Urpekaritzaren historia
2004/11/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Urpean ibiltzera, aisiak baino gehiago, beharrak bultzatu du gizakia historiaren hastapenetan. Elikagaiak eskuratzea, ondasun gisa erabiltzeko perlak, koralak eta abar biltzea, ekintza militarrak gauzatzea, urperatutako ondasunak berreskuratu nahia,,, Baina horiekin batera, gizakiak berez duen jakin-minak eta gauza berriak egin eta asmatzeko grinak ere izan du zerikusia.
Urpekaritzaren historiaurrea
Seguru asko ez genuen halakorik pentsatuko, baina uste baino adibide gehiagok erakusten digute gizakia jada urpean ibiltzen zela historiaurrean. Hori bai, eskura zituzten baliabideak sinpleak ziren, oso: norberaren birikak, airez betetako zahagiak, ihi edo bestelako landareen zurtoinak eta, asko jota, airez beteta urperatutako kanpaiak.
Adibide polit eta zaharrenetakoa Ninive-ko baxuerliebea da. Han ikusten da hainbat preso feniziarrek nola egiten duten ihes siriarren gezietatik: Tigris ibaian, urpean igeri, aurrez puztutako zahagietako airea arnasten ari direla. Duela 2.889 urteko baxuerliebea da.
Urpekaritzaren erabilera militarrarekin lotuta, Alejandro Magnoren inguruan ere bada istoriorik. Duela 2.336 urte hainbat urpekari kontratatu zituen Tiro hiria bereganatzeko. Izan ere, portuan zenbait oztopo zegoen hondoratuta ontzi erasotzaileei sarrera eragotzi eta hiria defendatzeko, eta urpekariek oztopo horiek kendu behar zituzten. Diotenez, Alejandro bera ere sartu zen urpean kristalezko kanpai baten barruan lanak ikuskatzeko. Kolinfa izena eman zioten kanpaiari.
Kanpaiak eta landare-hodiak dira, garai haietako kontakizunen arabera, urperatzeko gehien erabiltzen zituzten tresnak. Dena den, horietatik abiatuta, tresna landuagoak asmatzeko ahaleginak ere egiten zituzten. Ez zuten aurrerapen askorik lortu eta oso asmakuntza ‘sinpleak’ ziren, gaur egungo ikuspegitik begiratuta, baina kontuan izan behar da urperatzeak sortzen zituen arazo fisikoen oso ezagutza mugatua zutela. Eta garai hartan fisikak sortzen zuen oztopo nagusia airea urpera nola iritsarazi zen.
Flavio Vegeciok, esaterako, kapusai bat deskribatzen du bere idazlanetan, IV. mendearen bukaeran. Kapusaiak ur-azalerainoko hodia du eta hodiak flotagailu bat muturrean lotuta, hondoratu edo etzana gera ez zedin. Zaila izango zen, ordea, urpean bi metro baino askoz gehiago hondoratzea, presioak airea haraino jaistea eragotziko baitzuen.
Ideia berriak, XVI. mendeaz geroztik
Flavioren garaitik ez zen aurrerakuntza nabarmenik izan, eta Errenazimentura arte ez ziren ideia eta proiektu berriak agertu.
Hala, Leonardo da Vinciren irudietan arnasa hartzeko hodia eta eskuetarako hegatsak ageri dira. Urpeko bat izan daitekeenaren iruzkinak ere marraztu zituen, 1500 inguruan. Giovanni Borellik ere hegatsak irudikatu zituen, baina hanketan jartzekoak eta azazkaldunak ziren, hondoan errazago ibiltzeko. Hala ere, ez daukagu daturik bataren zein bestearen ereduak probatu edo erabili zirela esateko.
urpekaritzaren historiaurrean.
XX. mende bukaeran ere,
gutxi, baina erabili izan dira.
Irudiekin jarraituta, badira Jeronimo Aiantz Beamount nafarrak 1600en bueltan egindako batzuk. Haietan, urpeko bat ageri da, arraun eta guzti. Zurezko ontzia da, erabat itxia eta estankoa. Airea ur-ertzean leudekeen hauspoek bidaliko liokete hodi batzuen bidez, eta aire hori ontzian ondo banatzeko, ur-lasterrek eragindako haizagailuak ditu.
Aire biziatuaren kanporatzea balbulek erregulatzen zuten. Atzera eta aurrera mugitzeko modua ere bazuen urpekoak: arraunak; eta gora eta behera ibiltzeko harri bat zuen zintzilik, barrutik tornu baten bidez igo edo jaisten zena. Kristal lodizko leihatilak ere bazituen.
Hainbat autoreren marrazki eta datuei begiratuta, nabarmena da urpean ibiltzeko bi ideia bereizten hasi zirela XVII. mendean: urpekarien bidezkoa —gaur egungo ekipo pertsonal eta autonomoak horren emaitza dira— eta urpekoen bidezkoa. Dena den, bide bati edo besteari jarraitu, arazo larri batekin topo egiten segitzen zuten: nola berritu arnasteko airea. Hori zuten, garai haietan, urpean luzaro egoteko muga nagusia.
Probak han eta hemen egin ziren: Ingalaterran, Frantzian, Espainian, Alemanian eta abar. Batzuek kanpaiekin jarraitzen zuten, beste batzuk urpeko ontziekin hasi ziren; batzuk airea hauspoari eraginda bidaliz eta beste batzuk aire konprimituarekin probak egiten.
John Lethbridge-k, esaterako, aire konprimitua erabili zuen 1715ean. Ur-azaletik bidaltzen zen airea. Urpekaria zurezko zilindro batean sartzen zen eta besoak ateratzeko aukera zuen, larru koipeztatuzko sistema batez baliatuta. Dirudienez, urte askoan erabili zen sistema da hau.
Baina mende hartako aurrerapenak ez ziren horretan geratu. Izan ere, 1771 eta 1776 bitartean, Freminet frantziarrak eta Klingert alemaniarrak leihatilatxoa zuten kaskoak eta larruzko jantziak egin zituzten. Jantziok metalezko egitura zuten, gainera. Arnasteko, aire konprimitua erabiltzen zuten, urpekariak berak eragindako hauspo baten bidez iristen zitzaiona. Urpekarien ohiko jantziaren itxura hartzen hasi ziren, asmakuntza horrekin. Erabat gustura ez, nonbait, eta 1797an eredu berria probatu zuen Klingertek: depositudun eskafandra, uraren presioak konprimitutako airez beteta. Ez dakiguna da zer-nolako emaitza izan zuen.
Garai bertsuan, 1788an, asko erabili zen sistema asmatu zuen John Smeaton-ek. Kanpaien bidetik jo zuen, baina airea azalean zegoen ponpa baten bidez helarazten zen. Aurrerakuntza garrantzitsua izan zen ponparena.
Gainera, aurrerago hobekuntza teknikoak ere egin zizkion eta itzulera eragozteko balbulak jarri zizkion kanpaiari. Hala, aireak ez zuen atzera egiten, eskuz eragin behar zitzaien ponpak geratuz gero eta konexioa etenez gero. Urte gutxiren buruan, munduko portu nagusi guztietan zuten halako ekiporen bat.
XIX.a, erabakigarria
1800ekoa mende erabakigarria izan zen, orduan hasi baitziren benetan autonomoak ziren ekipoak asmatu eta garatzen eta urpean lan handiak egiten. Airea urpekariek berek eramateko moduko ereduak asmatu zituzten XIX. mendean zehar, baita kasko eta jantzi egokiagoak ere.
Besteak beste, Charles A. Deane-k suhiltzaileentzako kaskoa patentatu zuen, 1823an. Kasko harekin sutara hurbil zitezkeen batere kerik arnastu gabe, mahuka batetik iristen baitzen arnasteko airea. Bost urte geroago, moldatu eta urperako egokitu zuen.
Lehen eskafandra estankoa ere gai hartakoa da, 1837koa, eta A. Siebe-k patentatu zuen. Ponpa baten bidez iristen zen airea kaskoraino, eta harrezkeroztik egin diren eskafandra guztien eredua izan da.
Hurrengo jauzi garrantzitsua aire-erregulatzaileak asmatzea izan zen (Rouquayrol eta Denayrouse, 1865). Urpekariaren bizkarrean altzairuzko zilindro bat jartzen zen, barruan aire konprimitua zuena, 20 atmosferatan. Zilindroak ur-azalerainoko hodi bat zuen aire berria sartu ahal izateko. Baina, gainera, aire-erregulatzaileari esker, arnasa hartzean soilik iristen zitzaion airea urpekariari, ez eten gabe. Zilindroaz baliatuta, azalerako hodia askatu eta bere kasa ibiltzeko aukera zuen urpekariak. Hori bai, denbora laburrerako, 20 atmosferatan soilik ezin baita aire askorik metatu.
Urte batzuk geroago, 1878an, Henry A. Fleus-ek lehen ekipo autonomoa patentatu zuen. Oxigeno purua erabiltzen zuen, 30 kg/cm 2 -ko presioan gordea bizkarreko botila batean. Urpekariak botatako airea iragazki kimiko batetik pasatu eta karbono dioxidoa kentzen zaio, berriz ere arnasteko moduko oxigenoa geratuz. Gainera, sistema zirkuitu itxia da eta, beraz, ez du burbuilarik sortzen. Horregatik mundu osoko armadek erabili zuten XX. mendean zehar. Arazo bakarra du: ezin da 7-10 metrotik behera erabili, handik aurrera oxigenoa toxiko bilakatzen baita.
Jada egungo osagai guztiak zituen urpekari-jantzia asmatua zegoela esan liteke. Harrezkeroztik proba berriak egin, doitzeak, teknologia berriak sortu eta egokitu, teknika berriak ikasi... hainbat aurrerakuntza egin ziren –besteak beste, askotan ikusi izan dugun urpekarien kasko ‘tipikoa’ asmatu zuten AEBetan, eta duela 15-20 urte arte erabili da, 1905az geroztik–. Azken aurrerapen horietan, 1935-45 bitartekoak urte garrantzitsuak izan ziren, II. Mundu Gerraren ingurukoak hain zuzen, eta, lan horretan, Jacques Yves Cousteau-k garrantzi berezia izan zuen, bai eta urpeko mundua gizarteratzeko lanetan ere.
Arazo berriak: deskonpresioa
Deskonpresioaren gaitzaren lehen aipua oso zaharra da, 1667koa. Robert Boyle-k ikusi zuen suge bat presiopean edukita deskonprimitzean burbuilak agertzen zitzaizkiola begietan eta izugarrizko oinazeak izaten zituela. Behatutako hori bere horretan geratu zen.
Aurrerago, arnasteko mekanismoek aurrera egin ahala, urpekarien deskonpresioaren gaitza ezaguna egiten hasi zen. 1839an, HMS Royal George ontziko kanoiak berreskuratu zituzten 20 metroko sakoneratik, eta horretan aritu ziren urpekariek ‘erreumatismoa eta hotza’ jasan zituzten azaleratu ondoren. Orduan ez zekiten zergatik, baina urpekarien deskonpresioaren gaixotasuna zuten.
New York-eko Brooklyngo zubia egiteko (1869), ‘lehor’ lan egin zuten langileek. Airea bidaltzeko ponpetan egindako aurrerapenei esker, ganbera hiperbarikoak egin ahal izan zituzten, hau da, urpean presio handiaren eraginpean, baina lehor egoteko ganbera edo kaxak. Hala egin zituzten zubiaren zutabeen zimenduak. Presio handia jasan zuten, eta langileen erdiek paralisiren bat izan zuten. Ingeniariak ere gurpildun aulkian bukatu zituen zubiaren lanak.
Presio-aldaketek eragindako arazo fisiologikoei buruzko ikerketak Paul Bert frantsesak argitaratu zituen, 1878an. Frogatu zuen gaitza azkar azaleratzeagatik sortzen diren nitrogeno-burbuilek eragiten dutela, eta pixkanaka igotzeko aholkua eman zuen. Oinazeak gutxitzeko terapia gisa, berriz ere presioa ezartzen zuen. Ordutik aurrera, 1908an, John Scott Haldane-k deskonpresio-taulak argitaratu zituen, eta horri esker lortu zuten 60 metroko sakoneraraino jaistea.
Munduari bira urpekariei esker
Munduari bira ematera abiatu ziren hiru itsasontzietatik bakarra itzuli zen Espainiara: Victoria ontzia. Bidean Moluketako Tadore uhartean geratu behar izan zuen ontzira ura sartzen zelako. Tadoreko erregeak uhartearen beste aldeko hiru urpekari treberi dei egin zien. Haien ile luzeaz baliatu ziren ur-iragazteek sortutako korronteak aurkitzeko. Hala jakin zuten non zeuden zuloak, eta konpontzeko modua izan zuten.
Jeronimo Aiantz Beamount (1553-1613)
Jeronimo Aiantz Beamountekoa Nafarroako Gendulain herrian jaiotakoa zen. Familia noblekoa izaki, 14 urterekin erregearen zerbitzuan jarri zen, morroi gisa.
Gortean goi-mailako heziketa jaso zuen, morroi aritu arren, eta, XVI. mendearen amaieran, erreinuko meategietako kudeatzaile izendatu zuen Felipe II.ak. Horregatik, bere asmakuntzetako askok lanbide horretan sortu zitzaizkion arazoak gainditzea zuten helburua. Horietakoak dira urpekoa, meategietatik ura ateratzeko lurrun-ponpa eta lurrun-eiektore bat litzatekeena.
Urpekoarekin erakustaldia egin zuen Pisuerga ibaian, erregea ere han zela. Ordubete inguru egon zen urpekoa urperatuta eta, diotenez, gehiago egongo zen Felipe III.a erregea aspertu izan ez balitz.
Esan daiteke lehenengo lurrun-makina ere hark asmatutakoa dela. Izan ere, meategietatik ura ateratzeko lurrun-ponpa asmatu zuen –Thomas Savery ingelesak lurrun-makina egin baino 80 urte lehenago–. Harekin batera, meategietako airea berritzeko izan zitekeen lurrun-eiektorea ere asmatu zuen.
Felipe III.ak, 1606an, hainbat tresnaren “privilegios de invención” (egungo patenteen parekoak) eman arren, haren asmakuntzek ez zuten arrakasta handirik izan.
Urpekaritzako lehen...
… datuak: Kretako belaki-biltzaileak, K.a. 3000. urtean; Txinako perla-biltzaileak, K.a. 2200. urtean. Troiako guduan erabilitako urpekariak, K.a. 1194. urtean.
… errekorra: Edmund Halley-k, Halley izeneko kometa aurkitu zuen berak, sistema berria patentatu zuen 1691n. Zurezko kanpai edo kupel modukoa zen, baina bitarteko gisa barrikak erabiltzen zituen aire berria bidaltzeko. Kanpaiak balbula txiki bat zuen, biziatutako airea atera zedin barriketako aire berria sartzean. Ordu eta erdiz egon ziren 18 metroko sakoneran bera eta beste lau lagun. Eta hori da, dakigula, historiako lehenengo sakonera-errekorra.
… hildakoa: Edimburg-eko Spalding da urpekaritzako lehenengo hildako ofiziala. Halleyren kanpaiari hobekuntzak egin zizkion: ura lastra gisa erabiltzeko modua aurkitu zuen, konpartimentu batean ura sartu eta kanporatuta. Halako batean, airea ahitu zitzaion eta hil egin zen. Aurretik gehiago ere hilko ziren urpean zebiltzala, baina hura izan zen, ofizialki, urpekaritzako lehen hildakoa.
… eskola: Espainian, 1787ko otsailaren 20ko errege-dekretu batek aginduta, urpekaritza-eskolak sortu zituzten Itsas Departamendu bakoitzean. Eskola haiek dira munduko urpekaritza-eskolarik zaharrenak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia