}

Plastikozko aleak itsasoan; ez da berria, baina bai larria

2024/01/11 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

plastikozko-aleak-itsasoan-ez-da-berria-baina-bai
Arg. Wusel007 / CC BY-SA 3.0

Galiziako kostaldea zuritu duten plastikozko aleak hautsak harrotzen ari badira ere, zoritxarrez, ez da kontu berria, ezta hain ezohikoa ere. Izan ere, kalkulatzen da urtean 52.000-184.000 tona plastiko-ale isurtzen direla itsasora (Galizian 26 tona inguru isuri dira), ekoizpen eta garraio-katearen kudeaketa txarraren ondorioz. Halaxe azaldu dute The Conversation aldizkarian argitaratu duten artikulu batean, Lucia Viñas Diéguez eta Jesús Gago ikertzaileek (Espainiako Institutu Ozeanografikokoak).

Plastikozko aleak 2 eta 5 mm arteko esferak dira. Batez ere polimeroz osatuak daude (polietilenoa, polipropilenoa, etab.), baina gehigarriak ere izaten dituzte (uhin ultramoreekiko babesgarriak, sugar-atzeratzaileak, etab.).  Iraunkorrak dira, gehienak flotagarriak eta ez dira disolbatzen, ez emultsionatzen, ez biodegradatzen.

Dieguezek eta Gagok adierazi dute aleen konposizioaren araberakoa dela haien dentsitatea, eta horrek zehazten duela uretan duten portaera. Galiziako kostaldean isuri direnak polietilenozkoak dira. Material horrek itsasoko urak baino dentsitate txikiagoa du (0,9 g/ml inguru), eta, beraz, uretan flotatzen dute, eta distantzia handiak egin ditzakete. Itsasertzera iristen direnean, mareek eta olatuek bultzatuta lurreratzen dira. Gainera, haizeak ere garraia ditzake aleak, edo hurrengo marearekin uretara itzul daitezke. 

Denboraren joanari ongi eusten dioten materialak dira, eta nekez degradatzen dira. Gainera, Galizian isuritakoek badirudi izpi ultramorehen bidezko degradazioa saihesteko tratamendua dutela; eta, kasu horietan are motelagoa degradatzen dira. Degradatzean partikula txikiagoetan puskatzen dira, eta mikroplastiko txikiagoak eta, azkenik, nanoplastikoak sortzen dira.

Ikertzaileek argi utzi dute halako isuriak beti direla ingurumen-arazo bat. Eta osaeraren arabera toxikotasun-arazo bat ere izan litezkeela. Polimeroak, oro har, material inerteak dira, berez, baina horrek ez du esan nahi ondorio kaltegarririk ez dutenik, hala nola irensten dituzten animalien digestio-aparatua buxatzea, edo haien urdailetan pilatzea. Eta, bestetik, aleen gehigarriak kaltegarriak eta toxikoak izan daitezke bizidunentzat. Horregatik, azpimarratu dute garrantzitsua dela isuritako aleen gehigarrien osaera zehatza ezagutzea.

Beste azpimarra bat ere egin dute: garrantzitsuena dela mikroplastikoen eta nanoplastikoen ingurumen-inpaktuaz kontzientziatzea eta horiek ingurumenera irits ez daitezen neurriak hartzen hastea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia