}

Zeintzu dira gure familiarteko tximinoak?

1989/04/01 Torrontegi, E. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gure arbaso zaharrena zein den aurkitzeko garaian —gizaki eta tximinoen jatorria zein den erabakitzerakoan alegia— imajinazioak ez du mugarik. Gizakien eta tximinoen anatomian edo fosil-seriean ez da arbaso horren ezaugarririk agertzen. Zelula barruko genomaren mundu ezezagunean bakarrik aurki genezake arbaso horren frogarik.

Bai zoora doazen bisitarientzat eta bai anatomista adituentzat, begibistakoa dirudi txinpantzeek eta gorilek elkarrekin gizakiarekin baino lotura handiagoa dutela. Elkarren antz handia dute. Txinpantzeak eta gorilak iletsuak dira eta lau hankaren gainean dabiltza. Gizakiak, aldiz, ez. Hanka motzak eta beso luzeak dituzte, zuhaitzetik zuhaitzera jauzi egiten dute, eta behatz-koskoen gainean dabiltza. Guk hanka luzeak eta beso motzak ditugu; oso esku malguak, biana pisurik ez daramatenak. Beren garuna txikia da eta gizakiona handia; betagin handiak dituzte, guk txikiak; atzeko haginek esmalte-geruza mehea dute, gureek lodia.

Beren arteko antzekotasun hauek eta beste batzuek zirela medio, anatomista konparatzaileak ehun urte baino gehiagoz bi tximino-mota afrikarrak gertuko ahaideak zirela konbentzituta egon ziren. Hori horrela zela onartuz, gure arbaso amankomunak, tximino ezezagunak, enigma izaten jarraituko zukeen. Txinpantze eta gorilen antzera behatz-koskoen edo gizakion antzera bi hankaren gainean zebilena edo aurrekoekin zerikusirik ez zuena eta erabat desberdina ote zen?

Gorila. Gorila eta txinpantzea omen dira gure ahaiderik gertuenak.

Anatomiak txinpantzeak eta gorilak hurbiltzen eta gizakiengandik aldentzen dituela dirudien arren, zientzilariek bestelako frogak biltzen dihardute; bi tximino-motak aldendu eta gizakia eta txinpantzea hurbileko bikotetzat hartzen dituen frogak biltzen, alegia. Zeintzuk dira ideia hau bultzatzearen arrazoiak?

Epaitegiak odol-analisiak behar izatean ditu inoren aitatasuna erabakitzeko; balizko aitaren ile gorria eta begi berdeak edukitzea ez bait da nahikoa. Antzekotasun fisikoak sarritan okerreko ondorioetara eraman gaitu. Gure arbasoen kasuan, odol-probak proteina eta DNAren konparaketa molekularrak dira; honek ahaidetasuna antzeko itxura edukitzeak baino hobeto frogatzen bait ditu. Dossier lodi batean ikus daitekeenez, gizaki eta txinpantzeen molekulek gorilen molekulen antza baino elkarren antz handiagoa dute. Honek zera esan nahi du: gizakien eta tximinoen arbaso amankomunak txinpantzearen antza izan zezakeela.

Antropologo asko ordea, ez dator bat ikuspegi horrekin. Jatorria zein den erabakitzeko froga nagusia hezurrak eta hortzak direla sinesten segitu nahi dute oraindik. Antropologo bakoitzak badu jatorriari buruzko gogoko erretratua: batzuen ustez gorilaren antzekoa da, beste batzuentzat orangutanaren antza du, badira giboiaren antza duela esaten dutenak ere eta beste batzuek orain dela 10 milioi urte desagerturiko tximinoaren antza duela diote. Batzuek diotenez zer-nolako itxura zuen ezin genezake inoiz jakin .

Gizaki eta txinpantzeen arteko lotura bultzatzen duen DNA-sekuentzien pisua hazten ari bada ere, antropologoak froga molekularraren aurrean jendeak gertaera txarraren aurrean erreakzionatzen duen modura erreakzionatzen ari dira: lehenik gertaera ukatuz, ondoren amorrazioz, gero atsekabetuz eta azkenik gertaera etsipenez onartuz.

Etapa guzti hauek antropologiaren literaturan ongi errepresentaturik daude.

Ukapenezko fasea 1960.eko hamarkadan hasi zen. Wayne Unibertsitate Estataleko (Detroit) Morris Goodman-ek eta geroago Kaliforniako (Berkeley) Unibertsitateko Vincent Sarich eta Allan Wilson-ek gizakiak, txinpantzeak eta gorilak hertsiki loturik zeudela eta hiruren artean hurbilagoko loturarik zuen beste bikoterik ez zegoela esan zuten. Hau, odoleko proteinen proba inmunologikoen bidez frogatu zuten. Sarich eta Wilsonek beren datuetan oinarrituz zera ondorioztatu zuten: hiru leinuak jatorri amankomun batetik zetozela; orain dela bosten bat milioi urteko jatorritik, hain zuzen ere.

Gizakia eta tximino afrikarrak garai hartan elkarrengandik izandako “urruntze” hau, ia mundu osoko antropologoek baztertu egin zuten. Antropologoek jadanik bazuten beraiek “gizaki-jatorria” deitzen zutena ( Ramapithecus , orain dela 14 milioi urtekoa) eta horrek orain 15-20 milioi urte gizaki eta tximinoak elkarrengandik urrundu egin zirela esan nahi zuen. Fosilen serieraren froga morfologiko eta datu molekularren artean, kontraesan zuzena dagoela dirudi. Ezinezkoa da biak zuzenak izatea.

Gizakiaren ahaideen aldaketa kronologikoa.

Behatz-koskoen gainean zebilen arbasoa

Sarichek ziur adierazi zuenez, 8 milioi urte baino zaharrago zen fosilik ezin zitekeen gizakiarena izan, zer-nolako itxura zuen alde batera utzita. Honen alternatiba, Berkeley-ko Sherwood Washburn-ek adierazi zuenez, zera zen: gizakiaren eta tximino afrikarren arbaso amankomuna afrikarra zela eta behatz-koskoen gainean zebilena zela.

Jarrera honek 1970.eko hamarkadan zehar amorrazioa sorterazi zuen paleoantropologoen artean. Kontua zera zen: zein motatako frogak ezartzen zuen hobeto denboran zeharreko ahaidetasun genetikoa, morfologiak edo molekulek? 1970.eko hamarkadako idazkiak antropologo molekularren aurkako erasoz beterik daude; Sarichen aurkako erasoez bereziki. Honek zera zioen behin eta berriz: lot ura genetikoa hezur-zatiek eta haginek baino hobeto, molekulek frogatzen dute. Sarichek honako hau botatzen zien paleoantropologoei: Nik badakit nire molekulek arbasoak dituztela. Zuek berriz, zuen fosilek ondorengorik dutenik ez dakizue.

Bitartean, joera molekularrari buruzko datuak pilatzen joan ziren eta istorioa beti berbera zen: gizakiak, txinpantzeak eta gorilak hertsiki loturik zeudela alegia. Ikerlariek inmunologi eta aminoazido-sekuentziaren teknikak erabiliz zein bikote zegoen hurbilago ezin zezaketen adierazi. Bikote hori zein den jakin ahal bageneza, arbaso amankomuna nolakoa zen zehazten has gintezke.

1980.eko hamarkadan ikerlariek teknika aurreratuak garatu dituzte; DNAren sekuentziatze azkarra, esate baterako. Hamarkada hau bukatzear dagoen une honetan, DNAren analisi gehienek txinpantze eta gorilen arteko lotura baino gehiago txinpantze eta gizakien artekoa adierazten dute. Hiru froga-mota desberdinak —DNAren sekuentziatze nuklearrak, DNAren sekuentziatze mitokondrialak, eta DNAren hibridazioak— indartsu bultzatzen dute aipatu bikotearen lotura.


Giza itxurarik ezin zaie tximino batzuei ukatu. Gorilaren barrea eta orangutanaren tristezia.
Goiko argazkia: I.X.I.

Wayne Estatu-Unibertsitateko Morris Goodman, Michael Miyamoto, Richard Holmquist eta kideek eta Tokyoko Unibertsitateko Shintaroh Ueda eta kideek, hominidoen globina zatien sekuentziak eta inmunoglobulina-geneak aztertu dituzte, hurrenez hurren. Bi kasuetan gizaki eta txinpantze-sekuentziak aurkitu dituzte antzekoenak.

Yale Unibertsitateko Charles Sibley eta Jon Ahlquist-ek aztertu dutenaren arabera, gizaki eta txinpantzeen DNA hibridoak gizaki eta gorilaren edo txinpantze eta gorilaren arteko hibridoak baino egonkorragoak dira, %20ko proportzioan. Honek zera esan nahi du: gorilen leinua enbor amankomunetik gizaki eta txinpantzeen leinua baino milioiren bat urte lehenago aldendu zela.

Antropologoak dirudienez —azken fasean aurkituz— froga molekularraren inplikazioak partzialki onartzera iritsi dira. Hogei urtez gizakiaren arbasotzat hartutako Ramapithecus alde batera utzi zuten.

Lehenago okerreko bidetik joan erazi zien hezur-zati eta haginetan oinarrituz, paleontologoek orain Ramapithecus orangutanen arbasoa dela aldarrikatzen dute.

Anatomiak eta fosilen serieek bizikera eta moldaerari buruzko informazio asko ematen dute. Fosilen serieak eta bertan isladatutako anatomi zatiak eboluzio-garapenaren sekuentzia baten froga dira. Fosilen serierik gabe, ezingo genuke gure arbasoak beren garuna handiagoa izatera iritsi arte bi hankaren gainean zebiltzanik edo sabana gizakiaren lehen habitata izan zenik jakin. Baina garapen-leinuak definitzeko garaian, anatomia eta fosilen serieez ezin gaitezke fida. Paleontologoek, ordea, ikuspegi honi eusten diote.

Kladistika izeneko metodologiaren inguruan bildu ziren. Hemen, primateen fosilen eta primate bizidunen zuhaitz genealogikoak ezaugarri “primitibo” eta “eratorrietan” (gehienbat hagin eta hezurren ezaugarrietan) oinarrituz eraikitzen dira. Zuhaitz genealogikoak eraikitzeko bide honetan daukagun elementu subjektiboa, esaldi honetan laburbildua dago: zuhaitz genealogiko bakar bati buruz ere ez ziren ados jarri.

Datu molekularren bertute nagusiena, zera da: objektiboki zehaztuak eta laborategi desberdinetan konparagarriak izatea. Teknika honek ez du desmenbrazio-eredu jakin baten “ezaugarriak” hartu eta aukeratzea ahalbidetzen. Morfologiak, bestalde, moldaera eta jatorria biak isladatzen ditu eta anatomian soilik oinarrituz ez dago bi elementu horiek askatzeko bide posiblerik.

Posible da, jakina, morfologia eta molekulen artean benetako kontrajartzerik ez egotea, zeren egitura molekularra organismo bizidun guztien anatomiaren oinarria bait da.

Garapena, anatomia, fisiologia eta portaera zehazten duen material genetikoa DNA denez, garapen-harremanei buruzko mezu oinarrizkoena berak eduki behar du. DNA-sekuentziek ez digute esaten (oraindik ez behintzat) animalia edo landare bat nolakoa den edo nola bizi den. Informazio hau anatomia konparatzaile, eremu-azterketa eta (desagerturiko espezieen kasuan) fosilen serrieei dagokie.

Hezurrak vs molekulak.

Eboluzioaren bidea

Sarritan gertatu ohi den bezala, aditu errespetagarriak organismo bizidunen arteko eboluzio-harremanei buruz ados ez daudenean, datu molekularrek argudioak finkatzen lagun dezakete. Datu molekularren artean (txinpantzeak eta gizakiak parekatzen dituzte) eta datu morfologikoen artean (txinpantzeak eta gorilak parekatzen dituzte) itxuraz dagoen kontraesanak lagundu egiten digu eboluzioaren bide posibleen artean hautaketa egiten.

Txinpantze eta gorilek elkarren antza arrazoi hauengatik izan lezakete: hurbileko ahaideak direlako; edo bai batarengan nola bestearengan gizakien arbasoengan galdutako ezaugarriak iraun dutelako edo bizikera desberdinetatik abiatuz antzeko bizikerak izan dituztelako. Datu molekularrek bigarren aukera bultzatzen dute. Lehen aukera kanpoan uzteko joera izan zuten eta txinpantze eta gorilek behatz-koskoen gainean ibiltzea, hortzetako esmalte fina, gorputzeko ilea, garun txikiak eta bestelako antzekotasunak ez dituzte seguruekin ere independenteki barneratu. Seguruagoa da gizakiek ezaugarri hauek beren garapenean galdu dituztela pentsatzea.

Lau hankaren gainean ibiltzea eta esmalte-geruza fina edukitzea aipatu dira txinpantze eta gorilak gizakien aurka gehien elkartu dituen ezaugarri gisa; gizakiak bi hankaren gainean dabiltza eta esmalte-geruza lodia dute. Orangutanek ere esmalte-geruza lodia dute, ez dira behatz-koskoen gainean ibiltzen eta azterketa molekular guztiek zera frogatu dute: gizaki, txinpantze eta gorilekiko duten distantzia, hiru hauek elkarrekiko dutena baino bi aldiz handiagoa dela.

Txinpantze eta gorilak behatz-koskoen gainean ibiltzen direlako lurzoruan ongi ibiltzen dira eta zuhaitzetara igotzen eta zuhaitz artean kulunkatzen trebeak dira. Txinpantze, gorila eta gizakien arbaso amankomuna behatz-koskoen gainean ibiltzen bazen, sabana afrikarrean bi hankaren gainean ibiltzen hastea lehen gizakientzat nahikoa pauso txikia baina garrantzitsua izan zen. Sabana horretan zuhaitzak oihanean baino sakabanatuagoak daude.

Hau bezalako sabanan sortu zen gizakia. Baina norengandik?

Antropologo batzuek diotenez, arbaso amankomuna ez zen behatz-koskoen gainean ibiltzen zena; tximino gehienak bezala zuhaitzetan bizi zena baizik. Ikuspegi honen arabera, arbasoa zuhaitzetatik jaitsi zen eta bi leinu sorterazi zituen: txinpantze-gorilen leinua (behatz-koskoen gainean ibiltzera iritsi zena) eta hominidoen leinua (bi hankaren gainean ibiltzera iritsi zena). Ikuspegi honen bultzatzaileek zera aldarrikatu zuten: gizaki bizidunen eskuen anatomiak eta giza fosilek ez dutela inoiz behatz-koskoen gainean ibili denaren frogarik ematen.

Bi hankaren gainean ibiltzeak giza anatomiaren antolakuntzan aldaketa sakonak eragin zituen: goiko gorputzadarrak laburragoak, behekoak luzeagoak eta astunagoak eta gorputzaren pisu guztiari eusten dioten oin egonkor finkoak izatea. Ondorioz, hominidoen garapenean gizakien eskuek oso goiz utzi zioten pisua eramateari. Tanzaniako Laetoli-n aurkitutako duela 3,5 milioi urteko hominidoen oin-aztarnek ez dute behatz-koskoen gainean ibiltzen ziren arrastorik.

Hegoafrikako Swartkrans-en lanean diharduten antropologoek aurkitu berri dituzte bi milioi urte dituzten erpuru-hezurrak eta neurri handi batean gure hezurrak eta hezur horiek berdinak dira. Hezur horiekin batera, harriz edo hezurrez egindako lanabesak aurkitu dituzte; garai berekoak. Horrelako lanabesak maneia ditzakeen eskuan behatz-koskoen gainean dabilenaren frogarik aurkitzea ezin liteke espero.

Lehen garaiko Australopithecus-ek txinpantzeen antz handia zuten, bestalde. Lucy ri, Etiopia-ko hiru milioi urteko espezimenari, bi hankako txinpantzea deitu izan zaio. Metro bateko altuera, txinpantze-tamainako garuna eta bere goiko eta beheko gorputzadarren proportzioak txinpantze eta gizakienen artekoak ditu.

Londreseko Unibertsitateko Tim Bromage eta Chris Dean-ek egindako azterketa berrien arabera, Australopithecus-en hortz-haginak txinpantzeenak bezala irten eta hazten dira.

Aurkikuntza guzti hauek txinpantze eta gizakien arbaso amankomuna txinpantzearen antzekoa dela eta azken 5 milioi urteetan txinpantzeen leinua gizakiena baino askoz gutxiago aldatu dela adierazten dute. Antropologo askok ez du onartzen txinpantzeek —edo bestelako edozein tximino bizidunek— arbaso amankomunaren antzik dutenik. Arbaso hau nolakoa zen inoiz ezingo dugula jakin uste dutenek hainbat tximino bizidunetatik zatiak eta pusketak hartuz beren mosaiko propioa eraikitzea nahiago dute. Fosil gehiago izan arte itxaron behar dugula uste dute beste batzuek.

Fosilak beti dira ongietorriak, baina zoritxarrez arbaso amankomuna ren izendapena ez da hezur-zatietan eta haginetan grabatua aurkitzen. Joan den mendean, hominido berri bakoitzaren aurkikuntza giza arbaso potentzial gisa hartu du ikertzaileak.

Badugu dagoeneko txinpantze antzeko arbasoarentzat, froga molekular, anatomiko, portaerazko eta fosilez osatutako kasu bat. Jane Goodall-ek txinpantzeek oihanean duten portaerari buruz egindako filmeek zera adierazten dute: txinpantzeen jokaera elkarrekintza sozialetan, komunikazioan eta tresnen erabilpenean neurri handi batean gizatiarra dela.

Sarritan ez da bi txinpantze-espezie desberdin daudela kontutan hartzen: txinpantze arrunta, Pan troglodytes , eta arraroagoa den txinpantze pigmeoa, Pan paniscus . Txinpantze pigmeoak eta txinpantze arruntak nahikoa desberdinak dira. Lehenak betagin txikiagoak ditu eta gehienetan bi hankaren gainean dabil. Txinpantze pigmeoak ez dira hain erasokorrak, aurrekoek baino askoz gehiagotan banatzen dute beren janaria eta talde handiagotan bizi dira. Txinpantze pigmeoek zabaltzen dute “txinpantze izate”aren kontzeptua eta neurri batean txinpantze arruntak baino txinpantze– eta giza arbasoaren antz handiagoa izan lezakete.

Tximino ezezaguna, gure arbaso amankomuna, ez da, jakina, inolako tximino-espezieren berdina, baina muga paleontologiko, jokaerazko, anatomiko eta molekularrek txinpantzeen moduko kreatura baterantz bultzatzen gaituzte. Molekulen arabera, gorilekin baino txinpantze bizidunekin zerikusi handiagoa du arbaso horrek. Beste edozein tximinoren antza baino txinpantzearen antz handiagoa du seguruenik ere. Txinpantzeak bi hankaren gainean ibil daitezkeela eta izaki sozialak direla eta lanabesak erabil ditzaketela jakiteak, gizakiak datozen arbaso berberetik etor daitezkeela ere adierazten du. Gizakiei buruz ezagutu ziren lehen fosilak hezurren egitura eta tamainan txinpantzeenak bezalakoak ziren, eta bereziki haginak eta pelbisa zituzten desberdinak.

Arbaso amankomunari buruz gaur egun dugun erretratua, poliziak lekuko askok ozta-ozta ikusi duten norbait atzemateko egiten dituen marrazki konposatuaren antzekoa da. Ez da erretratu zehatza, eta xehetasun handi eta txikiak oker egon daitezke, baina informazio gehiago eskuratu arte ezagutzeko oinarria ematen digu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia