}

Teknopolis berri-berria

2007/10/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Teknopolisek 10 urte beteko ditu aurten. Eta, gaur egungo telebistaren panoraman, hamar urte ia mende bat da! Horregatik, Teknopolisek ospatu egingo du. Jantzi zaharra aldatu eta berriarekin agertuko da telebistan; ez zaharra txarra zelako, baizik eta telebistan, bizirik egoteko, noizean behin aldatzea beharrezkoa delako. Elhuyar Fundazioan ekoizten dugun programa itxura berrituarekin agertuko da ETBko bi kateetan urriaren 14an.
Teknopolis berri-berria
2007/10/01 | Kortabarria Olabarria, Beñardo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Lantaldeko kideetako lau: Manex Urruzola, Alaitz Ochoa de Erive, Beñar Kortabarria eta Maider Egüés.
E. Carton

Berrikuntzen artean, aurkezle berria. Maider Egüés kazetariak jarriko die aurpegia zientziaren eta teknologiaren inguruko kontuei aurtengo Teknopolisen. ETBko amaigabeko errepikapenetan bidaia-programei lotuta agertu bada ere, arrasatearrak hirugarren denboraldia osatuko du dagoeneko Teknopolisen.

Programaren zuzendaritzan, oraingoz, berritasunik ez; beste ekitaldi batez Beñar Kortabarriak jarraituko du. Harekin lan egiteko, eskarmentuko eta esperientzia gutxiagoko pertsonez osatutako lantalde bat: beteranoak Arantxa Txintxurreta eta Eneko Imaz biologoak; Teknopolisen hasiberriak, Alaitz Ochoa de Erive kazetaria eta Manex Urruzola ingeniaria.

Berrikuntzak ez dira lantaldean bakarrik gertatuko, programaren estetikan eta edukietan ere bada nobedaderik. Denboraldi batzuetan ETBko platoetatik kanpo ibili ondoren, aurten Miramongo estudioetara itzuliko da programa. Grabazioak, beraz, aterpean egingo dira, horrek dakarren irudi- eta soinu-kalitate bermearekin. Saioaren estetika osoa ere, ez estiloa, berria da.

Programaren edukietan, aldaketa nabarmenena gai monografikoak dira, gai bakarrean oinarritutako programak. Horrekin, gaietan gehiago sakontzeko aukerari eman nahi zaio bide, gaien inguruan egon daitezkeen ikuspegiei tokia egiteari. Gaietan sakontzearekin batera, ikuslearentzat ikusgarri izateko helburua ere badu Teknopolisek, eta horri erantzun nahi dio "Mundu ikusgarria" izenarekin bataiatu den atal berriak. 3-4 minutuko bideoa batean, munduan zehar dauden hainbat toki bitxi erakutsiko dira astero.

Ikuslea aho zabalik uzteaz gain, parte-hartzaile ere bihurtu ahal izango da, asteroko "Ikuslearen galdera"-ren bidez. Eta parte-hartzea areagotu nahi badu, Interneten, programaren web gune berrian, interaktibotasunerako aukerak ugaritu egingo dira. Eta... aldaketa guztiak hilaren 14tik aurrera etxean gozagai. On egin!

Kortabarria Olabarria, Beñardo
2
235
2007
10
039
Elhuyarren berriak
Elhuyarren berriak
61

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia