}

Taxi berriak

2002/02/27 Elhuyar Zientzia

Gogoan dituzue teleferikoetako kabinak? Bada, horien antzeko taxiak jartzeko asmoa dute Erresuma Batuan. UTL jarri diete izena; alegia, hiri barruko garraio arina. Dena den, bitxiena ez da itxura, gidaririk ez izatea baizik.

Zientzia-fikziozkoa dirudi. Erabiltzailea ‘autora’ sartu eta horrek automatikoki eramango du joan nahi duen tokira.

UTLa bateriei esker ibiltzen da, eta geratzen den bakoitzean bateria horiek kargatu egiten dira energia-mailari eusteko.

Abiadura handiegirik ez du harrapatzen, 46 km/h (25 milia orduko), baina nahikoa izan daiteke hiri barruan batera eta bestera ibiltzeko.

Erabiltzaileak ‘geltoki’ moduko toki jakin batzuetatik deitu ahal izango dio UTLari, baita ibilbidea eta nora joan nahi duen finkatu ere. Gehienez ere 4 pertsona sartzen dira ‘auto’ batean.

Berez, UTLa errepide arruntetan ibiltzeko diseinatuta dago, baina zenbait tokitan zubi eta igarobide bereziak egin beharko dituzte ibilbidea asko ez luzatzeko. Oraingoz, Galesko Cardiff badian 2004a baino lehen jarri nahi dituzte horrelako 30 ibilgailu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia