}

Yukawa, Hideki

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1907-1981)

Fisikari japoniarra 1907an munduratu zen Tokio hirian. Bertako Unibertsitatean egin zituen ikasketak eta 1929an fisikan lizentziatu zen. 1938an doktoratu zen eta Osaka-ko Unibertsitatean osatu zituen bere ikasketak. Urte berean irakasle-postua bereganatu zuen bertan.

Atomoaren barne-kohesioaz arduratzen hasi zen orduan eta oinarrizko partikulen azterketari ekin zion. Chadwich-en eta Heisenberg-en ikerketak oso aurreraturik zeuden eta horietan oinarritu zen, Alabaina, areago joan zen Yukawa. Bere iritziz, indar elektromagnetikoen funtsezko transmisio-mekanismoak atomoaren barruan ere gerta zitezkeen eta indar atomikoa aztertzea jo zuen arazoa konpontzeko giltza bakartzat. Ordurarteko ezagutzaren arabera, indar horren transmisioa zein partikulak burutzen zuen aurkitzea falta zitzaion eta horretan ahalegindu zen Yukawa hurrengo urteetan. Balizko partikula horien ezaugarri guztiak aztertu zituen eta 1935ean postulatu zituen bere teoriak. Zientzilarien artean oihartzun handia lortu zuten Yukawaren hipotesiek, baina horixe besterik ez ziren, uste hutsak alegia. Ez ziren ordea, uste ustelak gertatu. 1936an Andersonek izpi kosmikoen azterketak burutu zituen eta mesoia izeneko partikularen hipotesia zabaldu zuen. Yukawak nukleoien arteko indar garraiatzaileak mesoi izeneko partikulak zirela iragarri zuen. 1947an bigarren mesoia aurkitu zuten eta Yukawaren teoriak erabat baieztaturik geratu ziren. Indar nuklearraren teorian egindako ekarpenengatik, 1949an Fisikako Nobel Saria eman zioten, ohore hori eskuratu zuen lehen japoniarra izanik.

Hurrengo urteetan makina bat bidaia egin zituen Yukawak. Besteak beste, Princenton-go Advanced Study Institutuan eman zuen bere aurkikuntzen berri, Oppenheimer-ek gonbidaturik. Columbia-ko eta New York-eko Unibertsitateetan ere lan egin zuen teoria nuklearraren oinarriak ezagutzera emateko, baina 1953an Japoniara itzultzea erabaki zuen.

1970. urtea bitartean Kioto-ko Fisika Institutuko zuzendaria izan zen eta urte horietan lan eskerga egin zuen zientzilari berrien lana sustatzeko. Dibulgazio-lanaz gain, Unibertsitatean irakasle gisa segitu zuen, fisikari japoniarren belaunaldi berria formatuz.

Hiri horretan bertan aurkitu zuen heriok 198lean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia