}

Seaflow proiektua

1999/02/01 Susaeta, Tomasa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Energia alternatiboen arloan espezializatuta dagoen IT Power enpresa britainiarra proiektu bat lantzen ari da mareen energiaz baliaturik energia elektrikoa ekoitziko lukeen sorgailu bat eraiki eta itsaspean ezartzeko. Seaflow proiektuaren helburua ez da sorgailu esperimental bat egitea, sare elektrikora konektatuta egongo den sorgailu guztiz komertziala egitea baizik. Mareen energia aprobetxatzeko orain arte erabili diren sistemek itsasbehera eta itsasgoraren arteko ur-mailaren diferentzia erabiltzen dute, baina turbinak dikeetan daude, ez itsaspean. Horregatik da guztiz berria Seaflow proiektua.

Itsaspean ezarri nahi den itsaslaster-turbina haize-sorgailuen antzekoa da, baina errotorea guztiz urpean izango du marearen energia erabiltzeko. Lehen prototipoa aurten bertan ezarri nahi dute eta 300 kilowatteko potentzia izango du, herrixka baten energia elektrikoaren beharrak asetzeko adina alegia. Erresuma Batuko kostaldean ezarriko da, baina oraindik ez dute erabaki non. Turbinaren osagai nagusia itsaspeko errotorea da: 15 metro inguruko diametroa izango du eta diseinatuta egongo da minutuko 12,5 bira egiteko 2 edo 3 metro segunduko itsaslasterrak eraginda. Turbina itsaspeko zoruan euskarritutako altzairuzko zutabe baten gainean ezarriko da.

Lehen prototipoaren emaitza arrakastatsua bada, hurrengo urratsa itsaspeko "marea-zentrala" eraikitzea izango da; horretarako 10 eta 20 turbina artean elkartu beharko lirateke eta, denen artean, 2tik 5era megawatteko potentzia ekoiztea lortuko lukete. Potentzia hori nahikoa izango litzateke 5.000 biztanleko herri bat energia elektrikoz hornitzeko. Eta hori 2005. urtean instalatzea aurreikusi dute.

Zentrala ia guztiz urpean egongo da. Proiektuaren sustatzaileek diotenez, ingurugiroaren gaineko eragina zentral eolikoena baino txikiagoa izango da ez baita ia ikusiko: masta bat aterako da uretatik kanpora, itsasontziei zentrala non dagoen adierazteko. Orain arte ez da inoiz horrelako proiekturik obratu, horrela lortuko litzatekeen energia elektrikoaren kostua ohizko energia fosilen bidez lortua baino askoz handiagoa izango litzatekeela argi eta garbi baitzegoen. Baina horixe bera gertatu zen haize-energiarekin, teknologiaren aurrerakuntzari esker zentral eolikoak ekonomikoki errentagarriak izatea lortu den arte.

Gainera, duela 20 bat urte Ipar itsasoaren azpian petrolioa aurkitu zenetik, itsas ingurunean lan egin ahal izateko teknologia biziki garatu da eta petrolio-plataformetako teknologia berriak eta zentral eolikoetako azken teknologia, biak erabil daitezke itsaspeko turbinak eraikitzeko. Hori dela eta, duela 15 urte ametsa baino ez zena gaur egun errealitate izan daiteke. Horrela eskuratuko den energia elektrikoaren kostua kilowatt ordu bakoitzeko 0,10 dolarrekoa izango dela uste dute sustatzaileek. Hori energia-iturri konbentzionalak (ikatza, gasa) erabiliz lortzen dena baino garestiagoa da oraindik, baina teknologia hobetu eta garatu ahala, prezioa jaistea lortuko dela uste sute sustatzaileek.

Proiektuak 360 milioi pezetako aurrekontua du; erdia Europako Batasunak emandako laguntzaz estaliko da. Proiektua europarra da guztiz eta IT Power enpresa britainiarrak Suedia eta Alemaniako kideekin batera ari da proiektua osatzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia