}

Ornoduna ala ornogabea?

2002/04/17 Elhuyar Zientzia

Argazkiko zizare itsastarra Amphioxus deitzen da. Ornodun eta ornogabeen ezaugarriak dituen trantsizio-animalia dela diote zientzialariek, ornogabea izan arren, bizkarrezurraren aitzindaria den notokorda baitu tutu neuralaren eta digestio-hodiaren artean.

Ikertzaile-talde batek, ornogabe eta ornodunen arteko ezberdintzea noiz gertatu zen jakin nahian, amphioxusaren genoma aztertu du. Eta, dirudienez, bi animalia-taldeen bereizte-prozesuan garrantzitsua den gene-aldaketa bat aurkitu omen du. AmphilEomes/Tbr1 deritzon geneak ornogabeetan mesodermoaren garapena kontrolatzen du. Baina ornodunetan gene hori bikoiztuta dagoela ikusi du ikertzaile taldeak. Bi kopia izateaz gain, kopia bakoitzak funtzio ezberdina omen du. Kopia batek, Eomesodermin deritzonak, mesodermoaren garapena kontrolatzen jarraitzen du.

Bigarren kopiak, aldiz, funtzio berri bat kontrolatzen du: prosentzefalo edo aurreko garunaren garapena, hain zuzen. Azken gene horren izena Tbrain1 da. Aurkikuntza horrek funtzio berriak kontrolatzen dituzten geneen sorrera azal dezake, eta animalia primitiboetatik gaur arte gertatu den eboluzioa argitzen lagundu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia