Plastikozko astronauta bat erradiazio-neurgailu
2004/02/13 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Aspalditik dakite adituek izpi kosmikoen erradiazioa arazo izan daitekeela astronautentzako, baina arriskua benetan zenbatekoa den jakiteko egingo dute proba hori. Izpi kosmikoak Big Bang-en hondakinak direla uste dute, eta Lurrean eremu magnetikoak babesten bagaitu ere, astronautek ez dute babesik espazioan. Izan ere, espazio-ibilaldiak egiten dituztenean, Lurrean baino 27 aldiz erradiazio gehiago hartzen dute.
Orain arte lan handia egin da erradiazio-mota hori ikertzeko, baina oraindik gutxi dakite osasunean izan ditzakeen ondorioei buruz. Gainera, erradiazioak gorputzeko organo bakoitzean nola eragiten duen jakin nahi dute. Horrela, babeserako arropa hobea diseinatu ahal izango dute.
Panpinak tamaina naturala du, ez dauka gorputz-adarrik eta 80 kiloko pisua du. Hezur naturalez eta dentsitate ezberdineko plastikoz eginda dago. Kanpotik karbono-zuntzezko geruza babesgarria du, erradiazio ultramorea blokeatu eta espazioko hondarrak desbideratzeko. Organoak ere plastikozkoak ditu, eta sentsoreak ditu horietako bakoitzean izpi kosmikoen dosiak neurtzeko. Izena ere jarri diote, Matroshka, panpina errusiarrak bezala.
Astronauten osasuna kezka handia bilakatu da, gero eta denbora gehiago ematen baitute espazioan. Gainera, etorkizunean bidaia luzeak egiteko planak gauzatu nahi badituzte (bidaia tripulatuak Martera, adibidez), arrisku guztiei aurre egiteko prestatu beharko dute. Espazio-ontzi gehienak aluminioz eginda daude gehien bat, eta izpi kosmikoek erraz zeharka dezakete material hori. Otsailaren 26an jarriko dute manikia espazio-estazioaren kanpoaldean, eta urtebetera jasotako emaitzak aztertuko dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia