}

Telefono zelularrak… arriskutsuak?

1999/11/21 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Izenburuko galderari martxorako erantzun garbia eman nahi dio fisikariz eta sendagilez osatutako aditu-talde batek. Horretarako, Edinburgon bildu dira eta telefono zelularren ohiko erabiltzaileekin eta gaia aztertu duten hainbat aditurekin hitz egingo dute hemendik aurrera.

Izan ere adituren batek adierazi duenez, burukominak, goragaleak, nekea eta insomnioa eragiteaz gain, telefono zelularrak tumoreak gararazteko gai dira, burmuinak telefono zelularretatik ateratzen diren mikrouhinak zurga baititzake. Oraingoz, dena den, adierazpen horiek baiezta dezakeen frogarik ez dago. Beraz, martxora arte itxaron beharko da.

Bien bitartean telefono zelularren salmentek etenik gabe igotzen jarraitzen dute. Iaz % 51 igo ziren, guztira 163 milioi telefono zelular saldu omen ziren. Eta horrek badu oihartzuna gizartean, batez ere Estatu Batuetan. Erretzaileendako toki berezia duten bezala, New York-eko metroan —goizeko 6etako lineetan— telefono zelularra dutenendako tokia ere jarri dute. Jatetxeetan ere antzerako neurriak hartzen hasiak dira, eta hainbat unibertsitatetan debekatu egin dute telefono zelularra eramatea.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia