Ordenagailuak, aurrerapenaren ikur eta ingurugiroaren etsai
2001/08/12 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Ezinbestekoak, gero eta ahalmen handiagokoa, baina biziraupen laburrekoak; diseinuz ere modernoak, baina birziklatzeari dagokionez, oraindik atzerapen handikoak. Hitz gutxitan esanda, horrelakoa izan da bizitzako alor guztietara heldu diren ordenagailuen bilakaera. Baina zer gertatzen da lanerako baliagarri ez diren ordenagailu zaharkituekin?
Multimedia bazter guztietara sartu da eta ezinezko egiten da gure bizitza ordenagailu gabe irudikatzea. Baina ezinbesteko bihurtzeaz gain, material informatikoa etengabe eraberritu beharrekoa ere bada. Urte gutxitan memoria txikiegikoa, azken programarako, jokorako edo Internetera konektatzeko zaharregia... gelditzen da.
Ezertarako balio ez duela eta, lehenbailehen berria erosteko premia sentitzen da, eta, horretarako laguntzak falta ez direnez, bi aldiz pentsatu gabe aldatzen dira. Ordenagailu zaharra, berriz, ibili badabil, baina hain da mantsoa eta zaharra ezen norbaiti ematea ere lotsa ematen duela. Horrenbestez, ordenagailu zaharrarekin zer egin erabakitzeak ez du buruhausterik ematen; zakarrontzira bota, eta kito!
Baina, tira, ordenagailua lan tresna bat baino ez da, eta lana erraztearren egiten diren berrikuntza guztiak onak baizik ezin dira izan. Hori inork ez du dudan jartzen, baina ba al dakizu, 1998an, Europako Batasunean, 6 milioi tona hondakin elektriko eta elektroniko bota zirela? Gainera, urtero kopuru hori % 3-5 emendatzen ari da eta 2003rako % 16-28 gehiago izango direla uste da. Zabor asko eta substantzia arriskutsuak metatzen ari dira oraingoz gestio plangintzarik gabe. Izan ere, errausten edo zabortegian metatzen den material informatikoaren % 90ak ez du aldez aurretik inolako tratamendurik jasotzen.
Konposatu arriskutsuak
Erabiltzaile arruntak ordenagailuaren plastikozko karkasa besterik ez du ikusten lanean ari denean, baina jakina da ordenagailuaren oinarria material elektriko eta elektronikoetan dagoela. Tripetan sartu eta arakatuz gero, katodo-izpien hodiarekin, zirkuitu inprimatuekin, kableekin, su-eragozleekin, merkuriozko etengailuarekin, metagailu eta bateriekin, etab.ekin egiten da topo. Eta konposatu horietan ingurugiroari eta gizakion osasunari kalteak eragiten dizkien substantziak ez dira gutxi: metal astunak(merkurioa, kadmioa, beruna, kromoa), substantzia halogenoak (CFC klorofluorohidrokarburoak, PVC polibinil kloruroa, PCB polikloruro bifenila...), bromozko su -eragozleak, eta artsenikoa eta amianto--sarea.
Beruna, kadmioa, merkurioa eta kromoa metal astunak dira eta kate trofikoan metatzen joaten dira. Kontzentrazio maila handietan guztiak dira toxikoak, baina ez da asko behar asma bezalako alergiak eta minbiziak eragiteko. Garrantzitsua da metal astunen kontzentrazioak akuiferoen bidez ongi kontrolatzea, bestela mikroorganismo eta landareetatik kate trofikoan sartuta gizakiarengana hel baitaitezke. Berunari dagokionez, oso zaila da berun-iturrien garrantzia neurtzea, eta horretarako lekuko analisi geokimikoak egin beharko liratekeen arren, material- elektroniko eta elektrikoa zabortegietan dagoen berun kopuruaren % 40aren iturri dela uste da.
Bestalde, ordenagailuetako zirkuituetan, kableetan eta plastikoetan oso erabiliak diren bromozko su-eragozleak, erraustean dioxina eta furanoa sortzen dituzte. Su-eragozle horiek ordenagailuetako plastikoaren bolumenaren % 20 inguru dira.
Material elektriko eta elektronikoen substantziek sortzen dituzten ondorioen berri zehatzik izan gabe ere, ingurugiroan eta osasunean eragin kaltegarria dutela uste da. Baina, hala ere, ordenagailu berria erosi beharrean dagoen kontsumitzaile kontzientziatuak zer egin dezake bere ordenagailua besterik gabe zakarretara ez botatzeko? Ba al dago horri buruzko legedirik edo material hori jaso eta birziklatzeko lekurik?
Oraingoz, erraustu edo zabortegian metatu
Arazoaren larritasuna agerian jartzen duten txostenak ez dira falta, baina zabor horrek guztiak erraustuta edo zabortegietan metatuta amaitzen du. Hondakinok erraustuz, metal astunak eta, dioxina eta furano ugari jaurtitzen da. Europako Batasuneko parlamentuaren txosten batek Europako Batasunean, urtero, 36 tona merkurio eta 16 tona kadmio atmosferara igortzen direla kalkulatzen du. Gainera, ordenagailu eta telebistetako pantailek errauste-prozesuan energia galera handiak sortzen dituzte. Adibidez, kilo bat izpi katodikozko hodik 400 kJ-eko galera sortzen du.
Zabortegiei dagokienez ere beste hainbeste esan daiteke, azken finean, material elektriko eta elektronikoetan dauden substantzien arriskua ez baita bere horretan desagertzen. Esan gabe doa, kalteak handiagoak izaten direla zabortegiak kontrolatu gabeak edo teknikoki ongi prestatu gabeak direnean. Arazo nagusia sortzen diren gasek eta akuiferoetara heltzen diren substantziek sortzen dute, arestian aipatutako metal astunek, adibidez.
Orain arte, zabor gehienei (edo guztiei) eman zaizkien bi aterabide nagusiak ez dira, beraz, batere egokiak eta begi-bistakoa da material horiek batu eta birziklatzeko premia. Izan ere, lehen aipatu bezala, oraingoz % 10ak soilik izaten du erraustu eta zabortegira bota aurretik tratamenduren bat. PVCa, adibidez, su-eragozleek dioxina eta furanoa jaurtitzeko sortzen duten arriskua ikusirik, oso gutxi birziklatzen da. Oso zaila omen da su eragozleak bereiztea, eta, jakin ahal izan dugunez, inguruko enpresa batek 26 pezeta kobratzen du tratatzen duen PVC kiloko. Noski, ordenagailuak batu eta birziklatzera eramateko konpromisoa hartuko lukeenak ere atzera egiten du, gauza bat baita muxu truk lan egiteko prest egotea eta oso bestelakoa lana egiteagatik ordaindu behar izatea.
Legedi berriaren premia
Europako Batasunak ingurugiroa eta gizakion osasuna babestea helburu duen arteztarau berria egin zuen 2000. urtean. Arteztarau berriarekin, material elektriko eta elektronikoen ekoizleek hondakinon gestioan dagozkien ardurak hartzea bultzatu nahi da.Hori da, hain zuzen, ekoizleek biziraupen luzeagoko materialak egiteko eta kalte gutxiago eragiten duten substantziak erabiltzeko bidea. Baina guztia ekoizleen esku utzi gabe, arteztarau berriak substantzia arriskutsuen erabilera murriztu egiten du eta erraustu aurreko tratamendua definitzen du. Bestalde, herrialde guztietan material informatikoa batzeko plangintza bateratua jarri nahi da martxan, ondoren, material hori birziklatu ahal izateko.
Material horiek sortzen dituzten arazoen aurrean, oraingoz, Herbehereak, Danimarkak, Suediak, Austriak, Belgikak eta Italiak egin dituzte lege berriak eta bidean dira Finlandia eta Alemania ere. Beste herrialdeek ere hasi beharko dute, lana erraztu ez ezik, lana eman ere egiten duten ordenagailuak non eta nola birziklatu pentsatzen.
Kolore desberdinak, baina antzeko kalteak
Hondakin teknologikoak hiru koloreen bidez sailkatzen dira: zuria, marroia eta grisa. Lerro zurian sartzen dira hozkailuak, garbigailuak, labeak eta sukaldeak. Hiri ertain batean (300.000-400.000 biztanle), urtean mila hondakin ‘zuri’ inguru jaurtitzen da ingurugiroaren kalterako.
Adibidez, paradoxikoa izan arren, hozkailuek klima aldaketan eragina duten gasak jaurtitzen dituzte, 1987an debekatu ziren arte CFC gasak eta geroztik onuragarriagoak suertatu ez diren HCF gasak (ikus Natura 2000.11.19).
Lerro marroian telebistak daude. Jendeak bere kasa botatzen dituen telebistez gain, urtero, hiri ertain batean 1.100 inguru telebista biltzen da.
Azkenik, ordenagailu eta ekipo informatikoek lerro grisa osatzen dute. Oraindik, kopuruz, ez omen dira hondakin teknologiko ugariena, baina inork ez du dudarik egiten nagusitasun horretara laster batean helduko direla.
Telefono mugikorrak ere ordenagailuen bide beretik doaz. Merkatua abiadura ikaragarrian berritzen ari da, eta Gipuzkoan bakarrik, aurten, 200.000 mugikor botako direla uste da. Mugikorrek kristal likidozko pantailak eta elementu toxikoak dituzten bateriak dituzte, eta, beraz, hainbesteko polemika sortu duten antenak ez dira sortzen dituzte arazo bakarrak. Oraindik ez dago mugikor zaharrak botatzeko ontzi berezirik, baina denda batzuetan hartzen dituzte eta pilen ontzi berera ere bota daitezke.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia