela ezagutzen hondamendi naturalen ondorioz. Hausnartzen jarduteko gai polita, ezta?

Zutik iraun

Zuhaitzetan enborrak pisu oso handia jasan behar izaten du. Horregatik, zuntz zurrunez osatuta egon behar du. Animalia handietan, hezurdurak betetzen du funtzio hori. Landareek beste irtenbide bat asmatu dute. Glukosa-molekulak bata bestearen atzean jarrita osatutako barne egitura daukate. Animalien gibelean ere halako egitura dago, glukosa gordetzeko eta beharrezkoa denean eskura izateko. Baina gibeleko glukosa segida horrek ez du zuntz zurrunik sortzen. Zertan datza diferentzia?

Diferentzia glukosa-molekulak bata besteari lotzeko moduan datza. Molekulek elkarri heltzeko 'beso' asko dituzte. Horietako beso bat erabilita, materia biguna lortzen da, eta erraz askatzen da. Gordekin bezala erabiltzeko sistema aparta da, beraz. Beste beso bati helduta, ordea, zuntz zuzen eta zurrunak osatzen dira, eta aizkolariak ere izerdi ugari botatzen du holakorik mozteko.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia