}

Zenbakiaren xarma: Paul Erdös

2019/09/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Oro ez da urre. Paul Erdös (1913-1996) historiako matematikaririk bitxienetariko bat izan da. Ero-ero eginda zegoen… eta matematika egiten zuen. Kito. Matematikarik gabeko minutu bakoitza denbora galdua zen!
zenbakiaren-xarma-paul-erdos
Arg. Wikipedia

Hiru urterekin hiru zifrako zenbakiak biderka zitzakeen, eta 10 urte zituenerako Pitagorasen teoremaren 37 froga aurkituak zituen. To! Ez zuen familiarik nahi, eta ez zen inon bizi: munduan zehar ibiltzen zen, herriz herri, maleta erdi-huts batekin (“Jabetza kaltegarria da!”, zioen, umoretsu eta, aldi berean, serio).


Aldizkari ezezagunenean ere idatzitako artikulu matematikoren bat interesatuz gero, egilearengana joan (edozein kontinentetan zela ere!) eta, esate baterako, haren etxera goizeko 4etan iritsi arren, atea jo eta, besterik gabe, botatzen zion: “Erdös naiz. Zure burua zabalik al da?”. Ezin ezetz esan! Zenbait egunez, matematika egiten zuten, hitzaren zentzurik sakonenean. Bizienean. Matematikari askorentzat, Erdösen ezusteko bisita jasotzea zen saririk handiena.


Urrea ez zuen tentazio. Erdösek hitzaldiak egiten irabazitako gehiena eman egiten zuen: ahaideei, ikasleei, ezezagunei. Behin, hileko soldata kobratu berritan, eskale bat ikusi eta, beretzat txanpon batzuk gorde ondoren, gainerako guztia eman zion behartsu harrituari.


Urrea ez zen, ez, oro Erdösentzat. Adiskidetasuna zegoen, eta, jakina, zenbakiak. Matematikaria zen, eta ero-ero eginda zegoen… bere zorionerako. Ai, erotasun guztiak Erdösenaren modukoak balira!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia