Zergatik uzten dute hegazkinek arrasto zuria zeruan?
2000/05/17 Elhuyar Zientzia
Hegazkinek zeruan utzitako arrasto zuriak oso azalpen erraza dauka: arrasto zuri hori kondentsatutako ura baino ez da.
Hegazkinaren motorretan, erregaia erretzen denean, lurrun-egoeran dagoen ura sortzen da, eta ur hori aire beroarekin batera kanporatzen du hegazkinak. Kanporatutako lurrun hori ez da beti kondentsatzen, eta horregatik, hegazkinek ez dute beti arrasto zuria uzten. Hegazkinek arrastoa uzteko, edo bestela esanda, kanporatutako lurruna kondentsatzeko, atmosferako aireak hotza eta hezea izan behar du.
Atmosferako airea hotza eta hezea denean motorrek askatutako lurruna kondentsatu egiten da eta guk lorratz zuria ikusten dugu zeruan. Tenperatura hauek oso baxuak eta hezetasun-maila handikoak altitude handitan izaten dira normalean. Horregatik, oso goian dauden hegazkinek bakarrik izan ohi dute "isats zuria".
Batzuetan, lurruna kondentsatu ez ezik, izoztu ere egiten da eta hegazkina aspaldian desagertu bada ere, arrastoak orduak behar izaten ditu erabat desagertzeko. Guztiok erraz eta ondo ulertzeko moduan azaltzeko, esan dezagun negu hotzean arnasa botatzen dugunean gertatzen den fenomeno berbera dela hegazkinek utzitako arrasto zuriarena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia