}

Oroimenaren irudia

2001/12/03 Elhuyar Zientzia

Iraupen laburreko eta luzeko memoria gordetzean neuronek izaten dituzten egitura-aldaketen irudiak hartu dituzte lehenengo aldiz Kaliforniako Unibertsitateko zientzialariek.

Neurologoek aspalditik ikertzen dituzte estimuluen ondorioz neuronen artean gertatzen diren konexio iraunkorrak eta aldi baterakoak. Orain, Cell aldizkarian Michael A. Colicos-ek eta bere taldekideek argitaratutako lanari esker, neuronen jarduera agerian gelditu da. Izan ere, memoria gordetzean garunean neuronen arteko konexioak izaten zirela susmatzen bazuten ere, orain arte ez zen horrelakorik ikusterik izan. Ikertzaile batzuek sinapsi-kopurua handitu egiten zela zioten arren, beste batzuek ez zuten garunean inolako aldaketarik sumatzen.

Arazoari irtenbidea aurkitzeko, Kaliforniako taldeak hipokanpoko neurona bakan batzuetan jarri zuen arreta. Hain zuzen ere, hipokanpoan eratzen dira gizakientzat oinarrizkoak diren hainbat memoria-mota. Hori dela eta, neurona horien sinapsiak, hau da, bulkada elektrikoari erantzutean konexio berriak nola sortzen ziren filmatu zuten.

Horretarako teknika eta eredu berriak erabili behar izan dituzte, alde batetik aktina fluoreszentziaz ikusi ahal izateko; eta, bestetik, garunean gertatzen den bezala estimulatzeko neuronak. Orain arte, estimulazio hori elektrodoen bitartez egiten zen. Baina elektrodoek neuronak kaltetu eta hil egiten zituzten. Silizioaren ezaugarri fotoeroalean oinarritutako teknika berriari esker, aldiz, neuronek ez dute bere funtzionamendu fisiologikoa galtzen.

Horrela, ereduan neuronak behin estimulatzen zituztenean, zelula barruko aktina aktibatu egiten zela eta konektatuta zegoen neuronen aldera mugitzen zela ikusi zuten. Gainera, lehenengo neuronaren jarduerak ingurukoetan eragiten zuen, eta haien aktina lehen neurona horretarantz mugitzen zen. Aldaketa horiek aldi baterakoak ziren, 3-5 minutu irauten zuten eta 10 minutura desagertu egiten ziren. Ostera, ordubetean 4 aldiz estimulatzen baziren, aldaketak iraunkorrak ziren, eta bizitza guztirako gordetzen ziren.

Dirudienez, giza garunean ere antzera gertatzen da: zerbait behin ikusten edo entzuten denean, minutu batzuetan gordetzen da. Baina ordu berean behin eta berriro ikusten edo entzuten dena, betiko gelditzen da oroimenean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia