}

Tabako-ekoizpenari kea dario

2005/05/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Munduan ekoizten den tabako gehiena zigarroak egiteko da. Txina da, nabarmen, tabako-ekoizlerik handiena, baina zigarroen multinazional boteretsuena AEBetakoa da. Hala ere, herrialde askok hartzen dute parte tabako-ekoizpenean; izan ere, irabazi ederrak ematen ditu tabakoaren industriak. Zigarroa erretzaileen ezpainetara iristeko, baina, pauso asko eman behar dira.

Zigarroak, berez, txikitutako tabako-hostoz eginda daude. Ekoizleek hainbat tabako-mota nahasten dituzte erretzaileen gustuei egokitzeko; hortaz, tabakoa landatzen duten tokiak espezializatuta daude mota batean edo bestean. Gainera, klimak, lurzoruaren ezaugarriek, laborantza-teknikek eta tabako-hostoak lantzeko eta eraldatzeko teknologiak eragin zuzena dute tabakoaren kalitatean.

Mota batekoa zein bestekoa izan, tabakoaren laborantza intentsiboa da oro har. Urteroko landarea balitz bezala hazten dute, nahiz eta tropikoan urtebete baino gehiagokoa den berez. Nolanahi ere, landarea urte osoan zaindu behar da kalitate oneko hostoak lortzeko.

Zurtoinak bi metro har ditzake, eta gehienezko luzerara iritsi baino lehen muturra loratzen hasten da. Alabaina, loreei hazten utziz gero, hostoak gutxiago hazten dira eta kalitatea galtzen dute. Hori saihesteko, loreak kendu egiten dira. Orduan, landareak ernamuinak sortzen ditu alboetan, eta horiek ere kendu egin behar izaten dira etekinean galerarik ez izateko.

Hostoen kolorea berdetik hori argira aldatzen denean, esan nahi du helduta eta biltzeko prest daudela. Dena dela, lehenago edo geroago biltzen dira lortu nahi den tabako-motaren arabera. Izan ere, hostoen konposizioa aldatu egiten da denborarekin: gluzidoak eta konposatu nitrogenodunak hostoetatik zurtoinera joaten dira, baina molekula nitrogenodunek besteek baino askoz ere azkarrago migratzen dute. Hortaz, hostoak noiz bildu erabakitzeko, kontuan izaten dute konposizio kimikoa.

Bildu ondoren, hostoak ondu egin behar dira. Ontzean, ura galtzen dute, eta, aldi berean, prozesu biokimikoek aurrera jarraitzen dute. Ondorioz, konposizioa aldatu egiten da. Bestetik, lehortzeko hainbat bide daude —bero artifiziala erabiliz, atari zabalean, eguzkipean edo lurrean zabalduta—, eta horrek ere eragiten du konposizioan. Azkenean, tabakoaren hezetasuna % 18-26 bitartekoa izatea komeni da. Hostoek hori baino ur gehiago badute, hartzitu egiten dira, eta gutxiago izanez gero, berriz, apurtu.

Hostotik zigarrora

Nahiz eta tabako gehiena zigarroak egiteko erabili, bestelako produktuak ere ekoizten dira, hala nola puruak, pipan erretzeko tabakoa, tabako-hautsa, mastekatzeko tabakoa eta farmazia-produktu batzuk; baina ez dira zigarroak bezainbat kontsumitzen.

Zigarroak egiteko hainbat tabako-mota nahasten dira. Txikitutako tabakoa erretzeko paperean biltzen da, eta paper horrek eragin handia du tabakoaren errekuntzan. Papera landare-ehunetatik ateratzen den zelulosa-orez egiten da, adibidez, liho edo zuraren zelulosaz, eta poro gehiago edo gutxiago izan ditzake. Horren arabera, aire gehiago edo gutxiago sartzen da, eta horrek errekuntzan eta sortzen den kean eragiten du.

Gehienetan, iragazki bat ere jartzen diote zigarroari. Iragazkia zelulosa azetatoz eginda dago, eta haren zeregina mundruna eta nikotina atxikitzea da. Zenbat mundrun eta nikotina atxikitzen duen, berriz, aireztatzearekin lotuta dago. Izan ere, iragazkia paper hidrofugoz bilduta dago, eta poroak eta zulotxoak ditu. Horietatik sartzen den aireak kea diluitzen du. Hartara, nikotina, mundrun eta karbono monoxido gutxiago hartzen ditu erretzaileak.

Dena ez da tabakoa

Mastekatzeko tabakoaren kontsumoa hutsala da zigarroarenarekin
alderatuta.

Paperean bildutako tabakoak berak ere beste hainbat osagai ditu. Hainbat iturriren arabera, sei mila izan daitezke tabakoari gehitzen zaizkion substantziak. Batek daki hainbeste izango ote diren, baina ez dago zalantzarik gehigarriak oso garrantzitsuak direla zigarroari usaina eta zaporea emateko.

Adibidez, hezetasun-maila gordetzeko eta usain gozoa emateko asmoz, saltsak gehitzen zaizkio tabakoari. Zigarro-mota bakoitzak du berea, eta substantzia hezegarriz, azukrez, kakaoz, erregalizez eta uretan disolbatutako lurrinez dago osatuta gehienbat. Saltsa tabakoaren % 10 izatera irits daiteke, baina ekoizleak ez daude behartuta zer osagai eta bakoitzetik zenbat erabiltzen duten aitortzera.

Usain gozoa emateko erabiltzen diren beste substantzia batzuk, berriz, alkoholean disolbatuta gehitzen dira. Oro har ez dira kantitate handian erabiltzen, zigarro mentoldunetan izan ezik; zigarro horiek % 4 mentol inguru daramate.

Cercospora onddoak kalte larriak
eragiten ditu tabako-sailetan.

Askok salatzen dute zigarro-ekoizleek amoniakoa ere gehitzen diotela tabakoari. Nonbait, amoniakoren eraginez nikotina gehiago askatzen da, eta, ondorioz, erretzailearen mendekotasuna areagotu egiten da. Nolanahi ere, tabakoak berak badu amoniakoa, eta, hain zuzen, amoniakoak eta azukreak erreakzionatzean sortzen diren substantziek usain gozoa ematen diote zigarroaren keari.

Hortaz, tabakoa zigarroaren osagaietako bat besterik ez da; nagusia bai, baina ez bakarra.