}

Uhinen bidezko sareak

2003/01/31 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Kablerik gabeko sareen bidetik, konexio-filosofia berri bat zabaltzen ari da pixkanaka; sare informatikoak partituko ditugu ordaindu gabe? Sinisten zaila da hori.

Azkarra ala motela, handia ala txikia, memoria handikoa ala txikikoa, gaur egun, konektatu gabeko ordenagailua ez da modernoa. Informatikaren mundua Internet sarearen morroi bilakatu da azken urteotan. Horregatik, sarerako konexio-abiadura da gaurko jainko teknologikoa eta ADSL ospetsua jainko horren profeta. Arreta handia jasotzen duenez, konexio-abiadura leku guztietan ari da pixkanaka handitzen, eta laster ez da arazo teknologikoa izango. Horrek esan nahi du laster ezingo digutela gehiago kobratu abiaduraren pribilegioa izateagatik. Horri demokratizatzea deritzo. Abiadura demokratizatuko zaigu, eta, beraz, beste hainbat ezaugarri ere hasiko dira indarra hartzen, kablerik ez izatea, adibidez.

Ahaztu behingoz kableak!

Haririk gabeko telefonoek izan zuten arrakasta mugikorren iraultzak eklipsatu du. Jendeak ez du nahikoa haririk gabeko gailuekin; aitzitik, edozein tokitara eraman eta bertan erabili ahal den teknologia eske dabil. Autobusean, harategian eta komunean erabil daitezkeen ordenagailuak eta telefonoak ia mugarik gabe saltzen dira. Eta ez hori bakarrik: saltzen dituzten enpresek sinetsarazi nahi digute duela urtebete erositakoa jadanik zaharkituta geratu dela.

Bitxia da; teknologia horrek dakarren filosofia erabat onartu da ondorioak aztertu gabe. Berriak ia gertatu baino lehen jakin gabe ezin dugu bizi. Eta bi minutu barru ikusiko dugun pertsonarekin hitz egitea ezinbesteko bilakatu zaigu: "Non zaude? Autobusean? Ni izkinako semaforoan. Orain gorria dago… itxaron… orain berdea. Banoa. Oraintxe arte".

Ordenagailu eramangarriak edozein tokitan gaudela lan egiteko aukera ematen digu. Jada ez dago bulegora joan beharrik: gosaltzen ari garela ere idatz dezakegu sailaren buruak agindutako txostena, eta, modu horretan, astean txosten bakarra idatzi beharrean, hiru txosten idaztera iritsiko gara, noski, enpresaren onerako. Harrigarria.

Bizimodu ero horrek etxeko teknologiaren garatze-bidea baldintzatzen (eta, agian, mugatzen) du. Adibidez, telefono mugikorren tamaina txikiagotzeko ikerketa-lerroa lehentasun handiko gaia da telekomunikazio-enpresetan. Horrez gain, telefonoak ordenagailu bihurtu nahi dituzte, eta ordenagailuak, berriz, sakelako gailu.

Loturak apurtuta

Bide beretik, kablerik gabeko beste gailuak ere demokratizatzen ari dira. Ordenagailuen esparrua adibide ona da. Oraindik kablez jositako tramankulu handi bat erabiltzen duzu bulegoan? Ez dakizu teklatu askeak ere badaudela? Eta saguak? Saguaren isatsa desagertzear dago.

Ordenagailu gehienak kablez konektatuta daude sarean.

Teknologiaren ikuspuntutik horrek ondorio batzuk ditu: kobrezko kableak askoz gutxiago erabiltzen dira ordenagailu berrietan. Baina, orduan, nola demontre komunikatzen dira teklatua eta sagua ordenagailuaren nukleoarekin? Uhinen bitartez, noski: telebistaren urrutiko aginteak egiten duen bezalaxe. Etxea uhinez betetzen ari gara. Ez dakigu gure osasunari eragiten dioten ala ez, baina eraginik izatekotan ere frogatzen zailak direnez, ez dute ekoizpen teknologikoa zalantzan jartzeko indarrik.

Era berean, ordenagailu-sareetan ere mugikortasuna zabaldu nahi dute. Zer esan nahi du horrek? Kablerik gabeko sareez ari gara.

Egia esan, enpresetan ordenagailuak sare lokaletan antolatuta egoten dira, LAN izeneko egituretan, alegia (ingelesetik, Local Area Network). Bulegoetan lan egiten dutenek ondo dakite nolako kable-nahaspila behar duten LAN horretan ordenagailu horiek guztiek. Erabat ordenatuta ere, instalazio kaotikoa dirudi.

Nahaspila hori instalatu behar ez izateko, kablerik gabeko filosofiaz baliatzea pentsatu dute batzuek. Ez da ideia txarra. Kableen ordez, antenak eta errezeptoreak erabiltzen dituzte sare horiek. Asmakuntza horri WLAN deritzo, hau da, ingelesetik, Wireless Local Area Network. Arazo bakarra uhinak dira; bulegoan hainbeste ordenagailu izateagatik daudenei sare lokalak behar dituenak gehitu behar zaizkie. Beraz, sekulako eremu magnetikoa sortzen da langileen inguruan. Baina uhinek sortzen dituzten osasun-arazoak frogatuta ez daudenez, ideia ontzat eman beharko dugu.

Teknologiaren ikuspuntutik, WLANen mugak segurtasuna eta, batez ere, abiadura dira. Ez dira oso azkarrak, eta informazioa zifratzearekin arazoak sortu dira. Dena dela, denborarekin konponduko dira arazo horiek.

Hiri mailako sarea

WLAN sarea kudeatzeko ekipoa.

WLAN sareei lotuta, ideia interesgarri bat sortu da: wireless komunitatearena. Hiri oso batean antolatutako kablerik gabeko sare handi bat da wireless komunitatea. Sare lokal hori ez da arrunta, Internetera konektatzeko modu bat baizik. Sare hori erabiltzaileak bere borondatez instalatutako nodoek osatzen dute; horrela, nodo horien jabeek Inteneterako kablerik gabeko konexioa eskaintzen dute, horren truke dirurik eskatu gabe.

Hainbat hiritan proiektua martxan da edo abian jartzear dago. Euskal Herrian, adibidez, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon egin dira proiektuak.

Baina, behar ditugu sare horiek? Internetera edozein tokitatik konektatzea baliabide bat da. Baina behar dugu baliabide hori? Antza denez, wireless komunitateen ideia kontsumo eroaren alternatiba bat da. Zenbat iraungo du, ordea, alternatiba horrek merkatu ekonomikoak irentsi gabe?

WLANaren estandarrak

1997ko ekainean, 802.11 araua onartu zuen informatikako estandarrak finkatzen dituen IEEE erakundeak. Arau horrek kablerik gabeko komunikazioaren ezaugarriak zehazten ditu.

Komunikazio hori 2,4 GHz-eko maiztasunaren bandan kokatu zuen arauak. WLAN sareak 802.11b estandarren arabera egiten dira, maiztasun horretan igortzen direlako, 11 Mbps-ko abiadurarekin. ADSL linearekin konparatuta, beraz, oso konexio mantsoa da; beraz, abiadura hori azkartzeko bidea bilatu beharko dute erabilgarritasun hobea lortzeko.

WLANez hitz egitean, segurtasun-kontuak ere aipatu beharrekoak dira.

WLAN sareek WEP izeneko (Wired Equivalent Privacy) zifratze-sistema erabiltzen dute, ustez kable bidezko sareek eskaintzen dutenaren parekoa. Ordea, sistema hori hasieran ez zen deskodetzeko zaila; aditu batzuek deskodetze-metodoa aurkitu zutenean, krisialdi ederra sortu zuten. Zifratze-sistemez gain, autentifikatze-metodoak ere gehitu ziren WEP hobetzeko.


Posta elektronikoaren bidezko zaborra

Informatikariek spam deritze mezu elektroniko horiei. Erabiltzaileok askotan jaso ditugu eskatu ez dugun informazioa, publizitatea eta bestelako kontuak posta elektronikoaren bitartez. Web gune pornografikoek, posta arruntaren eta elektronikoaren bidezko saltzaileek eta beste hainbat 'spamerrek' erabiltzen dute bide hori publizitatea egiteko.

Baina nola demontre lortu dute gure helbidea? Modu bat baino gehiago dago helbide-zerrenda bat lortzeko. Dena dela, ohiko modua saretik bidaiatzen duten mezuen bitartekoa da. Batzuetan zoriontasuna edo sexua agintzen dute, baina beste batzuetan helburu altruista duten mezuak ere izaten dira. Duela gutxi, Nazio Batuek ustez hirugarren Mundu Gerra saihesteko helburuarekin idatzi bat prestatu zuten, eta Interneten bidez sinatzea eskatzen ziguten mezua zabaldu zen. Ez zen egiazkoa. Nazio Batuek ez zuten halakorik zabaldu.

Mezu horiek helbide bat ematen dute gehiago jaso nahi ez badituzu zerrendetatik zure izena kentzeko. Iruzurra da. Helbide horretan, zure helbidea ondo dagoela baieztatu besterik ez dute egiten. Beraz, errore-mezu bat imitatzen duen erantzuna bidal dezakezu helbide horretara. Horrela, spam hori bidaltzen dutenek pentsatuko dute zure helbidea ez dela zuzena, eta, mezua bidaltzen duten aldi oro errorea ez jasotzeko, zerrendatik kendu egin beharko zaituzte. Bestalde, posta-helbidea eskaintzen duten atari batzuek spama bereizi egiten dute jasotzean; horrela, zuzenean baztertzeko aukera du erabiltzaileak, spam guztia karpeta batera bideratzen delako automatikoki.

Zabalik-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia