}

Ume azkarrak, izaera berezikoak

2001/12/24 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Zorionekoak dirudite. Izugarri azkarrak eta trebeak izaten direnez, familian bereziki estimatuak izaten dira. Hala ere, harremanetarako ez dute gaitasun handirik izaten eta, sarritan, egokitu zaien bizimodura moldatzeko zailtasun handiak izaten dituzte. Hezkuntza-plan berezietan sartzen hasiak dira.

Bost urte zituela, Dan Glück-ek gutuna bidali zion Israelgo gobernuari. Gutun hartan Palestinako arazoa konpontzeko hainbat irtenbide proposatu zizkion. Gutuna jaso zuen funtzionarioak bisita egin zion Dan Glück-i, eta harrituta geratu zen bidaltzailea umea zela ikusi zuenean. Gaur egun, hamar urte geroago, haur hura Jerusalemeko eskola berezi batean ari da ikasten, eta gai da edozein matematika-aditu arazotan sartzeko.

Adimen-koziente handia duten haurren heziketa berria da hezkuntza-arloan. Lehen uste zen berez molda zitekeela, horretarako zutela adimen-koziente handia eta adimen koziente handiari esker ez zutela moldatzeko zailtasunik izango. Esperientziak ezetz dio, arreta berezia eskaini behar zaiela. Izan ere, horrelako haurrek depresioak, konplexuak, moldatzeko arazoak… izateko aukera gehiago izaten dute. Arrazoia: sortzeko aukerarik ez duen izaera sortzailea gaixotu egiten da.

Ez hori bakarrik, adimen-koziente handiko haurrek gozatzen dutena baino gehiago sufritzen dute. Gainerakoak baino azkarrago eta hobeto erantzuteko gai direnez, ikaskideek gehienetan baztertu egiten dituzte. Irakasleentzat ere ez dira erosoak izaten. Horrela, haur horien autoestima poliki-poliki galtzen da, beren benetako gaitasuna ezkutatzen saiatzen dira, nortasuna alda dezakete…

Gainerakoak baino sentikorragoak izateko gai dira, gehiago erabil dezakete irudimena, inguruaz kezkatzeko eta inguruari irtenbideak emateko aukera dute, baina hori gerta dadin ondo sentitu behar dute… azkenean, dagokien heziketa eskaini behar zaie. Dena den, horri buruzko eztabaida handia da: jenioak egiteko fabrikak behar dira ala gazte zoriontsuak? Hitzez badirudi guztiak bat datozela. "Haur azkarren helburua gizartean integrazioa lortzea izan behar da, oreka aurki dezatela, horrela baino ezingo baitu bere sormen guztia garatu eta, etorkizunean, horrela lortuko baitu —zortea dela medio— jenioa izatea".

Hitzak baino ez dira, errealitatean herrialde askotan jenio-fabriken aldeko jarrerak nagusitu baitira. Lehen aipatutako Jerusalemekoa horietako bat da, baina badago gehiago. Errusian, adibidez, ospetsua da Novossibirsk hiria; hango ikastetxera Errusian urtero egiten diren jakintza-olinpiadetako irabazleak baino ez dira joaten. Estatu Batuetan, Txinan, Mexikon edo eta Bulgarian adibide gehiago aurki daitezke.

Aparteko talentudunak, jenioak, azkarrak…

Eztabaida ez da berria: jenioak jaio ala egin egiten dira? Historian zehar ideia bien aldeko iritziak eta teoriak egon eta garatu izan dira. Ikerketak ere egin izan dira, bat baino gehiago, baina erabateko ondoriorik ez da atera. Izan ere, zientziarentzat giza burmuinaren funtzionamenduak sekretu asko gordetzen ditu oraindik.

Jenio hitzaren definizioa: "Denbora askoan gainerakoengan eragina duen lan eraginkor handia egiten duen edonor" edo laburrago esanda "Edozein arlotan jeinuzko lana egiten duen hura". Definizio horietatik abiatuta, jenio-kategorian era askotako jendea sar daiteke. Urrutirago joan barik, edonork, asko edo gutxi, noizbait jeniotzat hartu du bere burua.

Hala ere, aparteko talentuak ikertzen ari direnak ez datoz guztiz bat definizio horiekin. Hasteko, jenio hitza ahalik eta gutxien erabiltzen saiatzen dira. Psikologoek, jenio hitza erabili beharrean, nahiago dute goren mailako espresioa. Prodijioa zer den ere esana dute: adina kontuan hartu barik, zerbait harrigarria egiteko gai den edonor. Eta ume azkarra, berriz, ohikoa baino lehenago zerbait egiteko gauza denari deitzen zaio; alegia, gainerako guztiak baino lehen oinez, hitz egiten, marrazten… hasten denari. Aparteko talentua definitzeko, azkenik, esaten da adimen-koziente handia —130etik gorakoa—, ikasteko berezko motibazioa, sentsibilitate eta jakin-min handia, eta sormenerako gaitasun ona behar direla.

Definizio horien arabera, adimenaren mailaketa aurreikusten da, baina inolako lotura barik. Hau da, ume azkarrak ez dauka zertan aparteko talentuduna izatera iritsi, adimen koziente handia izateak ez du esan nahi jenio bilakatuko denik… Beste modu batean esanda, bost urterako Mozart musika egiteko gai zen, baina adin berean Einsteinek ia ez zekien hitz egiten; hala ere, biak jeniotzat jotzen dira.

Antzerako gaitasunak eta ezaugarriak dituzten bi pertsonatik zergatik iristen da bat jenio izatera? Eta bestea zergatik ez? Psikologiak du erantzuna: "Adimenaz eta sortzeko gaitasunaz gain, jenioa sortzeko orduan bestelako faktoreak ere badira: nortasuna, ingurua, lana egiteko baldintzak eta, besteak beste, lanaren eraginkortasuna".

Jaio eta egin?

Beraz, badirudi jenio izateko ez dela nahikoa ezaugarri horiekin jaiotzea, jenialtasuna jaiotzetik egon daitekeela baina landu beharra dagoela. Dena den, hori ez da betidanik horren garbi egon.

Joan den mendeko 70eko hamarkadan, inguruaren aldeko teoriek indarra hartu zuten; eragile genetikoak alboratu eta inguruari ematen zitzaion garrantzia. Orduan esaten zen behar bezala landuz gero, edonoren adimen-gaitasuna handi zitekeela.

Gaur egun, ordea, geneak/hezkuntza bikotearen garrantzia azpimarratzen dutenen korrontea nagusitu da.

Hala eta guztiz ere, argi dago adimena geneetan datorren zerbait dela. Adimen kozientea gene-multzo baten ondorioa da. Gurasoen adimen-kozientea jakinda, gaur egun haurraren adimen-kozientea aurreikus daiteke. Haurra seme edo alabatzat emanda ere, adimen-kozientea ez da aldatzen. Teoria hori indartzeko, adituek aurkitu dute hitz egiteko gaitasuna dela belaunaldiz belaunaldi ondoen iragaten dena, besteak beste, oroimena eta asoziazioak egiteko gaitasuna baino hobeto.

Baina datu horiek ebidentzia hutsa besterik ez dira; ikerketa sakonagoak egin beharra dago, adimena eragile anatomikoekin —burmuinaren tamaina, pisua, bolumena…— lotzeko saiakeretan ez delako behin betiko diagnostikorik egitea lortu. Marian Diamond eta Arnold Scheibel-ek Einstein-en burmuina ikertzeko aukera izan zuten. Biek ikusi ahal izan zutenez, Einstein-en burmuinean ohikoa baino lau aldiz oligodendroglio gehiago zeuden; alegia, neuronen arteko transmisioa egiten duten zelula gehiago. Ikusteko dago, hala ere, ikerketa haren emaitzek guztientzako balio duten ala ez.

Ikerketa gehiago ere egin izan dira. Horietako batzuen arabera, estimuluen aurrean burmuinak izaten duen erantzun elektrikoaren eta adimen-kozientearen artean harreman estua dago; alegia, adimen-koziente handikoen erantzunak osoagoak izaten dira eta gutxiago aldatzen dira. Beste ikerketa batzuek diotenez, zenbat eta adimen handiagoa izan burmuinak hobeto erabiltzen du energia, neurona gutxiago jartzen baititu lanean. Horretaz gain, burmuinaren ikertzaileek nabarmendu dute jeniotzat jotzen diren gehienak ezkerrak direla. Horren arabera, burmuinaren eskuineko hemisferioa —ezkerrekoa baino intuitiboagoa— nagusi zen. Hala ere, horrek ez du ezer esan nahi, gakoa ez baita neuronen-sistema nolakoa den, baizik eta adimena erabiltzeko zertaz baliatzen den.

Horregatik, jenioak ekoizteko ideia oraindik utopia hutsa da. Genetikaren arloan asko aurreratu bada ere, ingeniaritza genetikoa neurri horretaraino hobetzeak zientzia-fikzioa izaten jarraitzen du. Beraz, badirudi epe motzean ezin eraikiko direla jenio-fabrikak. Orain arte bezala, naturak berak sortuko ditu.

Jenioen kluba

Esana dago: nork ez du noizbait jeniotzat hartu bere burua? Gehiagotan edo gutxiagotan, guztiok. Hala ere, badira den-denok onartzen ditugun jenioak, gizarte osoaren errekonozimendua jaso zutenak eta, gaur egun ere, nolabait jasotzen dutenak. Beharbada, zerrenda honetan ez dira guztiak egongo, baina daudenak zalantzarik gabeko jenioak dira. Beraiek osatzen dute jenioen kluba.

  • Beethoven, Ludwig Van (1770-1827). Mozart-ekin batera, inoizko musikaririk onenaren lehian sartu izan dute. Gustuak gustu, argi dago bere sinfoniak ez dituela inork hobetu.
  • Konfuzio (K.a. 551-479). Pentsalari txinatarra. Mendeak igaro diren arren, Txinan bere ideiek bizi-bizirik diraute oraindik.
  • Curie, Marie (1867-1934). Emakumezkoaren zeregina gizartean ia erabat baztertua zegoen garaian, zientzia- eta ikerketa-lan ikaragarria egiteko gauza izan zen. Emakumeentzako bide berriak ireki zituen. Erradioaktibitateari buruzko ikerkuntzen ondorioz, bi Nobel sari irabazi zituen.
  • Da Vinci, Leonardo (1452-1519). Ezertan ez zen aditu-aditu horietakoa izatera iritsi, baina arlo ugaritan oso ona izan zen. Bere garaiari aurrea hartu zion. Esate baterako, duela bost mende berak diseinatutako zubia inauguratu berri dute Oslotik gertu, bere garaian ezin izan zutena egin.
  • Edison, Thomas (1847-1931). Etekin handia atera zion bere lanari. 1000 tresna baino gehiago patentatu zituen.
  • Einstein, Albert (1879-1955). Historian izan den fisikaririk garrantzitsuena. Aitzindari izan zen, eta bere garaian artean indarrean zegoen fisikaren oinarriak aldatzea lortu zuen.
  • Freud, Sigmund (1856-1939). Oraindik ere zer esan handia ematen du bere lanak. Giza burmuina ikertzen eman zuen bizitza osoa eta zientzia berria sortzeko gai izan zen.
  • Galilei, Galileo (1564-1642). Kopernikoren lurraren mugimenduari buruzko teoria baieztatu zuen, teleskopioaren laguntzaz baliatuta. Garaiko gizarteak ez zituen begi onez hartu bere aurkikuntzak eta inkisizioak erabat baztertu zuen.
  • Hipokrates (K.a. 460-377). Medikuntzaren aita izan zen.
  • Miguel Angel (1475-1564). Errenazimentuan bizi izan zen artistarik handiena.
  • Mozart, Wolfgang Amadeus (1756-1791). Ez dago zehaztasunez esaterik, baina agian bera da gizateriaren historian sortu den musikaririk onena, batez ere gauzak gazte-gaztetatik egin izanaren aldetik begiratzen bazaio.
  • Newton Isaac (1643-1727). Hainbat mendetako fisikaren oinarriak sor zaizkio. Grabitate-legearen asmatzailea.
  • Picasso, Pablo (1881-1973). Kubismoaren sortzailea izan zen, arte garaikideari ateak ireki zizkiona eta gerora ere eragin nabarmena izan zuena.
  • Pitagoras (K.a. 580-500). Matematikaren oinarriak sortu zituen.
  • Shakespeare, Willian (1564-1616). Antzerki-idazle garrantzitsua. Shakespeareren lanak munduko antzoki guztietan jokatu izan dira.
  • Van Gogh, Vincent (1853-1890). Bere lanari esker ateak ireki zitzaizkion espresionismoari, baina, horretaz gain, bere bizitza ere erabat jeniozkoa izan zen.


Irekita geratzen da goiko zerrenda. Bukatu al dira jenioak? Batek daki. Seguru asko gizarteak heriotzaren ondoko ikuspegia beharko du gizakien lana baloratu ahal izateko. Elvis Presley-ren edo Beatles taldearen musika entzungo ote da XXV. mendean? Spielberg-engatik zer esango ote dute? Txip-aren asmatzaileei edo Big Bang teoriaren egileei jenio kategoria emango ote zaie?

Etxeko jenioa?

Etxeko txikia ohi baino azkarragoa dela uste duzu? Gainerakoak baino hobea? Besteek baino hobeto eta azkarrago ikasten duela’ Zalantza sortu zaizu? Izugarri azkarra izan daitekeela uste duzu? Hori horrela bada, zure haurrak gutxienez ezaugarri hauek izan beharko ditu:

  • Lo gutxi egiten du.
  • Oso denbora gutxian ikasi du irakurtzen.
  • Sei hilabeterekin bere lehen hitza esan du.
  • Urtebeterekin lehen esaldia osatu du.
  • 18 eta 24 hilabete artean, elkarrizketa osatzeko gai da, lexiko jasoa erabiliz gainera.
  • Bi urte eta erdirako, alfabetoa ikasi du eta hamarrera arte zenbatzeko gai da.
  • Hiru urterako, buruz 10era arteko batuketak eta kenketak egiteko gai da.
  • Hiru urterekin, ezagutzen ez dituen hitzen esanahiarengatik galdetu du.
  • Oso gaztetatik galdera deduktiboak egin ditu.
  • Sormen-gaitasun handia du.
  • Inguruarekiko sentikortasun handia erakusten du.
  • Justiziari eta etikari dagozkien gaiekin kezkatzen da.
  • Kementsua da eta bere buruaz fidatzen da.
  • Gauza berriak ikasteko gogoz egoten da.
  • Oso kritikoa da.
  • Kontzentrazio-ahalmen handia du.
  • Adinez bera baino nagusiagoak direnekin ibiltzea gustatzen zaio.
  • Autoestima txikia du, depresiorako joera.
  • Eskolan aspertu egiten da.
  • Arreta erraz galtzen du.
  • Pentsamendua berak eraikitzen du, eta bere ondorioak ateratzen ditu.
  • Irakasleak ez ditu oso gogoko.
  • Uste du jendeak ez duela ulertzen.
  • Oso independentea da, isila.

Zure haurra horrelakoa bada, badaukazu haur azkarrak, adimen-koziente handikoak biltzen dituen elkarteetara jotzea. Hona hemen Euskal Herriko biren helbidea:

  • Garatu (Aparteko Talentudunen eta horien gurasoen Euskal Autonomia Erkidegoko Elkartea). Gasteiz, 945 28 90 14. Bilbo 94 447 31 97.
  • ANAS (Aparteko Talentudunen Nafarroako Elkartea). Iruñea, 948 34 44 27.

Jenialtasunaren ezaugarriak

Zientziak aparteko talentudun jendea ezohiko kategorian jarri zuen hasieratik, askotan erotasunaren mugan bertan. Aparteko talentudunek badituzte ezaugarri jakin batzuk, gainerakoek ez dituztenak. Horregatik, jenioak behin baino gehiagotan zorotzat hartuak izan dira.

Pertsona arrunten burmuina aztertzeak eta ulertzeak ez du erraza izan behar; jenioenak aztertzeak are eta zailagoa izan behar du. Izan ere, jenioa izatea ezin da erraza izan, gainerakoekin harreman arruntak izatea, jakinda arrazoitzeko gaitasun txikiagoa dutela.

Hala ere, jenioei buruzko ikerketak bilduta, jenioen nolabaiteko ezaugarriak finkatzea lortu da. Honako hauek dira:

  • Sentikortasuna. Ezin da jenio izan gauzen inguruko galderak egiteko gaitasunik ez badago, kuriositaterik ez badago. 4 urterekin Einsteinek galdetzen zuen ea zergatik ipar-orratzek beti puntu berera jotzen duten, eta Newton sagarrak zergatik erortzen ziren pentsatzen hasi zen.
  • Berez pentsatzeko gaitasuna. Beren arrazonamenduak nahikoa izaten dira, ez dute gainerakoenen premiarik izaten.
  • Iraunkortasuna. Atsegin duten hartan lanean jardutea, jakintza handitzean gozatzea. Boterea eskuratzeari edo diru gehiago egiteari ez diote garrantzi handirik ematen.
  • Lanarekiko motibazioa. Aurrekoarekin lotuta.
  • Autoestimu handia. Emozioetan orekatuak izaten dira. Horrela gertatzen ez denean, sormena oztopatzen da. Horregatik, gai izaten den asko bidean geratzen da.

Oinarrizko ezaugarri horiek kontuan hartuta ere, ikertzaileek ez dute jenioaren profilik egitea lortu. Aipatutako ezaugarri horietakoren bat betetzen ez denean, adimen-koziente handia izanda ere, baliteke pertsona ezertan ez nabaritzea.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia