}

San Juan ante Portam Latinam, Neolito berantiarreko indarkeria handiaren lekuko

2023/11/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

san-juan-ante-portam-latinam-neolito-berantiarreko
San Juan Ante Portam Latinam aztarnategiko hezurrak. Tartean, arma gisa erabilitako suharri bat ere ageri da. Arg. Aranzadiko Antropologia Saila

San Juan ante Portan Latinam (Guardia, Araba) Neolitoko aztarnategi berezienetako bat da, 338 pertsona baitaude hilobiratuta elkarrekin, eta askok indarkeria-zantzu argiak dituzte. Hain zuzen, Lourdes Herrasti Erlogorri Aranzadiko arkeologoak esana zuen aztarnategia “harribitxi” bat zela. Orain, hezurrak berriro aztertuta, garaiari eta gizarteari buruzko ondorio berriak atera dituzte, Valladolideko Unibertsitateko Teresa Fernández Cresporen gidaritzapean egindako lanean.

Aztarnategia K.a. 3380-3000 urteen artekoa da, eta, azterketa berrian, aurretik dokumentatu gabeko banakoak identifikatu eta aztertu dituzte. Hala, 338 banakoetatik ia laurdenak (% 23,1) traumatismoren bat dutela ikusi dute (65 banakok sendatu gabeak, eta 89k sendatuta), eta gehiengoa mutil gazteak edo gizon helduak dira. Hortik ondorioztatu dute haiek zirela (mutilak eta gizonak) gerretan eta borroketan parte hartzen zutenak, eta indarrez zauritzen eta hiltzen zirenak. Hala ere, haurren eta emakumeen gorpuak ere hilobiratu zituzten haiekin batera; batzuk geziz zaurituak edo hilda. Hortaz, adin eta sexu guztietako pertsonei eragin zien indarkeriazko gertakariak.

Ikertzaileek esanean, San Juan Ante Porta Latinam da Neolito Berantiarrean Europa osoan dokumentatutako indarkeriazko gertakari handiena. Haien ustez, litekeena da presio demografiko handiko garai bat izatea, eta kultura desberdinetako taldeen arteko lehia eta gatazka sortu izana. Garai hartan, inguruko beste leku batzuetan ere aurkitu dira indarkeria-zantzuak (geziak, traumatismoak garezurrean, hausturak…); panorama horrek iradokitzen du talde etsaien arteko indarkeria antolatua zegoela. 

Bestalde, hezurretan nabariak dira desnutrizioaren seinaleak. Horrek iradokitzen du egoera hark eragindako ondorio sozialak beste inon baino zabalagoak eta sakonagoak izan zirela San Juan ante Portam Latinamen inguruan.

Lantaldean Aranzadiko, Oxfordeko, Aix-Marsellako eta Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek ere parte hartu dute, eta Nature-ren Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia