}

Yellowstone eta Yosemite, munduko lehen Parke Nazionalak

1999/02/01 Altonaga, Kepa - EHUko biologia irakaslea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Umetan hasi eta luzaro Yellowstone parke nazionala Yogi eta Boo-boo hartzen barrabaskerien kokagunea dela sinistuta egon eta gero, halako batean munduko lehendabiziko parke nazionala izatea suertatu zitzaiola irakurri genuen, izendapen ofiziala noizkoa eta 1872koa zelarik. Okerreko ideia bat eduki dugu horrekin ere, kontserbazionismo goiztiarraren eragina ikusi nahi izan dugu-eta Estatu Batuetako parke nazionalen izendapenaren abiapuntuan. Eta, ez dago horrelakorik. Bestelakoa izan zen kontua: Estatu Batuetako lehen parkeen bultzatzaile nagusia nazionalismoa izan da, hurrengo paragrafoetan egiaztatu ahal izango duzunez.

Nortasun berriaren bila

"Estatu Batuetako lehen parke nazionalak ezarri zirenean, ingurugiroaren babesa izan zen, seguruenez, preserbazionisten helbururik garrantzi gutxienekoa."
K. Nuñez-Betelu

Estatu Batuetako lehen parke nazionalak ezarri zirenean, ingurugiroaren babesa izan zen, seguruenez, preserbazionisten helbururik garrantzi gutxienekoa. Parke nazionalaren kontzepturako hasiera bateko eragilea, ingurugiroaren babesa barik, aspaldiko denboretako tradizio mardulen nahia izan zen, nahi ikaragarria, edo hobeto, nahi horren iraupena. Independentziaren ostean estatubatuarrek lorpen kultural ospetsurik eza sufritu zuten hamarkada luzeetan zehar. Izan ere, Europako estatu nagusien jatorria antzinatean sustraituta zegoen, eta, hori dela-eta, estatu europarrak ondare artistiko eta literario luze eta oparoaren jabe bilakatu ziren, Estatu Batuak ez bezala.

Nolabait, iraganeko oroigarrien gabeziak umezurtz utzi zituen intelektual amerikarrak, hau da, bertako paisajeak gaztelubakoak edota hiriak katedralbakoak izatean nortasun kultural kanonikorik gabe gelditu ziren. Eta horrelako gabezien inguruko Mundu Zaharrekoen hamaika ziriei erantzuteko, pentsalari estatubatuarrek Mendebalde Urruneko, Far Westeko, lurralde miresgarriak aukeratu zituzten, gizakiak utzitako aztarnen ordezko gisa. Hau da, paisaje harrigarri horren adinbakotasuna izan zen estatu eratu berriaren iraunkortasun eta egonkortasunaren ikurra, ez baitzegoen iraganeko inolako lorpen kulturalik erakusteko.

Naturarenganako fedea independentziarekin batera hasi zen, XVIII. mendeko amaierarekin batera, handitasun nazionala nola edo hala aldarrikatu guran. Britainia Handitik askatuta, kultura europarrarekiko loturak ere hautsi ziren, jakina, burujabetasun politikoaren nahigabeko ondorio modura, eta ordutik aurrera Estatu Batuek ja ez zeukaten Mendebaldeko zibilizazioko lorpenak erreklamatzerik inperio britainiarreko kide ziren bezainbatean. Ezin zieten entzungor egin, esate baterako, Sydney Smith elizgizon ingelesak 1820an popularizatutako adierazpenei: "Munduko lau kantoietan, nork irakurtzen du liburu amerikar bat? edo nor doa antzezlan amerikar batera? edo nork begiratzen du margolan edo estatua amerikar bat?"

Tx. Petuya

Ezintasun kezkagarri hori ikusita, abertzale estatubatuarrak ahalegindu egin ziren euron buruak konbentzitzeko, Estatu Batuek aginduta zeukaten etorkizun handi-loriosoaz. Alabaina, zalantza ez zen ezabatu, batik bat pentsalariek gogoan hartzen zutenean ea kultura amerikarrak bizirik iraun zezakeen Europatik deslai. Eta bertako artista eta idazleen lanak ezdeusak zirelarik, abertzaleek naturarenganatz jo zuten, alternatiba bideragarri bakarraren bila.

Esate baterako, dagoeneko 1784 urtean Thomas Jefferson-ek, Estatu Batuetako Independentzi deklarazioaren egilea eta geroago presidentea (1801-09) paleontologoa izateaz gainera, paisaje amerikarreko makina bat gune hautatu zituen, ingurune horiek ezin hobeak zirelakoan etorkizuneko lorpen nazionaletarako; harro-harro zegoen Virginia estatuko bazter batzuez, kasurako, Potomac ibaiko zintzurrarekin.

Baina, nazionalistarik adoretsuenak ere ez zeuden nahikoa itsu, begi-bistakoak ziren distortsioak ez sumatzeko beste. Eta Potomac ibaiaren xarma guztiak nekez ahantzarazi zitzakeen Rhin edota Danubioren balioak. Zoritxarrez abertzale estatubatuarrentzat, zirudienez naturak ez zuen biderik eskaini Europa eta Estatu Batuak elkarrengandik argiro bereizteko.Areago, Mundu Berriko paisajeak historiabakoak ziren, beren kulturarako arrokez, ur-jauziez edota ibaiez gainera eranskin bihotz-altxagarriak nahi zituztenentzat.Ildo horretatik, Washington Irving idazleak (The Alhambra, 1832) 1819an maila berean jarri zituen Europa eta Estatu Batuetako paisajeak, behintzat begi-inpaktuari dagozkiola. Jakina, horrek ez zuen baretu paisaje amerikarra balio kultural eta izpiritualekin batzeko borrokatzen zirenen ondoeza.

Tx. Petuya

Geroago, 1850. urte aldera, James Fenimore Cooper idazleak (The Last of the Mohicans, 1826) paisaje europarraren nagusitasuna aitortu zuen, batez ere "iraganaren lorratza" zeukala-eta. Cooper-en idazkietan ikus daitekeenez, ez zuen arrakasta handiegirik erdietsi nortasun kulturalaren oinarri gisa natura erabiltzeak. Ordurarteko erretolika gorabehera, intelektual amerikarrak eurak ere ez zeuden oso konbentzituta Estatu Batuetako parajeek merezitako aparteko ezagutzaz. Eta iraganarekiko loturarik ezean, paisajeak nabarmendu egiten zuen, neurri batean, nazioaren kultur urritasuna.

Gogoaren aurka nor-eta geografia temosoa zegoen. Izatez, XIX. mendeko erdialderarte Estatu Batuek egungo azaleraren herena ukan zuten, eta, Appalache mendiak eta Niagara ur-jauziak salbu, ez zeukaten bestelako ezer benetan punta-puntakorik. Horrela ba, 1850. urtea baino lehenago, estatubatuarrek Niagarako jauzien ikusgarritasuna aldarrikatzen zuten, eta europar askok ere onartu egiten zuten ez zegoela parekorik Mundu Zaharrean. Niagara oso ospetsua zen Europan. Esate baterako, Pio Barojak berak, batez ere 1830.eko Uztaritzen kokatu duen La veleta de Gastizar eleberrian, bertako benta bat deskribatzen du; ba, ostatu horretako apaingarririk deigarriena, dinoskunez, jangelako hormetako papera zen, Niagarako ur-jauzia naturalean irudikatuta zeukana.

Baina, gauzak aldatu egin ziren nabarmenki mendebalderanzko hedapenarekin batera. Kontinenteko lurralderik miresgarrienak bertan eskuratu zituzten Estatu Batuek 1846 eta 1848 bitartean, besteak beste Mendi Harritsuak eta Isurialde Pazifikoa, eta horrela ebatzi egin zen nazionalista kulturzaleen dilema. Urruneko Mendebaldean, Far Westean, ez zegoen arkitektura erakusgarririk eta ez beste inolako arterik ere, baina horrek ez zituen nazionalista kulturzaleak gogaitu, Ekialdean egin zuen bezala. Jakina, Urruneko Mendebaldeko basatasuna erraz barka zitekeen, munduan parekorik gabeko bertako bazterrek ahantzarazita.

Eta, zer esanik ez, natura bidezko nortasun kulturalerako deiari Urruneko Mendebaldeko bazterrak gehitu zitzaizkionean, baratza nahikoa ongarriztatuta zegoen parke nazionalaren ideiarako.

Far Westeko katedralak

Tx. Petuya

Urruneko Mendebaldean hondatu gabeko natura ederresteko aukera ez ezik, natura hori ikutu barik preserbatzekoa ere bazegoen. Ekialdeko naturgune ikusgarriak, esaterako Niagara ur-jauziak, zoritxarrez aspaldian zeuden jabego pribatuaren esku, eta era guztietako gehiegikeriak nozitu zituzten, berehalako etekinaren bila. Urruneko Mendebaldean, ostera, jabea artean gobernu federala zen, eta alde horretatik nazionalismo kulturalak bazeukan non frogatu bere zintzotasuna. Kontua hezurmamitu egin zen nolabait, hurrenez hurren 1851 eta 1852an Yosemite Valley eta Sierra Redwoods naturgune miresgarriak idoro zirenean.

Naturgune horien azterketarekin konfidantza berria lortu zen Estatu Batuetan, ez baitzegoen beste inon maila horretako bazter miragarririk. Areago, Sierra Redwoods-eko sekuoia zahar-erraldoiek ekarri zuten kontsolamendua, iragan amerikar luzearen falta betetzera zetorren, burmuinetan behintzat: Estatu Batuetako antzinakotasuna Europakoa baino lehenagokoa izan behar zen, zeren, "sekuoiak aro kristaua baino lehen hasi ziren hazten" eta, izatez, "zuhaitzok tamaina dezentekoak ziren jadanik Salomonek Jerusalemeko tenplua eraikitzea agindu zuenerako".

Ekarri ditugun aipamenok gaur egungo ikuspegitik hutsalak badirudite ere, orduko testuinguruan munta handiko beharrizan intelektuala bete zuten. Izan ere, ia ehun urtetan lehen aldia zen, estatubatuarrek konfidantzaz argudiatu ahal zutela bazeukatela balioko zer-edo-zer munduko kulturari eskaintzeko. Nahiz eta Europako gaztelu, katedral, abatetxe eta enparauak inoiz ezin izango ziren eklipsatu, Estatu Batuek bazeuzkaten "earth monuments" eta baso erraldoiak, eta horrela izanik, naturgune miresgarri horiek konpentsatu zituzten bai hiri zaharren gabezia, bai tradizio aristokratikoen eskasia, eta bai Mundu Zaharraren lorpen guztien era horretako oroigarriak.

K. Nuñez-Betelu

Hau da, ikusten ari garenez, parke nazionalen abiapuntuko asmoan monumentalismoa zegoen, alegia, "txokorik eijerrenak" ganoraz zainduta mantentzeko xedea. Alabaina, bazter miresgarriez gainera animalia basatiak ere babeserako duinak zirela, parke nazionalen entusiastek ez zuten oso berandu arte onetsi, dagoeneko hogeigarren mendea nahikoa aurreratuta egon arte; izan ere, 1934an onartutako Floridako Everglades National Park izan zen lehena horrelako ardura kontserbazionistarekin gauzatu zena, 1947an izendatu zelarik.

Floridako Everglades National Park-eko topografia ez da monumentala. Lehen aldiz parke batek ez du mendi zorabiagarririk, ez arroila sakonik, ez ur-jauzi lurrintsurik, baizik eta belar-zingira monotono-aspergarria, non aligatorea baita biztanlerik ezagunena. Nolanahi, bertako landare eta animalien babesa izan zen parkearen justifikaziorako arrazoi nagusia.

Monumentalismoaren bidean, dena dela, aurrerapauso galanta izan zen paisajearen ederrespenetik paisajearen preserbaziora igarotzea, eta horretan garrantzi berezia eduki zuten Yosemite-k eta Sierra Redwoods-ek. Izan ere, bazirudien bai batari eta bai besteari jabe pribatuetara pasatzea fortunatu zitzaiela. Eta horrek dilema handia zekarren aldean. Baldin eta ustiatzaile partikularrei bidea libre uzten bazitzaien Yosemite Valley eta Sierra Redwoods bahitzeko, orduan, berehalakoan zentzubako bilaka zitekeen naturgune horietan funtsaturiko edozein sinbolismo kultural. Izatez, ordurako Niagara ur-jauziek frogatuta utzi zuten norainoko burugabekeria zen, nazioaren aterpe kulturala etekin indibidualaren mesedeetara sakrifikaturiko naturguneetan bilatzea, berorien singulartasuna eztabaidaezina izanik ere. Hortaz, Estatu Batuek Niagaran alferrik galdutako aukera zeukaten berriro ere.

Kezka kulturalaren kristalizazioa parke nazionalaren ideia gauzatuz 1864ko neguan jazo zen. Yosemite Valley eta Sierra Redwoods-eko aferak akuilatuta, kaliforniar-talde txiki batek bertako senadoreetariko bat gogatu zuen, legegaia proposa zezan txoko miresgarri biak abusu pribatuetatik babesteko: naturguneok "erabilera publikorako, oporleku eta jostaketarako" izan beharko zuketen, eta, areago, "inalienable forever" ("betirako besterenezinak").

K. Nuñez-Betelu

Indarrean jarri nahi zen parke nazionalaren helburua, ezarri zitzaizkion mugek argiro adierazi bezala, zeharo eszenikoa izan zen, soilik txoko ikusgarrienak besarkatuz. Bakar-bakarrik Yosemite Valley eta inguruko tontorrak sartu ziren, hau da, denetara berrogei milia karratu. Eta antzeko murrizketa aplikatu zitzaion parkeko hegoaldeko guneari, non, zenbat-eta lau milia karratu besterik ez baitziren kontsideratu. Begi-bistakoa denez,ezarritako muga horiek muzin egin zioten lurraldeko sare ekologikoari, egia bada ere "ekologia" terminoa artean ezezaguna zela. Nolanahi, ezin argiago ikus daiteke monumentalismoa izan zela bultzagilea Yosemite Valley parkeko 1864. urteko akta lortzeko, eta ez ingurugiroarekiko inolako kezka.

Izatez, Yosemite izan zen lehen parke nazionala, formalki horrela izan ez arren; parke nazionalaren izaera juridikoa geroago etorriko zitzaion, 1890ean, Kaliforniako estatuak Yosemite harana eta zuhaitz erraldoiak gobernu federalari laga zizkionean. Bestalde, parke nazionalarena kontzeptu kulturala zen erabat, izan ere, urte haietan ez baitzegoen imajinatzerik naturgune horien potentzial turistikoa norainokoa litzatekeen. Hau da, turismoa benetako posibilitate bilakatu ez den bitartean parke nazionalek zeregin kulturala bete dute.

Monumentalismoa behin eta berriro

K. Nuñez-Betelu

Ikusi dugunez, Yosemite izan zen parke nazionalaren ideia garatzeko abagunea opatsi zuen naturgune monumental ederra. Alabaina, iturri guztietan Wyoming-eko Yellowstone National Park agertzen da beti munduko lehen parke nazionalaren ohorearekin, izan ere, bertan, 1872an bateratu baitziren parke nazionalaren ideia eta zegokion euskarri juridiko federala.

Yosemite-ren tamainarekin alderatuta, Yellowstone ikaragarri handia zen: 3.300 milia karratu baino gehiago, eta den-denak gobernu federalaren jurisdikziopekoak hasieratik bertatik. Baina, zabaltasun horrek kasu honetan ere ez zeukan inolako zerikusirik parkearen bultzatzaileak ekosistema osoa babestearen abantailez konbentzituta-edo egotearekin. Zabaltasun itzel hori, artean ezagutu gabeko monumentu natural miresgarriak aldez aurretik ondo gobernatuta mantentzeko arduratik etorri zen, eta ez, ostera, espezieak gerizatzeko guraritik. Hau da, Wyoming-eko bazter urrun eta eder hartako geyser, ur-jauzi, arroila eta bestelakoek altxor kultural baten erakargarritasuna zeukaten, baina, izatez, ez zegoen informazio zehatz askorik lurralde hartaz, soilik, tranpero eta urre-biltzaileen kontakizun txolinak. Eta horrela izanik, barruti zabal-zabalari ezarri zitzaion parke nazionalaren etiketa, zerbait interesgarri hortik kanpo uzteko beldurrez. Baina, inguru hari buruzko orduko ezagutza hobea izan balitz, batik bat fenomeno natural ikusgarrienak batera-edo zeudela, probabilitate osoz Yellowstone askoz txikiagoa zatekeen, "txokorik eijerrenak" estu-estu zedarrituta, Yosemite bezalaxe.

Beraz, ba, munduko lehen parke nazionalaren zabaltasuna eta egungo egunean maiz erabiltzen diren parke idealaren tamainari buruzko ideiak bat badatoz ere, antz hori nahi gabekoa izan da erabat. Izan ere, Estatu Batuetako geroagoko parke nazionalak nekez izango dira hain handiak. Kontuak kontu eta laburbilduz, Estatu Batuetako parke nazionalak monumentalismoaren ondorio dira, abiapuntuan nazionalismo kulturala zegoelarik, eta osteko kontserbazionismoa, bera ere, monumentalismo horren albo-produktutzat jo liteke.

Niagara Falls

Inkesten arabera, estatubatuarren naturgune gogokoenen zerrendan Niagara Falls hirugarrenak dira, Grand Canyon eta Yellowstone-ren atzetik. Alabaina, azken biokin konparatuta, Niagara ur-jauziak guztiz "programatuta" daude.

K. Nuñez-Betelu

Argindarraren kariaz, ur-emariaren herena turbinetara desbideratzen da eguargiz, eta gauez (beheko argazkia), bisitari-kopuru minimoa dagoela, emariaren hiru laurdenak doaz turbinetara, ur-jauziak saihestuz:

ur-jauziak "piztu" eta "amatatu" egiten dituzte nolabait. Dena dela, luzea da Niagara ur-jauziek pairatutako gehiegikerien historia, eta dagoenekoz 1830erako, txerpolari, arrakero eta espekulatzaileen eskutik mota guztietako bidegabekeriak gertatu ziren bertan. Ezin da ahaztu urtean 40.000 bisitari hurbiltzen zirela 1840ko hamarkadan.

Yosemite National Park

Gaur eguneko Yosemite National Park-ek 3.080 km2 azalera du. Yosemite Valley eta sekuoia erraldoiak (eurotariko zaharrenak 2.700 urte ei ditu) parkeko hego mendebaldean daude. Gune hori, izatez, orain 10.000 urte glaziar batek itxuratutako harana da; bertan ikus daitezke parkeko txokorik ezagunenak, kasurako Yosemite ur-jauzia (altueraz 740 m dituena) eta El Capitan deritzon granitozko monolito izugarria, beheko argazkiko 900 m-ko horma zut hori.

Sequoia National Park

K. Nuñez-Betelu

Sequoia National Park (1.628 km2) Yosemite-tik hurbil dago, hegoalderantz. Bertan aurkitzen da argazkiko General Sherman deritzon sekuoia erraldoia, munduko bizidunik handiena esan ohi denez: enborrak 11,5 m-ko perimetroa du lur-mailan (beheko argazkia), eta 1.385 tonako pisua kalkulatu zaio.

Parkeko sekuoia erraldoiak Sequoiadendrum giganteum espeziekoak dira; alabaina, sekuoiarik garaienak, lirainagoak badira ere, Sequoia sempervirens espeziekoak dira, eta Kaliforniako iparraldean aurki daitezke, itsaso inguruan.

Yellowstone National Park

Gaur eguneko Yellowstone National Park-ek 8.990 km2 ditu, hau da, Nafarroa baino pixka bat txikiagoa da, eta Mendi Harritsuen (= Rocky Mountains) erdigunean dago,
besteak beste berrehun bat geyser eta makina bat fenomeno geotermal besarkatu dituelarik. Bestalde, basa bizidunen babesleku galanta da, eta bertan polito bizi dira hartz arrea (Yogi eta Boo-boo adibidez), hartz beltza, bisontea, uapiti oreina, altzea, etab.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia